
Iruñeko Udalak 2.441.043,84 inbertituko ditu Txantrea hegoaldeko Magdalena parkeko urbanizazio-lanen hirugarren fasean. Lehen eta bigarren faseetako lanak bukatuta daude dagoeneko, eta hirugarren fasekoak egiteke daude: 45.000 metro karratutan eta bi fasetan (3.1 eta 3.2 faseak) eginen dituzte lanak. Hirigintza Gerentziak 3.1 faseko lanen obra-kontratua lizitatu du: parkearen ekialdeko muturrean eginen dituzte lanak, Batasunaren Pribilegioaren kalearen, Burlatako bidearen eta Iturripurria ubidearen ondoko nekazaritza-finken artean.
Magdalena parkeko lanen hirugarren fasean lan hauek eginen dituzte: zuhaizti natural bat sortuko dute, parkearen mugan dagoen pasealekuaren ondoko kirol-eremua martxan jarriko dute, Burlatako errepidea eta Txantrea parkearen bidez lotzeko bi bide eginen dituzte, eta bi plazatxo eraikiko dituzte parkearekin lotura egiteko bi puntu horietan eta parkera sartzeko gunean; bestalde, beste faseetako gune batzuetan egindako lanak hobetu eta egokitzeko lan puntualak eginen dituzte, eta hala, parkearen zeharkako loturak bukatuko dituzte.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorreko zinegotziak azaldu duenez, beste lan hauek ere eginen dituzte: Burlatako mugaren ondoko Iturripurriako ubidean sortutako hezegunea berreskuratzeko lanak eginen dituzte, eta 1.300 metro karratuko Txakurrendako eremu bat eta bi piknikgune sortuko dituzte; lehenengo piknikgunea familiendako baratze-eremuan jarriko dute eta inguruko zuhaitz handiekin bat eginen du, eta bigarrena bideek bat egiten duten eremuan jarriko dute, hirugarren faseko beste gune batzuen ondoan.
Kirolgune berriak 34 x 21 metroko kirol anitzeko pista bat izanen du, baita harmaila txiki bat ere. Kirolgunearen hegoaldean egonleku txiki bat egitea espero da, eta belaunaldiarteko jolasen gune bat jarriko dute hor. Egonlekuaren ondoan, bideek bat egiten duten lekuan, garbiketa automatikoko komun irisgarri bat jarriko dute.
Hamabi hilabeteko lanak
Aurreikuspenen arabera, urbanizazio-lanen kontratuak 12 hilabeteko iraupena izanen du, eta 2025eko abuztuan sartuko da indarrean. Eskaintzak maiatzaren 5era arte egiten ahalko dira Nafarroako Kontratazio Atariaren bidez.
Kontratuaren esleipena egiteko, irizpide kualitatiboak eta kuantitatiboak izanen dira kontuan. Irizpide kualitatiboei dagokienez, honako hauek baloratuko dituzte: memoria teknikoa (20 puntu bitarte), jarduketa-programari buruzko azalpena (6 puntu bitarte), hondakinen kudeaketa (bi puntu bitarte) eta eraiki ondorengo zerbitzua (bi puntu bitarte). Irizpide kuantitatiboei dagokienez, honako hauek izanen dituzte kontuan: eskaintza ekonomikoa (55 puntu bitarte), irizpide sozialak (10 puntu bitarte), ingurumen-irizpideak (bi puntu bitarte) eta berme-epearen luzapena (3 puntu bitarte).
Hirugarren fasea bukatu eta gero, abian jarriko dituzte gizarte-baratzeak, lanabesak gordetzeko etxolak eta belardi handi bat sortzeko lanak. Magdalena parkea sortu eta egokitzeko lanen azken faseari esker, 100.000 metro karratu izanen ditu parkeak; gainera, zerrenda bat sortuko da Arga ibaiaren, Magdalena parkearen eta Burlatako mugaren artean: ia kilometro bateko luzera izanen du, baita 100 metroko zabalera ere.
Lehenengo bi faseetan egokitutako eremuak herritarrei irekita daude
Magdalena parkeko lehenengo faseko lanak 2020ko abuztuan hasi, eta 2022ko apirilean bukatu zituzten. Lehenengo fasean 24.000 metro karratu berdegune sortu zituzten, eta Batasunaren Pribilegioaren kalean eta eremu horretako urbanizazioan bide berri bat eraiki zuten. Lanak parkearen mendebaldean egin zituzten, parkeak Labriteko aldaparekin eta Irubide parke zaharrarekin duen lotunean. Lehen fase horretan berdeguneak sortu zituzten, drainatze- eta ureztatze-sistemak martxan jarri zituzten eta odol-noria bat aurkitu zuten. Lacunza Hermanos SL enpresak gauzatu zituen lanak, 2,36 milioi euroan.
Bigarren fasean 22.000 metro karratu berdegune sortu zituzten, eta iazko abuztuan ireki zuten. Lanak parkearen erdigunean egin zituzten, hau da, dagoeneko urbanizatuta zegoen eremutik hirugarren faseko lanak hasten diren eremuraino. Bi faseetan jolasgune eta egonleku berriak sortu zituzten, baita bideak eta oinezkoendako loturak ere; halaber, Batasunaren Pribilegioaren eta Burlatako bidearen ondoko pasealekua bukatu zuten, eta hobekuntza- eta egokitzapen-lan puntualak egin zituzten lehen faseko gune batzuetan. Excavaciones Fermín Osés enpresak gauzatu zituen lanak, 2,18 milioi euroan.