Iruñean izanen da, heldu den astean, Ikaskuntza-Zerbitzuko Estatuko XII. Topaketa, metodologia honen erakustaldi zabala, adituen, erakundeen eta ikasleen eskutik

Iruñean izanen da, heldu den astean, Ikaskuntza-Zerbitzuko Estatuko XII. Topaketa, metodologia honen erakustaldi zabala, adituen, erakundeen eta ikasleen eskutik
Horren barruan, abenduaren 13an, ostiralarekin, Ikaskuntza-zerbitzuko sariketaren nazioko V. edizioaren sariak banatuko dira, horietako bi Iruñeko ikastetxeei
Aprendizaje servicio


Iruña izanen da Ikaskuntza-Zerbitzuko (ApS) Estatuko XII. Topaketaren egoitza, abenduaren 9tik, astelehenarekin, 13ra, ostiralarekin.  Bi tokitan izanen da, Kondestablen eta Baluarten, eta 600 lagun inguru bilduko dira hirian. Iruñeak Cosladari hartuko dio txanda hiriko Udalak eta Espainiako Ikaskuntza-zerbitzuko Sareak Edeberekin eta Educo GKErekin elkarlanean antolatutako ekitaldi honetan.
 

ApS edo ikaskuntza-zerbitzu solidarioa hezkuntzako lan-ildoa da, non ikasleek aukera duten komunitateari zerbitzuak ematearekin batera eduki akademikoak bereganatzeko, ikasitakoa guztion mesedetan praktikan jarrita. Horrela, asmo pedagogikoak eta solidarioak bat egiten dute, ikasleek beren ikaskuntza propioan parte hartzen dute, eta gizartearekiko arduratsuak dira.
 

Iruñeko Udalak kudeatuko du aurten topaketa nazional hau, eta horren barruan, Ikaskuntza-zerbitzu solidarioaren sariketaren V. edizioko sariak banatuko dira bertan. Horietako bi Iruñeko Sagrado Corazón eta Claret Larraona ikastetxeei egokitu zaizkie. Egun horretan berean (abenduak 13) emanen dira jakitera, baita ere, Iruñeak hiriko ikastetxeen artean banatuko dituenak. Astean zehar, eta abenduaren 16ra bitarte, Kondestablearen patioan erakusketa bat izanen da aurten Foru Komunitatean egindako Ikaskuntza-zerbitzu solidarioko proiektuei buruzko panelekin.
 

Gaur goizean aurkeztu dute topaketa Francisco Soto Ikaskuntza-zerbitzuko Nafarroako Sareko lehendakariak, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta José Manuel Santana alor bereko idazkari teknikoak.
 

Handia da topaketan arituko diren parte-hartzaileen zerrenda. Besteak beste, honako hauek arituko dira: María Nieves Tapia, pedagogoa, Ikaskuntza-zerbitzuko metodologiaren erreferentea munduan eta Zerbitzu Solidarioko Zentro Latinoamerikarraren sortzailea eta zuzendaria (CLAYSS), eta irakasle batzuk, NUP, Nafarroako Unibertsitate, Madrilgo Unibertsitate Politekniko eta Autonomakoak. Tokiko eta Autonomia Erkidegoetako erakundeen ordezkaritza instituzionala ere izanen da, hala nola Extremadura, Valentzia eta Nafarroakoa, bai eta zenbait erakunde nazionalena ere, hala nola Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioko Hezkuntza Berrikuntza eta Ikerketako Zentroarena (CLAYSS) edo Ingurumen-Hezkuntzako Zentro Nazionalarena (CENEAM).
 

Ekitaldi hau gure hirian ospatzeko abiapuntua da Udalak pasa den martxoan REDAPSekin sinatu zuen hitzarmena. Iruñeak 2017.az geroztik jarduten du Ikaskuntza-zerbitzu solidarioko metodologian, proiektuen deialdi publiko baten bitartez. 2019ko deialdi nazionalean, 30.500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte, 279 proiektu ezberdinekin.
 

Lau topaketa-egun

Astean zehar egiteko aurreikusi diren jardueren artean, abenduaren 10ean, asteartearekin, programaren alde orokorraren azalpena eta sarrera eginen dira. 17:30etik 20:00etara, lau saio teoriko jarraian eginen dira Kondestablen, honako hauek hizpide hartuta: praktika onak ApSn; genero-ikuspegia metodologia honetan txertatzea, eta lan mota honen lotura hezkuntza-esparruan 2030ko Agendarekin eta NBEren milurteko helburuekin. Lehen saio horietarako 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
 

Ikaskuntza-zerbitzuak, egun, eskolako ziklo eta modalitate guztiak ukitzen ditu, Haur-Lehen Hezkuntzatik Unibertsitatera zein Lanbide Heziketara. Hori horrela, asteazkenean, 11.200 lagunek arratsaldea emanen dute Nafarroan, Haur eta Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan, LHn eta Hezkuntza ez Formalean egin diren zenbait proiektu ezagutzen.
 

