"Bakartze" aldi honetan zaila izanen da protagonistak ahanztea; egunotako jarduerak norberaren memorian iltzaturik geratuko dira, hori argi dago, baina halako bizipenak, une onak zein latzak eta askotariko “konfinamendu-jarduerak” epe luzera ezagutarazteko, Iruñeko Udalak herritarren laguntza eskatzen du, Udal Artxiboaren bidez.
#Iruñaetxeangeratzenda2020 ekimenaren bidez, bideo eta argazkiez dokumentatu nahi da nola bizitzen ari den gertaera historiko hau, hirirako ere historikoa baita. “Konfinatu”, Euskaltzaindiaren arabera, leku jakin batean muga jakin batzuetatik irten gabe bizitzea da; kameraren objektiboak herritarren espazio fisikoa zedarritzen du, bai, baina ez emozionala edo sormenekoa. Proposamena konfinamendu-aldiaren argazkiak egitea edo bideoak grabatzea da, agiri grafiko guztiak garrantzitsuak direlako, eta haiek guztiak biltzeak zorigaiztokoa bezain berezia den gertaera honen irudi osoa emanen digulako.
Udalak herritarrei eskatu die Iruñeko Udal Artxiboarekin partekatzeko egunotan dituzten bizipenak, ikuspegiak, eta, azken batean, egiten dituzten agiriak. Agiri grafikoen edukiak hauexek izan daitezke: leihoetatik hartutako irudiak edo etxean bertan hartutakoak, osasun-langileei zuzenduriko txalo-zaparrada iristean parez pare dugun fatxadan gertatzen dena, kaleetan gertatzen (ez) dena eta egunotan bizi ditugun une paregabeen bilduma. Dei egiten zaie, baita ere, kolektiboei, elkarteei eta konfinamendu-aldi honetako momentuak biltzen dituzten edozein arlotako profesionalei.
Ekimen hau beste lan-ildo orokorrago baten barruan dago; izan ere estatu osoko dimentsio ezberdinetako udal-artxiboak antzeko irudi-bankuak egiten ari dira. Horietako batzuk dira Malagako, Alcorcóneko, Leganéseko, Liriako, Manzanares el Realko, Moralzarzalko edo Pielagoseko udal-artxiboak.
Agiriak memoria kolektiborako
Argazkien kasuan, jpg formatuan bidali behar dira archivomunicipal@pamplona.es posta elektronikora, mezuaren gaian hau jarrita: Pamplona20. Argazkiek 300 ppp-ko gutxieneko bereizmena eduki behar dute (telefono mugikorretako kamera gehienek kalitate hori baino nabarmen handiagoa dute). Gaia konfinamendua da, bai, baina ikuspegia librea da; era berean, argazkiak zuri-beltzean, koloretan edo “ukituta” bidal daitezke. Argazkiak Udal Artxiboko Argazki Funtsaren parte izanen dira, eta hala, hiriko memoria grafikoa handituko da.
Bideoen kasuan, Udalak proposatu du gehienez ere 60 segundoko klipak grabatzea, konfinamendua ardatz harturik. Horiek WhatsApp bidez bidali beharko dira 606540019 telefonora, eta telefono hori Udal Artxiboko teknikariek kudeatuko dute.
Argazki edo bideo guztiei data jarri behar zaie (data osoa), eta deskribapen labur bat, non zehaztu beharko baitira egilearen izena eta harekin harremanetan jartzeko posta elektronikoa, material horretarako izenburu posible bat eta egileak garrantzizkotzat jotzen duen beste edozein informazio, adibidez, zein kale edo toki islatzen duen, agertzen diren pertsonen izenak edo bereizgarria izan daitekeen beste edozein datu.
Ekimenean parte hartzen dutenek Iruñeko Udalari argazki horien erabilera lagatzen diotela onartu beharko dute, erakundeari eskubidea emanez irudiak egoki kudeatu, gorde eta hedatze aldera behar diren berariazko tratamendu-irizpideak ezartzeko.