Iruñeko Udalak gizarteratze arloko zazpi teknikari kontratatu ditu, hiriko 14 ikastetxe publikotan eskola-sustatzaile gisa aritu daitezen

Iruñeko Udalak gizarteratze arloko zazpi teknikari kontratatu ditu, hiriko 14 ikastetxe publikotan eskola-sustatzaile gisa aritu daitezen
Lanaldi osoko lanpostu horiei esker, bikoiztu egin da profesionalen kopurua: 2023az geroztik 3tik 7ra igo da, ikasleei eta familiei arreta emateko xedez

Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorrak gizarteratze arloko zazpi teknikari kontratatu ditu, hiriko 14 ikastetxe publikotan eskola-sustatzaile eta gizarte- eta kultura-bitartekari gisa aritu daitezen. Teknikari horiek inklusioa xede duten gizarte eta hezkuntzako proiektuetan esku hartuko dute, nola ikasleekin hala familiekin lan eginez. Lanaldi osoko lanpostu horiei esker, bikoiztu egin da profesionalen kopurua: 2023az geroztik 3tik 7ra igo da.

Neurria prentsaurrekoan aurkeztu du Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako Alorreko zinegotzi ordezkariak. Nafarroako Gobernuaren laguntza-deialdi baten bidez kontratatu dira zazpi teknikariak, eta 14 ikastetxe hauetan esku hartuko dute: Doña Mayor IP, García Galdeano IP, Mendillorri BHI, Mendillorri HLHIP, Cardenal Ilundain HLHIP, Iturrama HLHIP, Buztintxuri HLHIP, San Jorge HLHIP, Ermitagaña HLHIP, Navarro Villoslada BHI, Vázquez de Mella HLHIP, Gurutzeko plazako BHI, Iturrama BHI eta San Frantzisko HLHIP. Hezkuntza Departamentuak 140.000 euroko dirulaguntza eman du, 20.000 euro langile bakoitzeko.

Eskola-sustatzailea zuzentzaile gisa aritzen da, eta ikastetxeek egindako balorazioaren arabera, egiten duen lana eraginkorra dela frogatu da dagoeneko, betiere aintzat hartuta eskola-ingurunearen testuingurua gero eta konplexuagoa dela, bai gizarte- eta kultura-aniztasunarekin lotutako zioengatik, bai herritarrak lekualdatzearen ondorioz. Ikastetxeak eremu egokitzat jotzen dira prebentziozko ikuspegi komunitario batetik adingabeekin, familiekin eta irakasle-taldearekin lan egiteko, eta horri esker, epe ertain eta luzeko esku-hartzeen emaitzak hobetzen dira. 

Eskola-sustatzaileak ikasleen eskola-absentismoari heldu eta aurrea hartzen diote hezkuntza-maila guztietan, eta horrez gain, arrisku- eta gatazka-egoerak hauteman eta haietan esku hartzen dute. Arrisku-faktoreak dituzten taldeekin egiten dute lan, eta jardunaldiak egiten dituzte ikastetxera joaten ez diren ikasleekin. Halaber, berandu eskolatu diren ikasleak lagundu eta babesteaz arduratzen dira, eta eskolara eta eskolaz kanpoko ekintzetara bertaratzeari buruzko “akordioak” gainbegiratzen dituzte.

Familiei dagokienez, sustatzaileek bitartekari-lanak egiten dituzte familien eta ikastetxearen artean, familien parte-hartzeak eta eskola-absentismoko kasuek hobera egin dezaten. Era berean, zailtasun-egoerei aurrea hartu eta tresnak jartzen ditu familien eskura, gehiago garatu daitezen. Ikasturteko lehen egunetan familiekin jartzen dira harremanetan, eta baliabideak baliatzeari buruzko aholkuak ematen dizkiete, abiapuntu-egoera hobetu eta kudeatu behar diren kontu guztietan laguntza emateko.  Sustatzaileek, gizarte-entitateekin batera, esku-hartze mekanismoak ezartzen dituzte absentismo-egoerak dituzten familiekin. Halaber, laguntza eta babesa eskaintzen dizkiete haurrak berandu eskolatu dituzten familiei, eta gurasoak prestakuntza-jardueraren batera bertaratzeari buruzko “akordioak” gainbegiratzen dituzte. 

Iruñeko Udala 7 urtez aurkeztu da Nafarroako Gobernuaren laguntza-deialdira, eskola-sustatzailea edo gizarte- eta kultura- bitartekariak kontratatzeko. Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotziaren iritziz, “programa mota hauek funtsezkoak dira haur guztien aukera-berdintasunean aurrera egiteko. Zalantzarik gabe, prestakuntza on bat belaunaldi berriek izaten ahal duten tresnarik hoberena da nork bere etorkizuna lantzeko.” 
 

¿Te ha sido útil esta página?