Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroak ibilbide didaktiko bat eskaintzen du hiriko historian barna, gotorlekuen bidez

Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroak ibilbide didaktiko bat eskaintzen du hiriko historian barna, gotorlekuen bidez
San Bartolome gotorlekuan dago, eta ateak uda osoan zehar irekiko ditu doan

 

 

Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroak behar den informazio guztia eskaintzen du harresiak eta horiek osatzen dituzten elementuak ezagutu eta Iruñeak mendeetan barna izan duen bilakaera ulertzeko. Modu bizi, didaktiko eta interaktiboan, Udaleko baliabide horrek aukera ematen die bisitariei eta hiriko edozein bizilaguni Iruñeko historiara eta gaur egungo errealitatera hurbiltzeko, hirian aztarnak utzi zituzten gertaera nagusiak ezagutzeko eta horien protagonisten bizimoduak eta testigantzak birsortzeko.

San Bartolome gotorlekuan dagoen zentro horrek (Aralar kalea z.g.) Iruñean turismo ugari dagoen urteko garaietan irekitzen ditu ateak, uztailetik urrira bitarte. Garai horietan, doan bisitatu daiteke hamaiketatik ordu biak arte, goizez, asteko edozein egunetan, eta bostetatik zortziak arte, arratsaldez, egunero, igandeetan izan ezik. Instalazioak mugikortasun murriztuko pertsonei egokituta daude eta arreta gaztelaniaz zein euskaraz, ingelesez eta frantsesez egiten da.

Bost urratsetako ibilbidea Iruñeko historian eta bere gotorlekuetan barna

Harresien Interpretazio Zentroak eskaintzen duen ibilbide didaktikoa bost urratsetan egituratzen da, instalazioa osatzen duten bost kasernetan barna. Gune horiek bonben kontra babesteko eraikitako gangak dira, eta bastioien pean kokatu ohi ziren. Soldaduendako babeslekuak ziren, edo biltegiak, elikagaiak eta eskura egon behar zuten objektuak eta beste tresna batzuk gordetzeko.

Lehenengo kaserna batean, bisitariei harrera egin eta hirian, gotorlekuen inguruan, zein zentroan bertan ibilbidean zehar topatuko dutenaren berri ematen zaie. Ibilbidea harresien bilakaerari buruzko atzera begirako batekin abiatuko da. Izan ere, gaur egun disfrutatu dezakegun Iruña prozesu historiko baten emaitza da, eta horretan harresiek protagonismo berezia izan dute. Hainbat panel eta hamar minutuko bideo baten bidez ikusgai jartzen da harresiek XII. mendetik gaur egunera arte izan duten bilakaera.

Hirugarren kasernak hiriko defentsa-estrategiak deskribatzea du ardatz. Gotorlekuen defentsen garapena armetatik babesteko beharrari erantzuten dio, armamentu horren helmena eta suntsipen-ahalmena modu geldiezinean handitzen baitzihoan. Gela honetan harresi-multzoaren defentsa-elementu, zati eta eginkizunak azaltzen dira, modu teknikoago batean. Ukiezina bezain garrantzitsua da historiaren alderik gizatiarrena, Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroko kaserna batean tokia ere duena, non erakusten baita hiriaren garrantzia militar zein estrategikoak eta gotor-hiria izateak eragin nabarmena izan zuela hiriko biztanleengan, haien lanbide, bizimodu eta ohituretan. Eta hori guztia modu didaktikoan erakusten zaio bisitariari, garai ezberdinetako bost pertsonaiaren bidez, Iruñeko bizimodua nola aldatu den egiaztatzeko.

Azkenik, Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroak leku bat gorde du beste gotor-hiri batzuk nolakoak diren erakusteko. Izan ere, mendeetan zehar Iruñean lan egin zuten ingeniari militarretako askok beste gotorleku batzuk ere egin zituzten munduan barna. Gune honetan ikusgai daude horietako adierazgarrienetako batzuk.

Doako ihes-joko bat esperientzia osatzeko

Halaber, Harresien Interpretazio Zentroak doako hiri ihes-joko bat eskaintzen du, eta horren bidez Iruñeko gotorlekuen historia sakonki ezagutu nahi dutenek aukera izanen dute denboran zehar bidaiatzeko, baina kasu honetan, hirian zehar ibiltzeko. Benetako gertakari batean oinarrituta, eta hiriko pertsonaia historikoek kontatuta,‘Harresietako ihes-jokoa’ ihes-jokoa hainbat probagainditzean datza, hala nola bilaketakoak edo  logikakoak, instalazioetatik bertatik abiatuta eta mugikorra bera erabilita ukipen-igarkizunekin Iruñeko harresien hainbat gune bisitatzen diren bitartean. Inguruneak berebiziko garrantzia du azken helburua lortzeko. https://escapemurallas.es/ webgunean eskuragarri dagoen proposamen hori 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta ezin hobea da bikoteka, taldeka edo familiartean jolasteko 7 urtetik gorako haurrekin.

Argumentuak tropa karlistek erabat blokeatutako hirian kokatzen du parte-hartzailea. Iruñeko hogei mila biztanleak ezin izan ziren hiritik atera, erabat itxita geratu ziren sei hilabetez. 1874ko irailetik 1875eko otsailera gertatu zen. Negua zen eta janaria ikaragarri urritu zen, bizi-baldintzak okerragotuz. Egoera horretan, jokalariak inbaditzaileen kontra borroka egin eta hiriaren blokeoa saihestu behar du.

San Bartolome gotorlekua, Iruñeko barruti harresituaren historiaren parte

San Bartolome gotorlekua 1726an egindako proiektu handi baten parte da. Proiektua parte batez bakarrik gauzatu zen XVIII. mendean. Bertan, hiriaren fronte arriskugarrienak gotorleku aurreratuekin indartzen ziren. Garai hartan, Iruñeak gotorleku-sistema ona edukitzea lortu zuen, baina perfekzio hori zaharkitu zen setio-armak garatu ziren neurrian. Arma berrien eta eraso-estrategia berrien errealitateari aurre egiteko eraiki zen gotorleku hori, xede hartuta setiatzailearen lana oztopatzea eta egon litezkeen bonbardaketetatik babesteko soldaduei toki segurua eskaintzea, eta baita Labriten Bastioiari Caparrosoren errota baliotsua defendatzen laguntzea ere, gotorlekua haren gainean altxatu baitzen.

Barruan aurki daitezkeen ganga-formako kasernak soldaduak eta salgaiak bonbardaketen ondorioetatik babesteko egin ziren. Gaur egun gotorlekuen historia gordetzeko balio dute, eta barrutia zaharberritzen eta berreskuratzen hasi zen 2010 urteaz geroztik, hiriko gotorleku guztien historia erakusteko ere, interpretazio zentro baten bidez.

¿Te ha sido útil esta página?