
Iruñeko Udalak uholde-arriskua dagoenean SMS bidez abisatzeko alerta-sistema bat dauka 2009az geroztik. Doako zerbitzua da, eta herritarrek izena eman besterik ez dute egin behar, www.pamplona.es/eu, https://policia.pamplona.es webguneen edo 010 – 948 320 100 telefonoaren bidez. Iruñeko Udalak datu-base bat dauka alerta-sisteman izena eman duten 10.919 telefono zenbakiekin.
Herritarrek zerbitzuari emandako datuak eguneratu behar dituzte –webgunearen edo 010aren bidez–, honako kasu hauetan: ibilgailuz aldatu badute matrikula berria sartu behar dute; telefonoz aldatu badute, komunikazioak bidaltzeko zenbaki berria izateko, eta helbidez aldatu badute edo saltoki edo lokal bat ireki badute, uholde-eremuetan (Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai eta Etxabakoitz), alerta-SMSak jaso ahal izateko. Datuak herritarrek eguneratu behar dituzte www.pamplona.es/eu edo https://inunda.pamplona.es/ udal-webguneen bidez edo 010 – 948 420 100 telefonora deituta.
11.000 telefono-zenbaki horiez gain, beste 20.000 daude SMS bidezko alerten datu-basean, garabiak kotxea eramanen duela abisatzeko eta 1. eta 8. sektoreetako bizilagunendako; uholde-eremuetan aparkatu ohi duten Alde Zaharreko eta Arrotxapeko auzotarrak dira. Hala, Udalak baimena du herritarren 58.000 telefono zenbakitara alertak edo abisuak bidaltzeko. Halaber, Landabengo industrialdeko 78 enpresen 137 telefono ere badituzte, abisuak azkar bidali eta arriskuak prebenitzeko.
Datuak eguneratzeko zein larrialdietarako SMS zerbitzuan alta emateko edo aurretik zegoen erregistro bat zabaldu edo osatzeko, 010 telefonora deitu behar da edo Udaltzaingoaren webgunearen barruan https://inunda.pamplona.es/ webgunean sartu. Webgune horretan, sistema sinple bat erabiltzen da, online formulario baten bidez. Telefono-zenbaki bat sartu behar da, eta haren bidez jasoko dira SMSak: linearen titularrak egiaztapen-kode bat jasoko du mugikor horretan bertan, eta kode hori hurrengo pantailan sartu beharko du, zerbitzuan alta ematea baliozkotzeko.