Plaka xume bat, piktograma batez azaltzen duena oinezkoen pasabideetako semaforoen funtzionamendua eta noiz gurutzatu daitekeen eta noiz ez. Iruñeko 342 oinezkoen pasabide semaforodunek ohiko elementuez gain osagai berri bat izanen dute: seinale berri hori autismoa duten adingabeei zuzenduta dago batik bat, baina informazio-osagaia den aldetik irisgarria da beste desgaitasun mota batzuk dituzten pertsonentzat. Ekimen aitzindaria da, marrazki soilaz harago doana; izan ere, semaforoaren aukera gorri-berdeak gizarte-istorio baten bidez eta deskribapenean beste osagai batzuk ere erabiliz azaltzen baitira.
Enrique Maya Iruñeko alkateak goizean parte hartu du horrelako lehen piktogramak paratzeko ekitaldian, Armada etorbideko 2aren pareko oinezkoen pasabide semaforodunean. Harekin batera izan dira Raquel Valle Espainiako Autismo Konfederazioko Eskubide eta Jardunbide Egokien arduraduna, Amaya Ariz Nafarroako Autismo Elkarteko (ANA) lehendakaria eta Ricardo Goñi Rural Kutxako erakunde arteko harremanetako zuzendaria. Duela zazpi urte, piktogramez seinaleztatzen hasi ziren eraikin publikoak, dendak, kirol-klubak, liburutegiak eta abar, autismoa duten pertsonak gizarteratzeko lehen urrats gisa, eta orain, hori indartu nahian, seinaleak paratzen ari dira semaforoetan.
Paratutako piktogramak oinezkoen pasabide semaforodunean gerta daitezkeen bi egoerak irudikatzen ditu. Marrazki gorriak, non pertsona bat agertzen baita gurutze batez zirrimarratutako oinezkoen bidearen ondoan, aditzera ematen du ezin dela gurutzatu. Berdez margotutako pertsona bat eta oinezkoen pasabide librea dituen irudiak, aldiz, gurutzatu daitekeela. Plaka piktogramadunak metalezko bridak erabiliz paratzen dira, espaloitik gertuen den semaforo-zutabeari lotuta, 1,50 metroko altuerara, gutxi gorabehera, oinezkoen bidera gerturatzen direnek erraz ikus dezaten.

684 seinale 342 oinezkoen pasabide semaforodunetarako
Diseinua ARASAAC Komunikazio Handigarri eta Alternatiboko Aragoiko Atariak egin du; ekimenak baliabide grafiko eta materialak eskaintzen ditu arlo horietan zailtasunen bat duten pertsonekiko komunikazioa errazteko. Piktograma psikologoekin eta ANA elkarteko adingabe autismodunekin testatu da, horren eraginkortasuna eta ulerkortasuna egiaztatzeko.
Iruñean 684 piktograma paratuko dira guztira (piktograma bana 342 oinezkoen pasabide semaforodunen bi aldeetan), eta kopuru hori 1.000ra iritsiko da Iruñerrian. Horretarako, ANA elkartea udalerri horietako udalekin eta bertan bizi diren familiekin harremanetan dago, izapideak bideratu ahal izateko. Ekimena, gainera, Nafarroako beste udalerri batzuetara zabaldu nahi da, hala nola Lizarra eta Tuterara. Jarduketak honako hauen babesa eta finantziazioa izan ditu: Iruñeko Udala, Rural Kutxa, Luminosos Arga eta ANA Nafarroako Autismo Elkartea.
Adingabe eta familien hobe beharrez
Nafarroako Autismo elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, gaitz horrek ukitutako guraso-talde batek 2012ko urtarrilean sortua. Xede du autismoa, autismoaren espektroko nahasmendua, garapen-nahasmendua, Asperger eta autismoaren espektroaren sintomatologiako nahasmenduak dituzten pertsonena eta haien familien ongizateari bultzada ematea. Ahal den heinean hobetu nahi ditu autismoa duten pertsonen gaitasun pertsonalak eta sozialak, haien burujabetasun pertsonala eta gizarteratzea bultzatu eta gurasoak, senitartekoak, profesionalak eta gizartea oro har prestatu autismoaren gainean. 320 familia dira ANA elkarteko bazkide, eta kalkulatu denez Nafarroan 500 bat familiak izan dezakete autismoa duten haurrik.
Irisgarritasun kognitiboaren arloko ekimenek bide ematen dute, Espainiako Autismo Konfederazioaren esanetan, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duen pertsonak gizartean parte har dezan, eta hartan gozatu dadin ahalik eta modurik autonomoenean, bere gaitasun edo beharrak gorabehera. Halako neurrien bidez urratsak ematen dira desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasun unibertsalaren eskubidea bermatzeko, zehazki AEN duen pertsonena, eta horrez gain, bete egiten dira hala Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideen Konbentzioa nola desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen eta gizarteratzearen lege orokorra.