Iruñeko Udalak bizilagunendako 234 aparkatzeko toki gaituko ditu Milagrosa-Arrosadian

Iruñeko Udalak bizilagunendako 234 aparkatzeko toki gaituko ditu Milagrosa-Arrosadian
Aparkatzeko tokiak zuzkidura-lurzati publiko batean eginen dira, eta udaren ondoren amaituta egonen dira
Milagrosa

 

Iruñeko Udalak 234 aparkatzeko toki gaituko ditu Milagrosa-Arrosadian, 6.545,70 m2-ko orube bat egokituta, bizilagunendako berariazko aparkaleku gisa. Espazioa auzoaren hegoaldean dago, Blas de la Serna eta Ultzama Errekaren kalearen artean. Aparkaleku berria egiteko hainbat lan egin beharko dira: 5.000 m3 lur baino gehiago mugitu, drainatze-lanak, kaleak zolatu, argiteria publikoa instalatu, perimetroa itxi eta pinturaz seinaleztatu. Aurreikuspenen arabera, lanak udaberri amaieran hasi eta uda ondoren amaituko dira. Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak esku-hartzea gauzatuko duen enpresa kontratatzeko lizitazioa onetsi du, hasierako prezioa 285.620,40 euroan ezarrita.

Aparkatzeko toki berri horiek goitik konpentsatu nahi dituzte desagertutako beste 200 toki: Manuel de Falla, Urrobi Erreka eta Irati Erreka kaleak oinezkoendako bihurtzearen ondorioz galdutakoak, ingurune hori berrurbanizatzeko eta berritzeko proiektuaren barruan. Eremu urdinaren esleipenduna den DORNIER enpresaren ikerketen arabera, deuseztatutako tokiak bereziki auzokoek erabiltzen zituztenez, Iruñeko Udalak beste espazio bat bilatu du, bertatik gertu, auzotarren beharrei erantzuteko.

Milagrosa-Arrosadia auzoan espazio librerik ez zegoenez, Udalari, bere ondare-orubeen artean, honako hau egokiena iruditu zitzaion gertutasunagatik. Etorkizuneko disuasio-aparkalekua eginen den eremuak (5. poligonoko 2192 lurzatia) “dotazio-izaera” du, Iruñeko Udal Planaren arabera. Galdutako tokiak konpentsatzeko planteatutako konponbidea balioetsi dute Hirigintza Gerentziak, Herritarren Segurtasuneko Alorrak eta Proiektu Estrategiko, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak. Aparkaleku honek indartzen du hortik bi etxabeetara dagoen doaneko disuasio-aparkalekuen multzoa, zeinaren perimetroa osatzen baitute Zaragozako etorbideak eta El Mochuelo, Blas de la Serna eta Ultzama errekaren kaleek.

Auzokoek erabiltzeko aparkalekua

Orubea Blas de la Serna eta Ultzama errekaren kaleen artean dago. Bertan kokatzen da higiezin-unitate bat luzetara, elkarren ondoan dauden 6 atarik osatua, mendebaldean. Goranzko aldapan dago, eta 5 metrora bitarteko desnibela du betelanetarako materialarekin. Lurzatiaren urbanizazio perimetrala egoera onean dago, eta zabalera aldakorreko espaloiez eta zuhaitzez osatuta dago. Blas de la Serna kalearen kasuan, bada bidegorria bereizi bat. Espazio hau erabilera berrira egokitu ahal izateko, jarduketarekin hasteko betelanetarako materiala kendu beharko da, zeharkako noranzkoan % 2ko gehieneko malda uzteko eta luzetarako noranzkoan % 4,47koa, horrela behin betiko sestrek aparkatzea errazteko.

Lurzatiaren barrualdearen antolaketa, orubearen zeharkako noranzkoan, asfaltatutako noranzko bakarreko zirkulazio-kaleen sare bat izanen da, zagor trinkotuetan egindako aparkaleku-hondartzekin. Hondartza bakoitzean baterian aparkatzeko linea bikoitza egonen da, aurreikusitako 234 plazak sortu arte. Aurreikuspenen arabera, bai kaleek, bai aparkaleku-lineek 5 m-ko zabalera izanen dute, eta hondartzek, istiltze-arazoak saihesteko, zanga drainatzaileko sistema izanen dute, material iragazlearekin eta sare geotestilarekin, albo baxuenetan. Aurreikuspenen arabera, sarbidea Ultzama errekaren kaleko zuhaitzen arteko pasabide beheratu baten bidez eginen da, horrek oztopatzen baitu gutxien perimetroaren egungo trafikoaren diseinua; izan ere, iparraldean biribilgunea dago eta, ekialdean, espaloiak bereizitako bidegorria du.

Aparkaleku berria 2 metroko altzairuzko hodizko baranda batek inguratuko du, eta espazio horretan argiztapen maila egokiak lortzeko beharrezko argiteria publikoa jarriko da, lurpeko kanalizazioaren bidez. 12 metroko altuera duten 4 zutabe jartzea aurreikusi da, eta horietako bakoitza 4 proiektorerekin. Azkenik, aparkalekua horizontalki seinaleztatuko da, ibilgailuak aparkalekura sartzen eta irteten laguntzeko eta kaleen noranzko bakarra seinaleztatzeko. Aparkalekuaren erabilera-araudia idatzita jasoko duten altzairuzko bi kartel jarriko dira, auzotarrek erabiltzeko dela adieraziz (eremu horretako ibilgailu bizilagun-txartela eduki beharko da).

¿Te ha sido útil esta página?