Goizean, Enrique Maya Iruñeko alkateak Txernobyleko haur ukrainarrei egin die harrera, udako hilabeteotan Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan baitaude, Chernóbil Elkarteari esker. Haurrak harrera-familiekin eta elkarteko boluntarioekin etorri dira Udaletxera, beren herrialdera itzuli aurreko egunean.
Uztailaren 1ean 197 haur, guztira, lurreratu ziren Bilbon, uda ezberdin batez gozatzeko, Txernobylek 1986ko istripu nuklear suntsitzailetik oraindik ere pairatzen dituen arazoetatik urrun. Horietatik hogei haurrek baino gehiagok Nafarroan eman dute egonaldia, horiekin udako oporrak partekatzeko prest zeuden harrera-familia eskuzabalei esker.
Haurrentzat, bidaia herrialde eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera da, eta, halaber, oraindik erradiazioak eragina duen eremuan bizitzeagatik kaltetutako osasuna indartzeko aukera. Izan ere, kaltetutako immunitate-sistema horri laguntza emateko, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioarekin bat, eremu hartatik kanpo urtean gutxienez 40 egun igaro behar dituzte haurrek, organismoa eta defentsak indartu ahal izateko.
1995etik
Chernóbil Elkarteak ia mende-laurden bat darama Txernobyleko haurrendako harrera-programak antolatzen. Lehen bidaia 1995ean egin zen. Horrezkero, urtero ekarri dituzte Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroara, batez beste, 150 haur inguru, 6 eta 14 urte bitartekoak. Bi urtetan, 2008an eta 2009an, elkarteak gehiago ekarri zituen, baina ondoren haur-kopurua 200 inguruan egonkortu zen, Elkartekoek azaldu dutenez.
Bai elkartea bai Txernobyleko haurren alde egiten duen lana ezagutarazteko oraindik lanean jarraitu behar dela onartu du Mari Carmen Oscáriz elkarteko boluntarioak, alkateak egindako harreran. Eten gabe bilatzen ari dira harrera-familiak, ahalik eta haur gehienei laguntza emateko. Horregatik, Enrique Mayak harrera-familia guztiei eskuzabaltasuna eskertu die, eta familia iruindarrak “esperientzia hau gutxienez behin bizitzera” animatu ditu.
Ukrainako eremu horretatik bidaiatzen duten haur guztiek uda harrera-familiekin ematen badute ere, elkarteak hogei bat jarduera eta bisita antolatzen ditu guztientzat, orduan haurrak elkarrekin egon daitezen. Erakunde-bisiten barruan dago goizean Iruñeko Udaletxera egindako harrera.
197 haur hauek Nafarroarako eta Euskal Autonomia Erkidegorako bidaia bihar amaituko dute, asteazkenean, beren hirira itzuliko baitira, eta beren familiekin berrelkartuko. Chernóbil Elkarteak, gainera, laguntza humanitarioa bidaltzeko erabiltzen du itzulera-bidaia, haurren egunerokoa pixka bat erosoagoa izan dadin.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko alkateak Txernobyletik, hemen uda igarotzeko, etorritako haurrei egin die harrera