Iruñeko Udalak herritarren laguntza baliatu nahi du landareak erabiliz hiriko airearen kalitatea neurtzeko

Iruñeko Udalak herritarren laguntza baliatu nahi du landareak erabiliz hiriko airearen kalitatea neurtzeko
Laugarren urtez, Herritarren zientzia laborategiak landareak jarriko ditu Iruñeko biribilguneetan eta leiho eta balkoietan, gero aztertu ahal izateko

Iruñeko Udalak eta IDAB-CSIC Agrobioteknologia Institutuak herritarren zientziako proiektu bat antolatu dute elkarlanean laugarren urtez: parte hartzen dutenek modua izanen dute beren kalean edo plazan airea zenbateraino kutsatuta dagoen jakiteko.  Horretarako, nahikoa izanen da landare bat leihoan edo balkoian edukitzea hilabete eta erdiz. Gero aztertu eginen dute landare hori, eta horrela jakinen dute hiriko zer tokitan duen aireak kalitaterik onena, eta non kutsadurarik handiena. 

Udalak berrogeita hamar llollobelar landare (Lolium multiflorum) banatuko ditu ikerketan parte hartu nahi dutenen artean. Herritarren zientziako proiektu horretan parte hartzeko, nahikoa da Iruñean bizitzea eta aurrez izena ematea Herritarrendako Arreta telefonora deituta: 010 edo 948 42 01 00 (telefono mugikorrarekin edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deitzen bada, bigarren telefonoa erabili behar da). Landarea etxeko edo lantokiko leihoan edo balkoian eduki behar da, udalerrian bertan, 45-60 egun inguruz.

Ausazko laginketa horrez gain, leku publikoetan ere eginen dute beste laginketa bat, bigarren urtez jarraian. Udalak beste 50 landare jarri ditu dagoeneko Iruñeko biribilguneetan eta kale eta etorbideetako erdibitzaileetan. Hala, bi laginketetako emaitzak elkarren osagarriak izatea da helburua, zehatzago jakiteko aireak zer kalitate duen Iruñean. Proiektu horri esker, herritarrek zehatz-mehatz jakin ahal izanen dute aireak zer metal dituen beren kalean. Toki publikoetan eginen duten laginketari dagokionez, landare batzuk zirkulazio handiko eremuetan jarri dituzte, eta beste batzuk, trafiko gutxiagoko tokietan, alderaketak egin ahal izateko. Gainera, alderaketak egin nahi dituzte semaforoak dauden tokien eta semafororik gabeko inguruen artean, zirkulatzeko modua aldatu egiten baita, eta landaredia asko duten lekuak hain berdeak ez direnekin ere konparatu nahi dituzte.

Hiriko hamabi toki ezarri dituzte horretarako. Hainbat tokitan jarri dituzte, beraz, landareak: Landaben industrialdean, trafiko handiko biribilgune eta erdibitzaileetan, hala nola Foruen plazan eta Sanduzelaiko biribilgunean, Cuatrovientosen, Armada etorbidean, Merindadeen plazan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruan. 

Otsailaren 18ra arte eman daiteke izena
Landare bat hartu nahi dutenek otsailaren 18a baino lehen eman behar dute izena, herritarrendako arretarako telefonora deituta: 010 (948420100). Udalak informazio-saio bat eginen du izena ematen duten herritarrekin, otsailaren 19an, 18:30ean, Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Iker Aranjuelo IDAB-CSIC Ikerketa Zientifikoaren Kontseilu Nagusiaren Agrobioteknologia Institutuko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmoaren nondik norakoen berri emanen die, eta landareak banatuko dituzte. 

Apirilaren 2an Agrobioteknologia Institutura eraman beharko dira berriz: parte-hartzaileek aukera izanen dute laborategia bera eta landareak aztertzeko prozesua ikusteko. Egun horretan joan ezin dutenek Ingurumen Hezkuntzako Museoan uzten ahalko dute landarea, museoa zabalik dagoen ordutegian. Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran berriz deituko zaie proiektuan parte hartu duten herritarrei, emaitzen berri emateko. 

Segida historikoa
Aurtengo laginketaren emaitzak kontuan hartuta, Udalak lau urtez jarraian eginiko laginketen segida historikoa izanen du, eta airearen kalitateak izan duen bilakaera aztertzen ahalko da inguruaren arabera. Toki batzuk eta besteak alderatzeko modua emanen du horrek, eta beraz, hirian zer behar dauden jakinen da eta informazio hori baliatu ahal izanen da etorkizuneko plangintzak eta neurriak zehazteko. 

Orain arteko emaitzen arabera, hiriguneetako airearen kutsadura garraio pribatua erabiltzeak eragindakoa da nagusiki. Aurtengo ikerketak badu berrikuntza bat ordea: zirkulazio handiko eta txikiko tokien analisi konparatiboa eginen dute. Besteak beste, zirkulazio handia izaten den tokietako biribilguneak, semaforodun bideak eta semafororik gabekoak, eta zuhaitzak dituzten kale eta etorbideak eta zuhaitzik ez dutenak alderatu nahi dituzte.

Herritarren zientziako proiektu hori Udalak kultura klimatikoaren alde egiten duen apustuaren erakusgarri da, eta Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren (ETETAKAE 2030) barruan egiten da.


HERRITARREN ZIENTZIA

Izen-emateak: otsailaren 18ra arte (12:00)

010 edo 948420100 telefonora deituta

Doako jarduera

Saioak:

  • Otsailaren 19an, 18.30ean. Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Argibideak emateko hitzaldia eta landareen banaketa
  • Apirilaren 2an, 18:30ean. Agrobioteknologia Institutuan (Iruñeko etorbidea 123, Mutiloabeiti). Loreontziak bueltan ekartzea eta laborategira bisita
  • Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran. Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Emaitzen berri emateko hitzaldia

 

¿Te ha sido útil esta página?