Iruñeko Udalak 2020an ere Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Programa lagundu zuen, 1,5 milioi eurorekin, aurrekontuaren % 0,78

Iruñeko Udalak 2020an ere Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Programa lagundu zuen, 1,5 milioi eurorekin, aurrekontuaren % 0,78
Aurten Udalak nazioarteko lankidetzarako aurrekontua 1,9 milioi eurora handitu du, aurrekontuaren % 0,8
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak, 2020an ere, osasun-krisiaren eta konfinamenduaren ondorioek ukitutako urtean, Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programa (GNLUP) lagundu zuen, 1,5 milioi eurorekin, aurrekontuaren % 0,78 Horrela Nazio Batuen Erakundeak garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzara bideratzea gomendatzen duen gutxieneko ehunekoa bete zen. Iruñean biztanle bakoitzak urtean 7,42 euro eman zituen.
Programaren helburua da herrialde pobreenetako edo “Hegoaldeko herrialdeetako” komunitateei laguntzea. Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programa lau lan-ildo nagusitan egituratzen da, eta 6 dirulaguntza-deialdi barne hartzen ditu.
Aurten, Iruñeko Udalak garapenaren aldeko lankidetzarako zuzkidura 1.913.319 eurora handitu du, hiriko aurrekontuaren % 0,8. Horrela, Garapenaren Aldeko I. Plan Zuzentzaileak 2021. urterako ezarritako helburua betetzen da, aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta gora egin ondoren. 1.913.319 euroetatik, 1.679.000 euro dirulaguntzen 6 deialdietara bideratu dira, programaren zatirik handienera. Halaber, aurreikuspenen arabera, Garapenaren aldeko I. Plan Zuzentzailearen kanpo-ebaluazioa eginen da, ildo nagusiak markatuko dituena, eta II. Plan Zuzentzaileari hasiera emanen diona.
Garapenaren eta herritartasun globalaren alde sentsibilizatzea eta heztea
Lehen lan-ildoa garapenaren aldeko sentsibilizazioa eta hezkuntza da, zeinera 205.600 euro bideratuko baitira (guztizkoaren % 14,5). Bertan barne hartzen dira hiru dirulaguntza-deialdi eta Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin sinatutako hitzarmena. Unean uneko sentsibilizazio-jarduketetarako deialdiak 9.600 euroko partida du, eta iaz aurkeztutako 5 ekimenak lagundu zituen, guztira 6.000 euro bideratuta. Garapenaren aldeko sentsibilizaziora eta hezkuntzara bideratutakoak 100.000 euro izan zituen. Aurkeztutako 12 proiektuetatik, 10 diruz lagundu ziren, 66.209 eurorekin. Proiektuen erdia baino gehiago GGKE taldeek bultzatu zituzten, beraz, laguntza ia 20 entitateri heldu zitzaien.
Hirugarren deialdia, garapenaren eta herritartasun globalaren aldeko hezkuntza-proiektuena da. Kasu horretan, kontzientzia kritikoak sustatu eta pertsona bakoitza aktibo eta arduratsu bihurtu nahi da, elkartasunarekin engaiaturik dagoen gizarte berria eraikitzeko asmoz. 60.000 euroko zuzkidura bi proiektutara bideratu zen, horietako bat, zehazki, nerabeei zuzenduta.
Deialdi horietara bideratutako partidaren soberakina, esleitu ez zena, Garapenaren aldeko Lankidetzarako eta Larrialdi Humanitarioetarako Laguntzarako dirulaguntzen aurrekontua handitzeko erabili zen, hurrenez hurren, horrela, hasierako aurrekontuaren % 100 gauzatzea bermatuz.
2000. urtetik geroztik, lankidetza-hitzarmen bat etenik gabe mantendu da Nafarroako GGKEren Koordinakundearekin (CONGDN), informazio-koordinazioko proiektu bat garatzeko, garapenaren aldeko lankidetzan herritarren ezagutza bultzatu eta hiriko GGKEren sare-lana sustatzeko xedez. Iaz 36.000 euroko partida bat izan zuen.
Milioi bat euro Hegoaldeko herrialdeetan giza garapena laguntzeko
Bigarren lan-ildo nagusia ‘Giza garapenerako laguntza’ da, bolumen ekonomiko handiena duena, 1.094.930 eurorekin (guztizkoaren % 74,4). Bere edukia honela egituratzen da: bi dirulaguntza-deialdi eta ekarpena Lankidetzarako Nafarroako Toki Funtsari, 44.000 eurokoa. 
Garapenaren aldeko lankidetzako proiektuak gauzatzeko urteko dirulaguntzen deialdiak 840.655 euro izan zituen, eta horien bidez 34 proiektu lagundu ziren, 848.068 euroan. Proiektu horiek honako herrialde hauetan egin ziren: Kolonbia, Togo, El Salvador, Bolivia, Kongo ED, Nigeria, Peru, Mali, Burundi, Sahara, Txad, Mexiko, Ekuador, Guatemala, Nikaragua, Ruanda, Senegal, Uganda eta Brasil. Geografikoki, Afrikak jaso zuen diru gehien, 16 proiektu eta 406.943 eurorekin (dirulaguntzen % 47,1); jarraian, Hego Amerikak, 9 proiektu eta 210.475 eurorekin (% 24,8), eta Erdialdeko Amerikak, Mexikok eta Karibek, 8 proiektu eta 206.149 eurorekin (% 24,3).
Hegoaldeko entitateekin egindako proiektuetarako dirulaguntzek 180.000 euroko zuzkidura izan zuten. 2020an, bi modalitate eduki ditu dirulaguntzen deialdi honek: lehenbiziko aldiz aurkeztutako proiektuak eta aurreko urteetakoen jarraipena diren proiektuak. Lehen kategorian, saneamendua eta edateko urari buruzko proiektu bat lagundu zen Nikaraguan; desnutrizioari eta elikadura osasungarriari buruzkoekin jarraitu zen Bolivian, eta gaitasunak hobetzeari eta eragile ekonomikoak bultzatzeari buruzkoa Arequipan (Peru).
Natur hondamendiek edo gatazkek sortutako larrialdi egoeretarako dirulaguntzak
Hirugarren lan-ildoa larrialdi humanitarioetarako laguntzan oinarritu zen. Aurreko urteetan bezala, deialdiak zehaztapen geografikorik gabeko larrialdi humanitarioko jarduketa-proiektuak diruz laguntzea eduki zuen xede, natur hondamendiek eta giza gatazkek sortutako larrialdi egoeren testuinguruan. Hasiera batean deialdia 105.000 euroz hornitu zen (guztizkoaren % 7,4), baina, azkenik, 9 proiektu lagundu ziren, 134.978 eurorekin (% 9,6). Horietako 7, COVID-19ak eragindako krisiarekin lotutakoak dira. Iruñeko laguntza Senegalera, Hego Sudanera, Nigerrera, Nepalera, Lurralde Okupatuetara, El Salvadorrera, Nigeriara eta Indiara heldu zen.
Azkenik, GNLUPren berezko jarduketak daude, hala nola liburutegi-sareak bultzatutako “Latitudes, lecturas para la ciudadanía global” irakurketa-kluba (gaur egun proiektua geldirik egon arren osasun-egoera dela-eta), eta osasun-egoerari egokitutako jardunaldiak eta topaketak. Hala, adibidez, Partaidetzan eta Herritartasun Globalean oinarritutako saio digital bat egin zen.
 

 

¿Te ha sido útil esta página?