Iruñeko Udalak datozen egunetan beste zazpi segurtasun kamera instalatuko ditu hiriko diskoteken eta aisia-eremuen kontrola guztiz osatzeko

Iruñeko Udalak datozen egunetan beste zazpi segurtasun kamera instalatuko ditu hiriko diskoteken eta aisia-eremuen kontrola guztiz osatzeko
Guztira, hamahiru kamerak zainduko dute segurtasuna Milagrosako, Donibaneko, Erletokietako eta Bigarren Zabalguneko aisia puntu zehatzetan
camaras


Udalak datozen egunetan amaituko du hainbat diskotekaren inguruak eta hiriko beste aisia-eremu batzuk kontrolatzeko segurtasun kameren instalazioa. Jarriko dituzten zazpi kamerak dagoeneko zenbait establezimenduen inguruak zaintzen dituzten beste seiei gehituko zaizkie. Guztira, hamahiru kamera izanen dira, gatazkatsuak izaten ahal diren eremu batzuetan segurtasuna handitzeko,  ikasturtearen hasiera dela eta hirian gaueko aisialdia areagotzen den une batean. 

Iruñeko Udalak 68.375 euro inbertitu ditu segurtasun kamera horiek erosteko. Helburuak hiru dira: prebentziozkoa eta limurtzailea; behaketa bidezko kontrola, eta delituak argitzeko laguntza. Orain arte instalatutako kamerak funtsezkoak izan dira hirian gertatutako zenbait delitu argitzeko. Aisia-eremuak eta diskoteka eta establezimendu jakin batzuen inguruak kontrolatzen dira Milagrosan, Erletokietan, Donibanen eta Bigarren Zabalgunean. 

Martxoaren amaieran, Udalak, diskotekek eta Iruñeko beste aisialdiko lokal batzuek hitzarmen bat sinatu zuten, hiriko establezimendu eta eremu horien segurtasuna hobetzeko ahaleginak bateratzeko konpromisoa hartuz. Hitzarmenak aisia arduratsua sustatzearen eta arma zurien erabilera –hala lokalen barruan nola inguruan– desagerraraztearen aldeko apustua egiten du, indarkeriazko delituen prebentzio-neurri gisa.

Ostalaritzako establezimenduek konpromisoa hartu zuten arma zuriak edo elementu zorrotzak zeramatzaten bezeroei sartzen ez uzteko. Kentzen zaizkien armak Udaltzaingoari ematen zaizkio, eta hark metal detektagailuak ematen dizkie establezimenduei. Udaltzaingoak kontrolak egiten ditu aisia eremuetan eta borrokak eta delituzko jarrerak prebenitzeko dispositiboak ezartzen ditu. 
 

¿Te ha sido útil esta página?