Iruñeko Udalak harrera egin dio Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioari, igandera bitarte iraunen duen XXXI. Kultur Astea ospatzen ari den honetan

Iruñeko Udalak harrera egin dio Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioari, igandera bitarte iraunen duen XXXI. Kultur Astea ospatzen ari den honetan
Gaztela eta Leonen etxea da aurtengo anfitrioia, bertan gauzatuko baita eskualde-dantzak, gastronomia eta Donejakue Bidearen tarte bat hartzen dituen ekitaldi-programa
Recepción casas regionales


Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kide batzuek parte hartu dute Udalak gaur goizean antolatutako ekitaldian, non harrera egin baitzaio Nafarroako Eskualde Etxeen Federazioari, ostegunetik igandera bitarte egin behar duen XXXI. Kultur Astearen ospakizunaren kariaz. Federazioa osatzen duten zazpi eskualde-etxeen ordezkariak bertaratu dira, eta haien artean aurten Kultur Astearen anfitrioia izanen den Gaztela eta Leonen Etxekoak.
 

Ekitaldian, Udaletxeko harrera-aretoan, Iruñeko alkateak hitz egin du Federazioaren lanari aintzatespena egiteko.  Jaime Valdeolmillos Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioko presidenteak eskertu du Udalak ematen dien laguntza bere jarduerarik garrantzitsuena den Kultur Astea antolatzeko. Udalak Udaletxeko fatxadaren kopia bat eman dio Gaztela eta Leonen Etxeko presidentea ere baden Federazioko presidenteari. Bestalde, Federazioak gaztelar usategi tipikoa oparitu dio Udalari.

 

Casas regionales


Nafarroako Eskualde Etxeen Federazioa duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen, hemen bizi ziren erkidego ezberdinetako biztanleak elkartzea xede harturik, bai kultur helburuak betetzeko, bai administrazioen eta ordezkatzen dituzten autonomia erkidegoen arteko harremanak estutzeko. Halaber, bere sorreraren beste zio bat izan zen, baita ere, Autonomia-erkidegoetako ohiturak, artea eta folklorea elkarren artean ezagutarazteko eta zabaltzeko antolatzen diren jarduerak lagundu eta babestea, eta erakusketen, hitzaldien eta elkarrizketen antolakuntza koordinatzea. Federazioa zazpi zentro hauek osatzen dute: Aragoiren Etxea, Kantabriaren Etxea, Gaztela eta Leonen Etxea, Nafarroako Extremaduraren Txokoa, Lar Gallego, Valentziar Erkidegoaren Etxea eta La Encina Extremaduraren kultur etxea –Altsasun du egoitza–.
 

XXXI. Kultur Astea ostegunean hasi zen, honako ekitaldi hauen bidez: banderen desfilea, pregoia –Francisco Vázquez Requero Gaztela eta Leongo Gorteetako presidenteak emana– eta etxe bakoitzeko ohorezko damei bandak ezartzeko ekitaldia. Jarduerek arratsaldean jarraituko dute, Eskolapioetako patioan, 19:00etan, honako jarduera hauekin: senidetze-ekitaldia Nafarroako Zainzuriaren Kofradiarekin eta federazioa osatzen duten erkidegoetako plater tipikoen dastaketa.
 

Larunbatean desfile bat eginen dute eskualde-etxeetako taldeek, zeinek bere egoitzatik Sarasate pasealekuraino. 11:00etan meza bat izanen da San Nikolas elizan, Celemin taldeak girotutako musika tradizionalez eta lore-eskaintzaz Pilarreko Andre Mariari. 13:00etan, taldeak desfilean abiatuko dira Karlos III.aren etorbidean barna Nafarroako Jauregian egitekoa den harrera tokira. 13:30ean, eskualdeetako dantzen erakustaldia eta hamaiketakoa, agintariekin eta eskualde etxeen ordezkariekin. Arratsaldean, Mayalde taldeak musika-emanaldi bat eskainiko du Juslarrocha Civivoxean. Azkenik, iganderako, kultur irteera bat dago antolaturik, goizeko lehen orduan, 08:30ean, Mañeru eta Lizarra arteko Donejakue Bidearen tartea egiteko. Ega ibaiaren hirian daudela, bisita gidatu bat hirian zehar eta senidetasun-bazkaria egitea aurreikusi da.