Iruñeko Udalak eta euskaltegiek euskara ikastera animatzen dituzte herritarrak, hiriko hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko xedez. Gaur goizean, Udaletxean, udal-ordezkariak eta AEK, IKA eta Zubiarte euskaltegietako eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ordezkariak bildu dira, eta bilera horretan, euskara ikasteko eta hura hirian normalizatzeko konpromisoa azpimarratu dute.
Halaber, hausnarketak partekatu dituzte Iruñeko Udalak euskara ikasteko bideratzen dituen udal-laguntzei buruz, eta, jende gehiagok parte hartze aldera, deialdia hobetzeko proposamenak jaso dituzte. Iruñeko Udalak 70.000 euroz hornitutako laguntza-deialdia egin du, gero eta pertsona gehiagok eguneroko bizitzan euskara ezagutu, ikasi eta erabil dezaten. Zenbateko hori bi modalitatetan banatuko da: urritik ekainera bitarteko ikastaroak eta udako ikastaroak.
Euskaltegiek, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Udalak herritarrei gonbit egiten diete euskara ikasteko, euskara irakasten duten zentroetan informazioa eskatzeko eta matrikula-epea baliatzeko. Euskaltegiek eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak euskara ikasteko askotariko aukerak eskaintzen dituzte, interesdunen maila, erritmo, xede eta ezagutzetara egokituak.
Oraingoz, Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuaren Zubiarte euskaltegi publikoarekin: udal-lokalak doan lagako dira 2026-2027ko ikasturtean herritarrei euskara-eskolak emateko. Udalak hainbat gela lagako ditu Civivox sareko Kondestable, Juslarrocha eta Pompelo Civivoxetan eta Azpilagañako eta Txantreako zentro komunitarioetan.
Deialdiaren A modalitatearen ebazpena
Iruñeko Udalak aurreikusten du datorren asteetan ebatziko dela 2025eko urritik 2026ko ekainera bitarte euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan parte-hartzea sustatzeko dirulaguntza-deialdia. Laguntzak A modalitatekoak dira, eta honako hauek barne hartzen dituzte: ikastaro estentsiboak, ikastaro trinkoak, barnetegiak, familiarteko barnetegiak, barnetegi ibiltariak, online ikastaroak eta tutoretzapeko autoikaskuntza-ikastaroak.
Deialdira 326 eskabide aurkeztu dira guztira, horietatik 270 onetsiak eta dirulaguntzaren onuradunak; hamaika eskabide baztertu dira guztira, oinarrietako baldintzaren bat ez betetzeagatik, hala nola gutxieneko bertaratzea eta Iruñean erroldatuta egotea; beste 45 eskabidek, berriz, dirulaguntzaren % 100 jaso dute Euskarabidearen bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa baita.
Diruz lagundu den zenbatekorik handiena egindako gastuaren % 80 izan da. Dena den, udal-dirulaguntza hori beste batzuekin bateragarria da, egindako gastuaren % 100 finantzatu arte. Udal-dirulaguntza jaso ahal izateko, baldintza hauek hartu dira kontuan: gutxienez egindako ikastaroko ikastorduen % 75era bertaratu izana; hirian erroldatuta egotea; gutxienez 16 urte izatea; eta bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak, oinarri hartuta 2025eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena. Era berean, aintzat hartu dira eskatzaileak langabezian egotea edo desgaitasunen bat izatea.
Euskara ikastaroen modalitate guztiak Administrazioaren menpeko euskararen irakaskuntzarako zentroek antolatu behar zituzten: Hizkuntza Eskola Ofizialak, Zubiarte euskaltegi publikoak, helduek euskara ikasteko zentro pribatu homologatuek eta unibertsitateek. Gastu diruz lagungarritzat hartzen dira ikastaroaren matrikularen zenbatekoa zein barnetegi baten instalazioetan egindako egonaldiaren zenbatekoa. Ez dira horien barnean sartzen azterketa-tasak, liburuak eta material didaktikoa, ez eta ikastegira egindako joan-etorriek eragindako gastuak ere.
62.000 euroko zuzkidura du A modalitateko dirulaguntza-deialdiak. Ebazpenaren ondoren kreditu xedagarria agortu ez denez, soberan geratu den zenbatekoa B modalitateko kreditu xedagarria areagotzera bideratuko da. 8.000 euroz hornituta dago B modalitate hori, eta irailaren 30era arte eginen diren udako ikastaroei dagozkie. B modalitaterako eskabideak aurkezteko epea 2026ko urriaren 2ra arte dago zabalik. Eskabideak toki hauetan aurkeztu behar dira: erregistro elektronikoaren bidez, Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea), erregistro osagarrietan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako beste edozeinetan.