12ko goizean, ostegunez, Unibertsitatearen esparruari helduko zaio, eta ezagutzera emanen dira Nafarroako Unibertsitateak, NUPek eta UHUNek egindako proiektuak. Arratsaldean, saioak Baluarte Biltzar Jauregian eginen dira, 19:00etan; izan ere, Luneta aretoan Nieves Tapia pedagogoa arituko da izena eman duten 200 lagunen aurrean.
 

13an, ostiralarekin, XII. Topaketa bera izanen da, Baluarteko Ganbera Aretoan, 09:00etatik aitzina. Gune horretan banatuko dira sariak, naziokoak goizean, eta Iruñekoak, arratsaldean. Lehenak jakitera eman ziren jada jendaurrean; 18 sari dira, zenbait tokitako ikastetxeei eta ikasleei emanak. Hona toki horien zerrenda: Badajoz, Gipuzkoa, Granada, Valladolid, Gijón, Madril, Girona, Valentzia, Bartzelona, Alacant, Palentzia, Mallorca eta Iruña.
 

Ia 30.600 lagun aritu dira lanean

Lehiaketa nazionalaren kopuruek ematen digute sarean egindako lan honen handitasunaren berri. Aurten, 279 proiektu aurkeztu dira, non parte hartu baitute 547 ikastetxetako 30.594 neska-mutilek. Badira proiektu batzuk, hala nola Mallorcakoa edo Granadakoa, non abiapuntutzat hartu baitira lurralde horietako ikastetxe batzuen lankidetza-proposamenak. Parte hartu duten ikastetxeen % 45 sare publikokoak dira. Zerrendan, autonomia-erkidego guztiek dute ordezkaritza. Nafarroak 23 proiektu aurkeztu ditu, eta bosgarren erkidegoa da proposamen-kopuruetan, Madril, Valentzia, Katalunia eta Andaluziaren atzetik. Hezkuntza-mailei dagokienez, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleak izan dira aktiboenak, 125 proiektu aurkeztuta.
 

Proposamenek garrantzi handiko gaiak aztertu dituzte, hala nola zaharren bizi-kalitatearen hobekuntza, genero-indarkeria, etorkinen eskubideak, belaunaldiarteko guneen sorrera, jostailuak ematea erosi ezin dituztenei, estigma sozialek eragindako eskola-absentismoaren kontrako borroka zein komunitatearen osasuna.
 

Edizio honetan, Iruñeko bi ikastetxek bereganatu dute saria. Sagrado Corazónek Ikaskuntza-zerbitzu solidarioko hezkuntza-proiektu globalean txertatzeko saria jaso du bere ikas-maila guztiak barne hartzen dituen zeharkako lan baten bidez, non 16 eduki ezberdin jorratu diren, besteak beste, desgaitasuna, eskola-ibilbideak eta bidezko merkataritza. Bestalde, Iruñeko Claret-Larraonak Gazteen Ahalduntzea Sustatzeko sari bat jaso du, herritarrak erakunde ordezkarietara hurbiltzeko ekimen batengatik. Arratsaldez, Iruñeko edizioko irabazleak jakinaraziko dira; horretara hiriko 8 zentrotako 10 proiektu aurkeztu dira, Haur eta Lehen Hezkuntzako 4, DBH-Batxilergoko 4, Lanbide Heziketa arautuko 1 eta arautu gabeko Lanbide Heziketako beste bat (EISOL – Iruñeko Udaleko Gizarteratze eta Lanerako Taldea).
 

Nafarroan egiten ari den ikaskuntza-zerbitzu solidarioa ezagutzea

Aste osoan zehar, Kondestablen, lekua izanen dute azken ikasturteetan Nafarroan landu diren hogeita hamar proiektuk, jatorriaren eta hezkuntza-etaparen arabera sailkatuak. Abenduaren 9 eta 16a bitarte, patioa gizarte-aurrerabiderako ideien erakusleiho zabal bat bilakatuko da, Sarriguren, Uxue, Faltzes, Iruña, Tutera zein Azkoienetik etorritako ikasleek ekarriak. Modu egoki bat izanen da ikusteko nola lotzen den ikasketa-metodologia hau gizartean.
 

Egonen dira, baita ere, beste bost proiekturen panelak, ‘Hezkuntza ez formala’ kategoriakoak, eta honako hauek aurkeztuak: Nuevo Futuro elkartea, Lacarra adinekoen elkartea, Paz y Solidaridad fundazioa, Nuestra Señora de la Paz parrokiako eskaut-taldea eta Medicus Mundi. Erakusketa 9:00etatik 21:00etara egonen da ikusgai.