Aste honetan hasi dira 26 bozketa zentroetara (18 Iruñeko Udalarenak eta 8 Nafarroako Gobernuarenak) maiatzaren 28ko hauteskundeetarako behar den materiala eramaten. Udalak udaletako eta erkidegoetako hauteskundeetarako 600 hautestontzi prezintatu, 150 bozkatzeko kabina eta 120 mahai inguru jarriko ditu, Iruñeko herritarrek botoa emateko eskubidea erabil dezaten. Aste honetan 11 ikastetxetara garraiatuko dira eta datorren astean hautesleku guztiak osatzeko eraman beharrekoetara. Mudanzas Iruña enpresa ari da garraioaz arduratzen.
Gainera, operazio horretan bertan, tamaina eta material desberdinetako 400 euskarri baino gehiago mugitzen ari dira, kontsultarako behar den informazioa ikusgai jartzeko: Barrutiaren, sekzioaren eta mahaiaren berri ematen duten 279 panelek, metalezko 60 taulak eta beste 100 oholek, hautesleei hauteskunde-zentroen barruan orientatzen lagunduko diete. Hauteskunde-egunean 32 informatzaile arituko dira lanean, aurrez-aurreko kontsultei erantzuten. Nolanahi ere, hautesle bakoitza kontsultaren egunera arte sartu ahalko da norberaren hauteskunde datuetara Udalaren webgunearen atarian. Edozein kontsulta egiteko, NAN zenbakia (atzerritarren kasuan AIZ) eta lehen abizena behar dira. Maiatzaren 28ko Udaletako eta Erkidegoetako Hauteskundeetarako errolda 153.260 hauteslekoa da Estatistikako Institutu Nazionalaren datu ofizialen arabera.
Materiala gune horietan biltegiratuta geratuko da, bozketa baino 48 ordu lehenago eginen den azken muntaketa eta banaketaren zain. Udal-titulartasuneko hauteslekuetan, zentro bakoitzeko funtzionamendu-laguntzaileak arduratuko dira zeregin horretaz, gizarte-zerbitzuetako langileen laguntzarekin, eta 60 pertsona inguru izanen dira guztira; Nafarroako Gobernuari atxikitako bozketa-zentroetan, berriz, udal-langileak ere ariko dira, 14 pertsona guztira, bi lan-brigadatan banatuta. Horiekin batera, Iruñeko Udalak kontratatutako sei pertsonek, bi emakumek eta lau gizonek, lan eginen dute. Azken hiru hilabeteetan elementu guztiak errepasatu eta garbitzen aritu dira, urtean zehar biltegiratuta dauden lekuan, Arrotxapea auzoan. Giza dispositibo hori bera arduratuko da hauteskunde-gauaren ondoren materiala desmuntatzeaz, zentroak beren ohiko eginkizunera itzul daitezen, betiere Udaleko Desinfekzio Zerbitzuko langileak igaro ondoren.
Egun hauetan, halaber, inprimategietan boto-paperei eta gutun-azalei azken ukituak ematen ari dira, eta ondoren bozketa-zentroetara eramanen dituzte. Kasu honetan, Nafarroako Gobernuak zehaztuko du zer enpresa arduratuko diren hauteskunde autonomikoetakoak inprimatzeaz, eta udal-hauteskundeetakoak, berriz, Gobernuaren Ordezkaritzak. Enpresa batek txartelak eta gutun-azalak jaso eta mahaika sailkatuko ditu, eta, ondoren, Mudanzas Iruñak 26 hauteslekuetan banatuko ditu.
Erroldako zifren arabera, Iruñeko hautesleek 279 hauteskunde-mahaitan bozkatuko dute (azken hauteskundeetan baino 9 gehiagotan), 26 zentrotan (azken hauteskundeetan baino hiru gehiagotan), 151 sekziotan eta 8 barrutitan. Aldaketei dagokienez, Udalak gogorarazi nahi du ohiko bi hautesleku desagertu direla: Biurdana BHI (bertako mahaiak Caro Baroja IIra pasako dira eta Ana María Sanz II (Padre -Moret Irubide BHIra eramanen dira hango mahaiak).