Iruñeko Udalak “Aske, ni beti aske” kanpaina abiatu du, emakumeei ahalduntzeko baliabideen berri emateko, indarkeriari aurre egiteko eta gizartea kontzientziatzeko

Iruñeko Udalak “Aske, ni beti aske” kanpaina abiatu du, emakumeei ahalduntzeko baliabideen berri emateko, indarkeriari aurre egiteko eta gizartea kontzientziatzeko
Kanpaina ikusgai dago webgunean, esku-orrietan, karteletan, olanetan, hiri-autobusetan, mupietan, sare sozialetan, aparkalekuetako edikuluetan eta bideo batean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Iruñeko Udalak ‘Aske, ni beti aske. Indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidearen alde’ kanpaina aurkeztu du gaur. Bertan emakumeek ahalduntzeko dituzten Udalaren baliabideak ezagutarazten dira, bai eta indarkeria motaren bat pairatuz gero nora jo dezaketen ere. Hona hemen helburua: batetik, emakume askok bizi duten egoerari buruz kontzientziatu nahi da gizartea, indarkeria-egoera horiek errotik deuseztatzeko, eta bestetik, emakumeei baliabideak eskaini nahi zaizkie indarra har dezaten eta non dauden eta hortik atera daitezkeela jabetzeko.

Modu erraz eta irisgarrian ezagutarazten dira hala ahalduntzeko baliabideak, haien buruarengan konfiantza irabaz dezaten, nola entitateak, bertara jo dezaten laguntza eske indarkeria kasuetan. Kanpaina ikusgai dago esku-orrietan, karteletan, olanetan, hiri-autobusetan, mupietan, sare sozialetan, aparkalekuetako edikuluetan eta bideo batean. Webgune bat ere argitaratu da –http://www.pamplona.es/eu/nibetiaske–, liburuxka bezala, hainbat hizkuntzatan: gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa, errusiera eta arabiera.

Kanpainaren aurrekontua 21.000 euro baino zertxobait gehiago izan da, nahiz eta Udalaren nahia ildo horretan lan egiten jarraitzea izan, emakumeen eskura dauden baliabideak ezagutarazteko, bai eta pertsona guztiek berdintasunean bizitzeko askatasuna izan dezaten hiri bat lortzeko lan egiten duten udal-zerbitzuen berri emateko ere.

Batzordean eta mugimendu feministarekin elkarlanean onetsitako kanpaina

Ekimen honek iazko urriko Herritarren Aferen Batzordean onetsitako adierazpena kontuan hartu du, non honako hau egitea premiatzen baitzen: “kanpaina instituzional sendoa eta ikusgarria, herritarrei genero indarkeria identifikatzen laguntzeko, eta existitzen diren eta egoera horretatik ateratzeko emakumeen eskura dauden baliabide publiko guztiak ezagutarazteko, kontuan hartuta ere pandemia agertokia eta haren ondorioak”. Testuan ere Berdintasuneko Alorraren eta mugimendu feministaren arteko elkarlana jasotzen zen, duela gutxi sortu den Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko lantalde iraunkorraren barruan.

Aurkezpena Udaletxe plazan egin da, non bi olan handi ikus baitaitezke, Seminario Etxearen eraikinean jarrita, kanpainako irudiekin. Ekitaldian izan dira Enrique Maya Iruñeko alkatea, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzia, Udalbatzako kideak eta Emakumearen Udal Kontseiluko eta Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko lantaldeko ordezkariak.

Emakume desberdinak edonor indarkeria-egoeretatik atera daitekeela irudikatzeko

Leloarekin helarazi nahi den ideia honako hau da: emakume aske bat bizitzan indarkeria jasatea saihestu dezakeen emakume bat da, eta puntu horretara heltzeko, Udalak baliabideak jartzen ditu bere eskura behar izatekotan. Kanpainak bizitzaren hainbat etapatan –nagusitasuna, adin ertaina, gaztaroa eta nerabezaroa– dauden lau emakumeren irudiak ditu oinarri, gogorarazteko indarkeria edozein adin eta egoeratan eman daitekeela. Denak leiho batean ageri dira, kalerantz begira, irribarretsu, eta hegan dabiltzan txoriez inguratuak, askatasun horren ikur.

Leiho bat aukeratu da, iaz, pandemiaren ondorioz, alarma-egoera deklaratu ondoren bizitako egoeragatik. Hilabete batzuez etxe-konfinamendua izan da, eta beste batzuez ohiko bizitza soziala ere asko murriztu da. Horregatik, emakume asko isolatuta egon izan dira. Datuen arabera, osasun-krisiko urte honetan, emakumeen kontrako indarkeria kasuek gora egin dute. Gizarte-maila eta kultura guztietan ematen den indarkeria da, eta horregatik kanpainaren materialen zati bat, 6 hizkuntzatan editatu da, Iruñean bizi diren emakume guztiek baliabideak ezagutu ditzaten.

