Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak Nafar Lansareren bidez udal mugartean Konekta programa martxan jartzeko lan eginen dute. Programa hori errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen duten 30 urtetik beherakoen lan aktibaziorako proposamen bat da. Programaren xedea da 90 pertsonari laguntzea hurrengo sei hilabeteetan. Konekta programak 99.092 euroko aurrekontua du eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago.
Programa horrek Iruñean bizi diren, eta errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen duten edo onuradurak diren 30 urtetik beherako gazteak laneratzen laguntzea du xede. Horretarako, hobekuntza-arloen diagnostikoa egin eta profil eta ibilbide pertsonalizatuak prestatzen dira. Profil eta ibilbide horiek tutoretza eta aholkularitza indibidualizatu eta jarraituaren bidez garatzen dira, parte-hartzaileen zeharkako konpetentziak eta konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-jardueren garapenean oinarritutako metodologiarekin.
Gaur goizean, Txema Mauleón Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariarekin bildu da bere bulegoan. Topaketan Rubén Unanua Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria eta Miriam Martón Nafar Lansareko zuzendaria ere izan dira.
Konekta proiektua Nafarroako Enplegurako Orientazio, Ekimen, Akonpainamendu eta Berrikuntza Zentroaren 2024ko lan-plangintzaren barruan dago. Proiektuaren guztizko kostutik, 72.029,93 euro proiektua gauzatzeko lan egiten duten langileendako izanen dira eta 27.000euro zeharkako gaitasunei eta gaitasun digitalei buruzko prestakuntza garatzeko gastuetarako.
Beharrak identifikatzea eta ibilbideak proiektatzea
Programa horretan, Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du Nafar Lansarek bideratzen dituen gazteei deitzeko proiektuan parte har dezaten, eta Gazte Bermea Sistema Nazionala erabiltzen dutenei informazioa emateko. Hortik aurrera, Udalak aurkeztutako hautagaiak aukeratzeko triajea eginen du Nafar Lansareren tresnaren bitartez.
Behin programaren barruan, Udaleko teknikariek diagnostikoa egiteko 60 minutuko elkarrizketak eginen dituzte gaitasun-profila ebaluatzeko eta interesdunak eginen duen ibilbide pertsonalizatua diseinatzeko. Horretarako, udalak B mailako lanbide-profila duten hiru pertsona kontratatuko ditu, gehienez ere sei hilabeterako, eta betiere 2024ko irailaren 30a baino lehen. Abiatutako prozesu bakoitzean lan-bitartekaritza bat egin beharko da, mugikortasuna kudeatzen lagunduta, eta, amaitzeko, kasuz kasuko azken balorazioa egin beharko da.
Ibilbidearen barruan nahitaez egin beharreko jardueren artean, zeharkako gaitasunei eta oinarrizko alfabetatze digitalerako proposamenei buruzko prestakuntza-ekintzak aurreikusita daude.
“Topaketa gertagaitzak” metodologia gisa
Zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak, besteak beste, honako arlo hauek hobetzera bideratuko dira: autokonfiantza, komunikazioa, zereginak betetzea, denboraren kudeaketa, gizarte-trebetasunak, lorpenerako orientazioa edo sormena eta berrikuntza. Erabiliko den metodologia "topaketa gertagaitzak" sortzean/antolatzean oinarrituko da. Hau da, Konektan parte hartzen dutenei hainbat historia, jatorri eta bizi-egoera aurkezten zaizkienez, proiektu honetan sustatuko ez balira elkar ezagutzea oso zaila izango litzatekeen pertsonekin elkartzeko, harremanak izateko eta komunikatzeko aukera emanen dieten espazioak sortuko dira.
Topaketa posibleen artean, enpresa-mundura hurbiltzeko saioak eginen lirateke, kontratazio-beharra duten sektore ekonomikoetako enpresa-ordezkariekin, lan-ibilbide arrakastatsuak dituzten parte-hartzaileenen antzeko ibilbideak dituztenekin, prestakuntza-eremuetako ordezkariekin (Lanbide Heziketa, Unibertsitatea, lanbide-ziurtagiriak, lantegi-eskolak) edo prestakuntza-zerbitzuak eta laneratze-ibilbideak eskaintzen dituzten gizarte-erakundeekin.
Mundu digitala
Ibilbide pertsonalizatuen plangintzan eta garapenean oinarrizko alfabetatze digitaleko prestakuntza-ekintzak ere jasoko dira, nahitaez. Hala, honako hauek landuko dira: ordenagailuaren oinarrizko erabilera, nabigazioa eta online informazioa bilatzea, hodeian biltegiratzea (google drive), posta elektronikoaren erabilera edo online izapideak egitea, hala nola Cl@ve iraunkorra, NLren app-a edo aurretiazko hitzordua lortzea eta maneiatzea.
Zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak zein mundu digitalekoak, ahal dela, taldeko jardueretan gauzatuko dira. Taldeak gehienez ere 20 pertsonakoak izanen dira ekintza bakoitzeko, eta gutxienez 15 orduko iraupena izanen dute. Azken ekintzetan, bertaratzea baliozkotuta geratuko da hala eskatzen duenak espezialitate hori egin badu, eta dagokion akreditazioa Nafar Lansaren aurkeztu beharko du.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sei hilabetetan 90 pertsonaren lan aktibaziorako lan eginen dute Konekta programaren bidez