Iruñeko Udalak 7 lurzati eskaini dizkio Nafarroako Gobernuari 300 etxebizitza publiko babestu baino gehiago eraiki ditzan, alokairu zein salmentarako

Iruñeko Udalak 7 lurzati eskaini dizkio Nafarroako Gobernuari 300 etxebizitza publiko babestu baino gehiago eraiki ditzan, alokairu zein salmentarako
Udalak birgaitzeko laguntzetarako 2021eko aurrekontuko ia 5 milioi euro zehaztu ditu, eta alokairuko 224 etxebizitzen sustapenean eta etorkizunera begirako lurzoru-lehiaketetan lanean ari da.
Fitxategi

 

 

Iruñeko Udalak 7 lurzati eskaini dizkio Nafarroako Gobernuari 300 etxebizitza publiko babestu baino gehiago eraiki ditzan, alokairu zein salmentarako. Lurzatiak Txantrea Hegoan, Ipar Etxabakoitzen, Sanduzelain, Arrosadian, Sadar inguruan eta Buztintxurin daude. Hala azaldu dute prentsaurrekoan Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Juan José Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak.

Halaber, Udala lanean ari da alokairuko 224 etxebizitza sustatzeko eta udal lurzoru-lehiaketetan ere, horiei esker birgaitzeko dirulaguntzak eta ekipamendu publikoetan egindako beste inbertsio batzuk finantzatzen jarraitzeko. Aurtengo aurrekontua ia 5 milioi eurokoa da, eta besteak beste, etxebizitzak birgaitzeko proiektuak finantzatzera bideratuko da.

Ekimen hau Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren parte da. ‘Iruña Bizi’ 2020-2023 aldirako Etxebizitza Estrategiak etxebizitzetara bideratutako lurzoru-ondare guztiaren antolamenduaren barruan dago, eta xede du herritarrei etxebizitza duin batez gozatzeko eskubidea bermatzea, behar bezalako baldintzetan eta familia-egoera zein inguruabar ekonomiko eta sozial askotarikoak kontuan hartuz.

Etxebizitzak Txantrea Hegoan, Ipar Etxabakoitzen, Sanduzelain, Arrosadian, Sadarren eta Buztintxurin

Etxebizitza-plana lau ildo estrategikotan egituratu da: alokairua sustatzea, etxebizitza babestua sustatzea, bizitegi-eraikinak birgaitzea eta hiria berroneratzea. Lehenengo biak ardatz hartuta, Udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat bultzatu nahi du udal-lurzatiak besterentzeko eta horrek bidea emanen luke 317 etxebizitza babestu inguru eraikitzeko. Kalkulu hori egiteko, oinarri hartu da pisu bakoitzaren batez besteko azalera 70 edo 75 m2 ingurukoa dela; espazio hori dute, adibidez, Nafarroako Gobernuak sustatutako gazte-alokairuko etxebizitzek.

Gazte-alokairuko eta salmentarako etxebizitza horiek modu honetan banatuko dira: Babes Ofizialeko 95 Etxebizitza Txantrea Hegoan, Babes Ofizialeko 40 Etxebizitza Ipar Etxabakoitzen, Babes Ofizialeko 44 Etxebizitza Sanduzelain, Babes Ofizialeko 63 Etxebizitza Arrosadian, Babes Ofizialeko 13 Etxebizitza Sadar inguruan eta Babes Ofizialeko edo Prezio Tasatuko 62 Etxebizitza Buztintxurin.

Bestalde, Udalak bere lurzoru-ondarearentzat lehentasunezko helburutzat jotzen du titulartasun publikoko zein pribatuko eta iraupen bermatuko alokairuko etxebizitza parke handi bat sortzea, herritarrek bizimodu horren alde egiteko aukera izan dezaten. Horretarako, udal lurzoru-lehiaketak bultzatuko ditu alokairuko etxebizitzak sustatzeko, ezaugarri horiek dituzten 224 etxebizitza inguru eraiki ahal izateko. 150 Arrosadian kokatuko dira, 41 Sanduzelaiko etorbidean, 9 Trenbideko kalean eta 24 Gridillas etxeen orubean, Sanduzelain.

Jarduketa berezietarako udal lurzoru-lehiaketak Arrosadian eta Lezkairun

“Iruña Bizi” planaren azken bi ildo estrategikoak aintzat hartuta, bizitegi-eraikinak birgaitzea eta hiria berroneratzea, aurreikusita dago jarduketa berezietarako udal lurzoruen besterentze-lehiaketak martxan jartzea. Iruñeko Udalak etxe-uharte osoak ditu Arrosadian eta Lezkairun. Lehenbiziko espazioan 200 etxebizitza inguru eraiki litezke eta bigarrenean 350 inguru, pisuen tamainaren eta diseinuaren arabera. Lehiaketa horien sustapenak ahalbidetuko du etorkizunean birgaitzean eta ekipamendu publikoetan inbertsioak egitea.

Aurten, udal aurrekontuak, Etxebizitzak Zaharberritzeko bulegoaren bidez, honako hauen sustapena aurreikusten du: Alde Zaharraren eta Zabalguneen birgaitze-lanak egiteko dirulaguntzak (1,2 milioi euro), gizarte-larrialdietarako udal-etxebizitzak birgaitzeko lanen jarraipena (1,5 milioi euro) eta eremu zaurgarriak –Sarrigurengo errepidea, Oscoz Taldea eta Sanduzelai–zaharberritzeko lanak egiteko dirulaguntzak mantentzea (2,1 milioi euroko ildoa).

¿Te ha sido útil esta página?