Iruñeko Udalak hirian potentzia gehien duen instalazio fotovoltaikoa jarriko du El Lago Mendillorri IPn

Iruñeko Udalak hirian potentzia gehien duen instalazio fotovoltaikoa jarriko du El Lago Mendillorri IPn
Zabalik jarraitzen du Autokontsumorako eguzki-plakak jartzeko dirulaguntza-deialdia esparru pribaturako, eta oraindik 10.000 euro daude eskuragarri

 

 

Iruñeko Udalak onetsi du El Lago Mendillorri IPn instalazio fotovoltaiko bat jartzea, eta hirian potentzia gehien duena bilakatuko da Autobus Geltokikoarekin batera. Udalak abiatutako lehenengo energia-komunitatearen oinarria izanen da, eta dagoeneko horretan lanean ari dira. Halaber, Tokiko Gobernu Batzarrak beste instalazio fotovoltaiko baten lanen adjudikazioa onetsi du Sanduzelain, Civivoxaren eraikina energiaz hornitzeko.

Bi proiektuak aurkezteko prentsaurrekoan, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak gogorarazi du zabalik jarraitzen duela esparru pribaturako Autokontsumorako eguzki-plakak jartzeko dirulaguntza-deialdiak, beste bi jarduketen helburu berarekin. 30.000 euroko zuzkidura du eta oraindik 10.000 euro inguru daude eskuragarri.

Tokiko energia-ekoizpen berriztagarria isurketak murrizteko neurri gisa

Autokontsumorako eguzki-energia elektrikoko ekoizpenak energia erabat berriztagarria sortzen du, isurpenik gabea eta, hortaz, eraikin horien eskari-energetikoak klima-aldaketan duen eragina murrizten du. Aurkeztutako bi instalazioetako ekoizpen-soberakinak, beste kontsumitzaile batzuekin partekatu (beste eraikin batzuk, etxebizitzak, etab.) edo sare elektrikoan txertatu daitezke (eta faktura elektrikoan konpentsatu).

Une hauetan Udalak 31 instalazio ditu,, 411 KWko potentzia instalatuta dutenak,  eta beste bi horiekin % 30 handituko da. Webgunean kontsulta daitezke, ‘Udaleko instalazio fotovoltaikoak’ orrian.

Mendillorriko eguzki-auzo berria martxan jarriko da Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren ondorioz. Jarduketa guztiak ‘Go Green Iruña’ udal-estrategiaren barruan daude, zeinak hirian ingurumen-jasangarritasunaren arloan eta klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduketa guztiak biltzen baititu.

Instalazio horien garapena modu argian gailendu da hirian iaztik aurrera Udalaren babesari esker, Energia Agentziaren webguneko ‘Autokontsumoa hirian’ atalean eskuragarri dagoen informazioan ikus daitekeen bezala. 2019ra arte 584 kW zeuden instalatuta, 2020an 632 kWra igo zen eta aurtengo abuztura arte 177 kWra iritsi da, nahiz eta kW askoz ere gehiago dauden garapen bidean.

Hala udal-eraikinetan eginen diren instalazioak, nola hiriko autokontsumo-instalazioetarako laguntzak aurkeztu berri den hiriko Energia Trantsizio eta Klima-Aldaketarako Iruñeko Estrategiaren 2. Helburu Estrategikoaren barruan daude. Zehazki, 5. Ildo Estrategikoan, hirian banatzen den energia berriztagarrien ekoizpenaren garapena definitzen da, hiriko energia eskariaren % 37 Energia Berriztagarriak izatea lortzeko xedez.

16.000 euroko aurrezki ekonomikoa urtero

Tokiko Gobernu Batzarrak El Lago de Mendillorri IPko proiektuaren eta obrak egitearen adjudikazioa onetsi du. Proiektuak 99 KWn/101 kWn-ko autokontsumo partekaturako energia fotovoltaikoa sortzeko instalazio berri bat dakar, sare publikoaren bidezko konexioarekin. Aurreikusita dago instalazioak batez beste 109.498 Kwp sortzea urtero.

Energia horren balio ekonomikoa urtean 16.000 eurotik gorakoa izan daiteke, eta azkeneko balioa energia elektrikoaren kostuen eta energia-komunitatean parte hartzen duten autokontsumitzaileek energia hori zenbateraino aprobetxatzen duten araberakoa izanen da. Metallbauen Solar SL enpresari adjudikatu zaio, 77.576 euroan, eta proiektua eta obraren zuzendaritza GE Asociadosek eginen du.

