Iruñeko Udalak, etxebizitzen eredu alternatibo gisa, etxebizitza kooperatiboen erabilera lagatzeko hiru proiektu bultzatu ditu Alde Zaharrean eta Buztintxurin

Iruñeko Udalak, etxebizitzen eredu alternatibo gisa, etxebizitza kooperatiboen erabilera lagatzeko hiru proiektu bultzatu ditu Alde Zaharrean eta Buztintxurin
Otsailaren 18an ‘Hemen bizi al gara?’ jardunaldia eginen da, Etxebizitza Eskuragarriaren Planean jasota dagoen eredu horri buruz hitz egiteko

Iruñeko Udala etxebizitzen eredu alternatiboak bultzatzen ari da: besteak beste, Etxebizitza Eskuragarriaren Planean jasota dagoen erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboa.  Ekimen horiek herritarrei ezagutarazteko asmoz, informazio-kanpaina bat jarri da martxan. Informazio-kanpainaren hitzordu nagusia otsailaren 18an Kondestablen eginen den ‘Hemen bizi al gara?’ jardunaldia izanen da, eta bertan, aipatutako erabilera lagatzeko eredu horretan sakonduko da. 

Iruñeko Udalaren arabera, jardunaldian aurkeztuko diren hiru udal-lurzatiak gune egokiak izan daitezke erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboen etxebizitza-proiektuetarako. Hiru lurzati horiek toki hauetan daude: kale kale Nagusiko 14. zenbakian eta Descalzos kaleko 82. zenbakian Alde Zaharrean, eta Trenbideko kaleko 2. zenbakian Buztintxurin. Toki horietako bakoitzean QR kode bat jarri dute, eta haren bidez herritarrek zalantzak eta etxebizitza-eredu horri buruzko beharrak kontsultatzen ahalko dituzte. 

Parte-hartzaileei hainbat proiekturen berri emanen zaie, eta etxebizitza kooperatiboen erreferenteek parte hartuko dute, eredu horren onurak eta funtzionamendua azaltzeko. Gainera, elkarrizketa sustatu eta herritarren parte-hartzea bultzatuko da, etxebizitza-proiektu berriak diseinatzeko eta etxebizitza alternatiboen eredu horiek sustatzen dituzten politika publikoak egonkortzeko. Jardunaldia 17:00etan hasiko da, eta izen-ematea doan da: online inprimaki baten bidez egin behar da. Etxebizitza kooperatiboei buruzko informazio guztia www.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahalko da https://www.pamplona.es/eu/etxebizitza-kooperatiboa estekaren bidez. 

Etxebizitza-kooperatibak

Etxebizitza-kooperatibak pertsonak batzen dituzten elkarteak dira, etxebizitza-proiektu bateratuak egiteko. Haien funtzionamendua printzipio hauetan oinarritzen da: autogestioa, elkartasuna eta parte-hartze demokratikoa. Nafarroan, eredu hori tokian tokiko beharretara egokitzen ari da, berrikuntza arkitektonikoa eta ingurumen-jasangarritasuna uztartuta eta pertsonak ardatz dituen ikuspegia oinarri hartuta.  Etxebizitza-kooperatiben mota desberdinak daude, horien artean erabilera lagatzeko etxebizitza. Etxebizitza-kooperatiben mota horrek kolektiboki kudeatzen ditu etxebizitzak, irisgarritasuna bermatzeko eta espekulazioa eragozteko. 

Erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboak jabetza kolektiboa eta erabilera indibiduala uztartzen ditu. Etxebizitza bat erostearen ordez, pertsonak higiezinen jabe den kooperatibaren parte dira.  Egoiliarrek etxebizitza erabiltzeko eta etxebizitzaz gozatzeko eskubidea dute, hasieran egiten den diru-ekarpen baten eta hileko kuota eskuragarri baten truke. Eredu horrek komunitate-lankidetza eta jasangarritasuna ditu ardatz, eta partekatutako guneak eta erabaki kolektiboak sustatzen ditu. Gainera, higiezinen espekulazioa eragozten da, higiezin horien jabetza kooperatibari baitagokio, eta, beraz, ezin izanen zaizkie saldu edo alokatu kolektibo horretatik kanpo daudenei.

Iruñeko Udalaren Etxebizitza Eskuragarriaren Plana

Etxebizitza Eskuragarriaren Planaren helburua etxebizitza eskuratzea erraztea da, egungo gizarte- eta hirigintza-joerekin bat datozen etxebizitzen alternatibak bilatuta. Udalak 2022an egin zuen Iruñeko Etxebizitza-premiei Buruzko Diagnostikoaren arabera, familiek, batez beste, errentaren % 45 erabiltzen dute etxebizitzen kostua ordaintzeko. 

Beste datu batzuen arabera, emantzipatzeko adina 29,7 urtera igo da (2015ean baino 2,3 urte gehiago), eta etxerik gabeko pertsonen kopuru kezkagarria handitu egin da azken hamarkadan. Erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboa higiezinen merkatuaren erronkei eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko planteatzen da, bai eta komunitate-bizitza sustatzeko ere. 

¿Te ha sido útil esta página?