Iruñeko Udalak berretsi du Haurtzaroaren Hiri Adiskidea izendapena UNICEFekin, eta jolas-jarduerak antolatu ditu auzoetan hainbat egunetarako

Iruñeko Udalak berretsi du Haurtzaroaren Hiri Adiskidea izendapena UNICEFekin, eta jolas-jarduerak antolatu ditu auzoetan hainbat egunetarako
Gaurko egunez duela 30 urte Nazio Batuek Haurren Eskubideen Hitzarmena sinatu zuten
Acto UNICEF

 

Enrique Maya Iruñeko alkateak, Udalbatzako kide batzuek lagunduta, Mikel Aguirre Nafarroako UNICEFeko lehendakariaren eta Maider Gabilondo koordinatzailearen bisita izan du gaur. Izan ere, Iruñeak, “Haurtzaroaren Hiri Adiskidea” denez gero, herritarrekin batera ospatu nahi du hiriko haur eta nerabeen eskubideen sustapena, eta gogora ekarri nahi du Udalaren konpromisoa, eskubideen babesarekin ez ezik, egunez egun udal-jardunean egiten den sustapenarekin ere, hori alor desberdinetan egiten baita askotariko programa eta zerbitzuen bidez.
 

Ekitaldian, Aguirrek Haurren Eskubideen Hitzarmenaren idatzizko ale bana eman die zinegotziei. Arau-testu hori nazioarteko itun bat da, 1989an Nazio Batuen Batzar Nagusian 196 naziok onetsitakoa. Agiriak 30 urte bete berri ditu, eta adingabeen eskubideak ezartzen ditu, baina ez hori bakarrik, Estatuen, botere publikoen, gurasoen eta gizarte osoaren –haurrak eta nerabeak ere barne– betebeharrak ere zehazten baititu. UNICEF (Nazio Batuen funtsa haurrendako) nazioarteko erakunde horren agentzia bat da, eta berariaz lantzen ditu, mundu zabalean, haurtzaroari lotutako arazoak.
 

Enrique Maya Iruñeko Alkateak bertaratuen aurrean irakurri du atzo Iruñeko Udalak Herritarren Aferen Batzordean onetsi zuen adierazpen instituzionala; hori onetsita modu aktiboan berretsi nahi da Udalean ordezkaturik dauden talde guztiek duten konpromisoa hirian Haurren Eskubideen Hitzarmena bultzatzearen alde. Hitzarmen hori sinbolikoki eta jendaurrean gogorarazteko, gaur, iluntzean, Udaletxeko fatxada urdinez argiztatuko da, hori baita UNICEFen kolore korporatiboa. Gaur gaurkoz,18 urtetik beherako 33.875 adingabe daude Iruñean erroldaturik.
 

Herritarrendako oroigarria, jardueren bidez

Fatxada argiztatzea bada eguna ospatzeko modu bat, baina horrez gain, herritarrendako jarduerak antolatu dira hiriko zenbait auzotan, arratsalde honetan hasi eta igandera bitarte. Hasteko, gaur, 17:00etan, txokolate-jana izanen da Buztintxurin, osasun-zentroko plazan; bestalde, Mendillorrin, proposamen ludikoak egonen dira Antzara eraikinaren inguruan, eta gero, horma-irudiak eginen dira. Halaber, gaur arratsaldean, Etxabakoitzen, txokolate-jana eta giza eskubideen inguruko erreportaje baten emanaldia izanen da 17:30ean, SAPC Etxabakoitz bizirik-en egoitzan (liburutegiko solairua).
 

Horrez gain, ostiralean, azaroak 22, Txantreako Arriurdiñeta plazan hainbat jarduera izanen dira 17:00etatik 20:00etara, hala nola adingabeen eskubideen aldeko kalejira, askotariko lantegiak, zumba-eskola eta txokolate-jana; Fuego Zarrabete Erraldoien konpartsa ere bertan izanen da. Bestalde, Sanduzelain, gaztaina-jana, zumba, aurpegi-margoketa, globoflexia eta erraldoiak izanen dira.
 

Urteurrena ospatzeko jarduerek Txantrean segituko dute asteburu osoan zehar. Larunbatean, 18:00etatik 20:00etara, ginkana (18:30) eta txistor-jana (19:30) egonen dira, parte-hartze libreaz, eta igandean, txango bat eginen da mendira, autobusez, haur eta nerabeei zuzendua. Txantreako antolatzaileek ohartarazi dutenez, euria egiten badu Bernart Etxepare ikastetxeko patioan eginen dira ostiral eta larunbateko jarduerak, eta igandeko txangoa, euririk bota ez duen tokiren batean izanen da, edo, bestela, elurraz gozatzeko aukera egonen den nonbaiten.

¿Te ha sido útil esta página?