Iruñeko Udalak ornitologia ikastaro bat jarri du martxan, hirian geratzen diren hegazti habiagileak identifikatzeko boluntarioak prestatzeko. Egiten ari diren lau saio teoriko eta bi praktikoetan, dozenaka lagunek bertatik bertara ezagutzen dituzte inguruko latitudeetan ohikoenak diren espezietako batzuk. Ostegunean, azaroak 14, eginen da azken saio teorikoa. Prestakuntza horrekin batera, azaroaren 16an, larunbatarekin, jardunaldi praktiko bat eginen da. Bi kasuetan doakoa da bertaratzea eta ez da aldez aurretik izena eman behar. Eskola teorikoa 18:30etik 19:30era izanen da eta saio praktikoa 10:30etik 12:30era. Bi kasuetan, topagunea Ingurumen Hezkuntzako Museoa izanen da.
Prestakuntza horren bidez, Udaletxeak boluntarioen sare bat sortu nahi du, hegaztiak identifikatzeko eta hiriko espezieen errolda osatzen laguntzeko gai izanen dena. Helburua da jakitea zer hegazti mota bizi diren Iruñean eta mota bakoitzeko zenbat ale dauden. Horregatik, ikastaro teorikoa espezie ohikoenetako batzuetan zentratzen da. Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, boluntarioek oinarrizko ezagutzak eskuratzen dituzte, itxurari buruz (lumajea, mokoa, tamaina...), habiak jartzeko tokiei buruz, habiagintzako saioei buruz, etab. Ezagutza teoriko horiek eskuratu ondoren, helburua da zer hegazti den zuzenean identifikatzeko gai izatea, hiriko gune batzuetan zehar eginen den ikuskapen-ibilaldian. Horrela, udal-ikastaroetan parte hartzen dutenak gai dira, ikastaroak egin ondoren, Iruñean bizi diren edo Iruñeatik igarotzen diren hegaztiak identifikatzeko.
Jarduera hau Iruñerriko Mankomunitateak gidatzen duen proiektu handinahiago baten parte da, proiektu horren bidez inguruko Hegazti Habiagileen Atlas bat
sortu nahi baita. Iruñerriko beste udal batzuek proiektuarekin bat egin dute, boluntarioak trebatzeko ekimenen bidez. Bi urtez, profesionalek eta boluntarioek Iruñerria arakatu dute, kilometro karratu bateko sareta-sistema baten bidez hegaztiak identifikatzeko. Laginketa horri esker, atlasa 2025ean argitaratuko da, bai bertsio digitalean bai paperean. Horrela, jakiten ahalko da zein eta zenbat hegazti bizi diren Iruñerrian, eta Iruñerriaren barruan zein ingurutan.
Iruñeko Udalaz gain, udal hauek parte hartuko dute ekimenean: Antsoain, Barañain, Belaskoain, Berriozar, Bidaurreta, Burlata, Zizur Zendea, Galar Zendea, Itza Zendea, Oltza Zendea, Ziritza, Etxarri, Etxauri, Uharte, Noain - Elortzibar, Tebas - Muru Artederreta, Aranguren ibarra, Eguesibar, Goñerri, Ollaran, Atarrabia eta Zabaltza.
Herritarren zientziako proiektu bat da, non udalerri guztiek herritarren parte-hartze aktiboa sustatzen duten, udalerri horietako faunaren ezagutzan eta zaintzan inplikatzeko. Landa-irteeren bidez, tokiko hegaztiekin harremanetan jartzen dira, eta haien ohiturak, habiak jartzeko lekuak eta txiten zaintza ezagutzen dituzte Aurkitutako hegazti guztiak tentuz zenbatzen dira eta proiektuan txertatzen dira, besteak beste Ornitho Navarrak (www.ornitho-navarra.es) eta Ebird plataformek lortutako datuekin batera.
ORNITOLOGIA IKASTAROA
Azaroak 14, osteguna. 18:30ean. Saio teorikoa. Ingurumen Hezkuntzako Museoa. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Azaroak 16, larunbata. 10:30ean. Saio praktikoa Ingurumen Hezkuntzako Museoa. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.