Instalazioa eraikinaren sabaiaren gainean jarriko da, Aintzirako kaleko 4. zenbakian dagoen eraikinaren Iparreko eta Ekialdeko blookeetako estalkietan. Eremu fotovoltaikoak eguzki-energia energia elektriko bihurtuko du. Horretarako 530 Wp-ko 192 modulu fotovoltaiko jarriko dira elkarri konektaturik, zeinak 25 urtez % 95eko ekoizpen bermea baitute. Proiektuaren jasangarritasuna bermatzeko, egituraren fabrikatzailea gertukoa izanen da karbono-aztarna ahalik eta txikiena izan dadin. Gainera, sarerako hiru konexio-inbertsore jarriko dira Ingeteam fabrikatzaile nafarrak eginak, 33 kWko potentzia nominalekoak, 99 kWko autokontsumoa lortze aldera.

Halaber, monitorizazio-sistema bat jarriko da, eta bertara irauliko dira produkzioari eta alarmen kudeaketari buruzko datu guztiak. Informazioa dibulgazio-pantaila batera eramanen da eskola-komunitateak funtzionamendua ezagutu dezan eta energia berriztagarrien garrantziari buruz kontzientziatzeko.

Eraikinak sarera isurtzen duen energia fotovoltaikoa sortzeko instalazio bat du, eta erabilgarri jarraituko du estalkiko beste toki baten birkokatuta. Instalazio horren datuak ere instalazio berriaren monitorizazio-sisteman sartuko dira.

Eguzki-energia aprobetxatzea eta egonaldiko espazio abegitsuago bat sortzea

Udal Energia Agentziak ere 31,7 KWp/25 kWn-ko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea bultzatu du Sanduzelaiko Civivoxaren ondoko pergolan, 38.500 kWh sortuko dituena. Sortutako energia horrek 6.000 euro inguruko balioa izanen du, energia elektrikoaren balioaren eta sarera isuritako soberakinen aldean zuzeneko autokontsumoaren ehunekoaren arabera.

Lanak Eos Ingeniería SL enpresak eginen ditu, 42.874,22 euroko inbertsioaz. 72 moduluko eta inbertsore bateko instalazio bat izanen da, zeinak gizarte-etxea energiaz hornituko duen bere kanpoko energia-mendekotasuna % 13an murriztuz. Proiektua Xabier Zubialde Legarreta, Energía, Ingeniería y Sostenibilidad enpresak egin du.

Energia berriztagarriaren erabilera bultzatzeaz gain, lanek estalitako eta itzaleko eremu berri bat sortzea ekarriko dute berekin, egungoa baino egonleku abegikorragoa izan daitekeena, tenperatura altuak edo euria dauden uneetan ere erabili ahal izanen dena. Markesinak 215 m2-ko azalera 4 metroko altuera ditu, eta gaur egun ez du estalkirik. Eserlekuak eta haur-parke bat dituen espazioak funtzionaltasuna hobetuko du, pertsonengan eta espazio publikoaren erabileran pentsatuz, baita eguzki-energiaren aprobetxamenduan ere.

Instalazioaren euskarria izanen den egurrezko pergolaren egonkortasuna egiaztatu eta eguneratuko da. Gainera, egituraren erabateko mantentze-lanak eginen dira. Instalazioa egiteko orduan, Mendillorrikoan bezala, gertuko hornitzaileekin lan eginen da.

Laguntza instalazio fotovoltaiko partikularrei

Iruñeko Udalak zabalik dauka urriaren 31ra bitarte Autokontsumorako eguzki-plakak jartzeko dirulaguntza-deialdia, zeinak banakako autokontsumorako eta kontsumorako instalazio fotovoltaikoei laguntza ematen baitie. Lehenengo kasuan 2.000 eurora arte jaso daitezke eta bigarrenean 4.000 eurora arte. Dirulaguntzaren xede diren instalazioak 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egin behar dira.

Energia horiek eraikin pribatuetan haziarazten laguntzeko xedez, 10.000 euroan handitu da partida, iazko deialdiarekin alderatuta. Udala 2018an hasi zen era horretako laguntzak ematen, eta iaz amaitu egin ziren, lehenbiziko aldiz, dirulaguntza horietara esleitutako 20.000 euroak. Esan daiteke 2020an instalazio horien hazkundearen hasiera eman zela eremu pribatuan. Izan ere, lehen instalazioak 2015ean hasi ziren, eta araudia aldatzearekin bat, 2019an era horretako energia-instalazioen erregistro ofiziala hasi zen (bertan txertatu behar izan ziren ere aurreko urteetan egindakoak).

Ekitaldi honetan, dagoeneko 9 instalaziok eskatu dute laguntza hori, eta oraindik ere eskuragarri dago heren bat, gutxi gorabehera. Azpimarratzekoa da 9 horietatik bi autokontsumo partekatuko modalitatean egin zirela, eta modalitate hori iaz inauguratu zela hirian lehen aldiz, laguntza horiei esker.

¿Te ha sido útil esta página?