Udalaren baliabideak emakumeen eskura, bizitzan aurrera egin dezaten

Udalak emakumeendako doaneko bi baliabide mota ezagutarazi ditu kanpaina honetan. Batetik, Udalarenak berarenak direnak, ahalduntzearen ideia aintzat hartuta. Ahalduntze hori Iruñeko emakume guztiei zuzenduta dago, indarkeria egoeratan egon zein ez. Prestakuntza jasotzeko, beste bizimodu batzuk ezagutzeko edo babes-sareak eratzeko espazioak dira.

Adibidez, Iruñeko Emakumeen Etxea (Agoitz k., 9 eta 948110230 telefonoa), Emakumeen Dokumentazio Zentroa-Liburutegia (Emakumeen Etxea, 948225991 telefonoa eta mujeres@fundacionipes.org), Ematic – Emakumeendako informazio, prestakuntza, eta informatika-aholkularitzako Zentroa (Compañía k., 19, 948224594 telefonoa eta ematic@pamplona.es) eta Harrotu – Sexu- eta genero-aniztasunerako udal-zerbitzua (San Gregorio k., 28; telefonoa: 948 22 63 26 eta lgtbi@pamplona.es). Kultura eta Berdintasuneko Alorrarekin harremanetan jartzerik ere badago (Descalzos k., 72, 948420150 telefonoa eta igualdad@pamplona.es)

Nora jo indarkeria egoerarik biziz gero edo egoera horretan dagoen emakumerik ezagutuz gero

Bestalde, indarkeriaren kontrako baliabideak ere aurkeztu dira, hala Iruñeko Udalak bultzatutakoak nola beste entitate batzuetakoak. Esaterako, Larrialdietarako 112 eta Udaltzaingoaren 092 telefonoak, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua – EUAZ (948420940 telefonoa edo smam@pamplona.es), Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoa (848423376 telefonoa eta ofidel@navarra.es) eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren Emakumeendako Laguntza Juridikoko Zerbitzua (948221475 telefonoa).

Baliabide horiek jada hedatu egin ziren kanpaina orokorrago honen hitzaurre gisa azaroaren 25a aldera, Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunaren karietara. Iruñeko Udalak etxez etxe hiri osoan banatu ziren 76.000 txartel kaleratu zituen, EUAZen eta auzo-unitateetan ere entregatu ziren, baita beste udal-zentro batzuetan ere, hala nola, Emakumeen Etxean eta Gaztediaren Etxean. Asmoa da modu eroso eta praktikoan informazioa helaraztea indarkeria egoeratan dauden emakumeei, baina baita etorkizunean egoera horietan egon daitezkeenek edo baliabide horiek behar dituzten emakumeak ezagutzen dituztenek gorde ahal izateko ere.

Hainbat bide, ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko

Iruñeko Udalak ahalik eta jende gehienari helarazi nahi dio kanpaina, eta horregatik hainbat bide erabiliko ditu ezagutarazteko. Horietako asko bide publikoan. Udaletxe plazako olan handiez gain, Merindadeen plazako aparkalekura sartzeko edikuluetan kartelak jarriko dira Karlos III.aren etorbidean (Arrieta eta San Fermin kaleen ondoan), eta hiri-garraioko 10 villavesatan errotuluak jarriko dira, diseinu berritzaile batez autobusen leihatilak okupatuz, lau emakume protagonistak islatzen diren tokietan ager daitezen.

Kasu horietan kanpainaren irudia, leloa eta http://www.pamplona.es/eu/nibetiaske webgunea agertuko dira, baliabideak webgunean kontsultatu ahal izateko. Normalean mugikorra eta ordenagailua erabiltzen dituzten horiek kontuan hartuta, beste bide batzuk ere erabiliko dira, Udalaren sare sozialak kasu, non kanpainaren bideoa hedatuko baita.

Halaber, kartelak eta liburuxka bat kaleratuko dira baliabide guztiak paperean jasotzeko, 6 hizkuntzatan, Internetera erraz sartzeko aukera ez duten horientzat. Kartelak eta liburuxkak, hasiera batean, EUAZen, Emakumeen Etxean, Ematic-en, Gaztediaren Etxean, auzo-unitateetan eta Harrotun banatuko dira, baita Udalarenak ez diren beste leku batzuetan ere, hala nola unibertsitateak eta osasun-zentroak. Kultura eta Berdintasuneko Alorrean ere eska daitezke.

La Llorona Comunicación enpresak garatu du kanpaina, Udalaren sormeneko eta publizitateko lizitazioaren esparru-akordioaren barruan. Irudiak Voilà ilustración enpresako Beatriz Menéndezenak dira.

¿Te ha sido útil esta página?