
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (NEBZ-CEIN) Iruña Ekintzaile programa jarri dute martxan berriro. Aurten, Nafarroako hiriburuko merkataritza sustatu eta indartzea du xede. Merkataritzaren sektorean hasi nahi dutenei eta negozioa hobetu edo erreleboa hartuko dien norbait bilatu nahi dutenei zuzenduta dago.
Gaur prentsaurreko bat egin dute programa aurkezteko Mikel Armendariz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Uxue Itoiz Mariñelarena NEBZ-CEINeko zuzendari kudeatzaileak. Programaren webgunean ikusten ahal da informazio guztia: Iruña Ekintzaile – Pamplona Emprende.
Alde batetik, Iruñeko merkataritzaren sektorean hasi nahi dutenei zuzenduta dago Iruña Ekintzaile programa, dela ideia propio batetik abiatuta, dela dagoeneko martxan den negozio baten ardura hartuta. Bestetik, negozio-estrategia optimizatu eta hobetu nahi duten merkatariek ere parte hartzen ahalko dute programan, bai eta saltokia eskualdatu nahi dutenek ere.
Programaren barruan hainbat jardunaldi eginen dituzte merkataritzari lotutako gaiak jorratzeko. Helburua da bai hasiberriei eta bai finkatutako merkatariei prestakuntza ematea eta ikuspegi berriak erakustea. Lehen saioa apirilaren 14an izanen da, astelehenarekin, Salestarren egoitzan, 11:00etan. Lehen jardunaldi horretan, hiriko merkataritzan dauden joerak eta aukerak jorratuko dituzte, eta bereziki, merkatariak lider izatearen garrantzia; halaber, gaur egungo joerak sormenaren bidez hiriko merkataritzan nola gauzatu aztertuko dute.
Merkataritzan espezializatutako ibilbidea
Iruña Ekintzaile programak merkataritzan espezializatutako ekintzailetza-ibilbide bat eskaintzen du, parte-hartzea eta lankidetza oinarri hartuta. Parte hartzen duen orori negozio berri bat sortzen, dagoeneko ezarrita dagoen negozio bat indartzen edo saltoki bat eskualdatzen laguntzea da helburua. Hiru profil horiek ardatz hartuta, esperientziak, beharrak eta aukerak aztertuko dituzte, Iruñeko merkataritza-ekosistema aberasten eta indartzen laguntzeko.
Horretarako, sei asteko lan-ziklo bat eginen dute, urtean hirutan: maiatzean, abuztuan eta urrian. Sei aste horietan, saio teoriko eta praktikoen programa bati jarraituko diote, eta gaur egungo merkataritzaren joerak eta saltokiak nola sortu eta garatu landuko dute. Halaber, banakako tutoretza-saioak ere izanen dituzte maiztasun jakin batekin, parte-hartzaileei prozesuan laguntzeko.
Gainera, hiriko merkatarien elkarte guztiak programarekin elkarlanean ariko dira aurten: Iruñeko Alde Zaharra Elkartea; Iturramako Merkatarien Elkartea; Martín Azpilicuetako eremuko Merkatarien Elkartea; Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldeako Merkatarien Elkartea; Sanduzelaiko Merkatarien Elkartea; Nafarroako Merkatarien Elkartea; Zabalguneko, Lezkairuko eta Erripagaiñako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Elkartea; Txantreako Merkatarien Elkartea, eta La Rotxa Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea.
Iruña Ekintzaile programak leku mugatuak eskaintzen ditu, eta hautagaitza aurkezteko NEBZ-CEINen webguneko inprimakia bete behar da: www.cein.es/irunaekintzaile-pamplonaemprende. Hona hemen NEBZ-CEINen harremanetarako datuak: comercio@cein.es helbide elektronikoa eta 848 430 030 telefonoa.
HIRU ASTEKO ZIKLOAK URTEAN HIRUTAN (MAIATZEAN, ABUZTUAN ETA URRIAN)
1. Iruñeko merkataritzaren testuingurua aztertzea
o Bateratze-lana eta sektorearen erronkak aztertzea
2. Merkataritzako joerak
o Joerak identifikatu eta Iruñera egokitzea
3. Elkarrekin estrategiak sortzea
o Merkataritzako estrategia berritzaileak diseinatzea
4. Ekintza-plan pertsonalizatua diseinatu eta proposatzea
o Bateratze-lana eta sektorearen erronkak aztertzea
5. Ekintza-plana martxan jartzea
o Negozio-eredua: diseinatu eta indartzea, banakako tutoretzak eta negozioa eskualdatzen laguntzea
6. Emaitzak aztertzea
o Lantegian lortutako emaitzak eta saltokietan martxan jarri ondorengo esperientziak bateratzea