Iruñeak zortzi istripu birsortu ditu bide publikoan, eskala naturalean, herritarrei gogorarazteko istripu-tasa guztion ardura dela

Iruñeak zortzi istripu birsortu ditu bide publikoan, eskala naturalean, herritarrei gogorarazteko istripu-tasa guztion ardura dela
Udala eta Nafarroako Aseguru Artekaritzako Elkartea elkarlanean ari dira hirian istripuak prebenitzeko kanpaina honetan. 2018an 2.753 istripu izan ziren
Accidente recreación

 

 

Mota ezberdinetako zortzi istripuren birsortzea eskala naturalean. Horixe da Iruñeko Udalak eta Nafarroako Aseguru Artekaritzako ANACOSE elkarteak Iruñeko bide publikoaren zenbait kaletan egin duten esku-hartzea, herritarrei gogorarazteko istripuetako asko saihestu daitezkeela, eta hala oinezkoek nola gidariek erraz uler eta kontuan har ditzaten zuhurtziagabekeria batek izan ditzakeen ondorioak. 2018an Udaltzaingoak 2.753 istripu erregistratu zituen, eta horien ondorioak 5 hildako eta larri zauritutako 40 lagun izan ziren; gainera, istripuen guztizko kopuruaren herena baino gehiago gidariak arreta galtzeagatik edo haren aurreikuspen- zein trebetasun-faltagatik gertatu ziren.

Gaur goizean, Enrique Maya Iruñeko alkatea, Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria, Javier Goya udaltzainburua eta Silvia Manjón Nafarroako Aseguru Artekaritza Elkarteko lehendakaria “arreta galtzearen ondoriozko iraultze-istripu” baten simulazioan izan dira, agertoki hori paratu baita Karlos III.ean, Arrieta kalearen parean. Mayak eta Majónek bertan azaldu dute nola eta zergatik sortu zen sei eguneko kanpaina hau, jomuga duena guztion arreta erakartzea saihestu daitezkeen istripuen estatistiketara. Kanpaina igandean, urriak 6, amaituko da, eta simulazioak biharamunean desmuntatuko dira.

Udalak eta ANACOSEk herritarrak animatu nahi dituzte gaia sare sozialetara ere eramatera, #IruñeakSeguruGidatzendu zein #PamplonaConduceSeguro traol-hitzak erabiliz, xede harturik gero eta pertsona gutxiago izan daitezen halako estatistiken parte. Kanpaina hori Iruñeko Udalaren profil sozialetan ere ikusaraziko da. Jarduketari “Istripuen prebentzioa hirigunean” izenburua jarri zaio, eta Algas Comunicación agentziak diseinatu du 10.686 euroko aurrekontuaz, ekimena bultzatu duten entitateen artean banatua.

8 agertoki eta 4 kausa: abiadura, arreta-galtzea, harrapaketak eta kontsumoak

“Kale-ekintza” honen proposamenak Iruñeko Udaltzaingoak hiriari buruz dituen istripu-estatistikak ditu oinarri, eta simulazioak non paratu diren, eta auzo horietan gehien izaten den gertaeraren arabera egokitu dira. Gogoetarako proposatu diren lau ardatzak hauek dira: alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa; abiadura desegokia, arreta-galtzeak oro har, eta bereziki mugikorren erabilerari lotutakoak, eta harrapaketak. Lau kausa horiek honelako gorabeherak sor ditzakete: galtzadatik irtetea, beste ibilgailuak edo altzari publikoak jotzea, ziklistekin talka egitea, oinezkoak harrapatzea eta erortzea. Horiek guztiek bide publikoa arriskutsu bihurtzen dute.

Begiz ikusitakoa ukaezina da; eta hori abiapuntu harturik, Desguaces La Cabaña-tik istripua izan duten 10 ibilgailu ekarri eta hirian paratu dira goizean zehar, “agertoki-koadro” gisa. Karlos III.eko iraultze-istripuaz gain beste iraultze-simulazio bat dago Arga ibaiaren kalean (Zamargileen zubiaren ondoan), eta hirugarren bat Katalunia kalean. Talka baten ondorio ikusgarriak Iturrama kalearen eta Pío XII.a etorbidearen elkargunean ikusten ahalko dira, baita Gipuzkoako etorbidearen eta Santa Luzia kalearen arteko bidegurutzean ere. Iturraman eta Arga ibaiaren kaleko biribilgunean, Zamargileen zubitik ateratzean, harrapaketa baten agertokiak ere birsortu dira, eta Monjardín zein Gaztelugibel kaleetan, galtzadatik irtendako autoak, farola eta zuhaitza, hurrenez hurren, bete-betean jo dituztelarik.
 

Mezuak eta euskarriak

“Ikusi duzu azken whatsapp-a?”; halako hizketaldi batez hasten da maiz gerora istripua ekarriko duen arreta-galtzea. Simulatutako istripuen kausak agertoki bakoitzean ageri dira idatzita, tamaina handian inprimatutako bunbuilotan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Ondoan, lur gainean, kolore indartsuko bi piramide, non estatistikak eta mezuak jasotzen baitira. “Tupustean gertatzen da; bizitza osoa eman duzu hau entzuten / zergatik erabiltzen duzu mugikorra gidatzen ari zarenean? / Iaz, Iruñean, 801 pertsonak izan zuten istripua arreta galtzeagatik / Ez egon estatistikaren barruan / Aseguru-artekariek hiri-bideetako istripuei erantzuna ematen diete... Laguntzen ahal zaituzte, baina ez egin nahiago lukete”. Hori da pauta orokorra, non mezuak eta estatistikak elkartzen baitira.

Istripu simulazio guztiak bide publikotik isolatu dira, segurtasuneko hesiez eta zintaz, eta kokalekuak Udaltzaingoak hautatu ditu, agertokiak leku ikusgarrietan jarrita baina oinezkoen zein gidarien zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko bilatuta.
 

Campaña accidentes


Istripu-kopuruen estatistikak Iruñean

Udaltzaingoak 2.753 istripu erregistratu zituen Iruñean 2018an. Horietako % 69,8 hiru tipologiari lotzen ahal zaizkie: atzeko talkak (670), aparkatutako ibilgailuak jotzea (630) eta aurre- edo albo-talkak (624). Hurrengo kategoria “ukitu doi-doiak” dira, 229 erregistratu zirelarik. Badira ere beste kausa batzuk, hala nola erorikoak (90), galtzadatik irteteak (73), ziklistei egindako talkak (63) eta sailkatzen zailak diren beste batzuk (76). Bestalde, autoek edo bizikletek egindako 154 harrapaketa –larritasun-maila ezberdinetakoak– zenbatu ziren iaz Iruñean. Harrapaketa guztien kasuen % 40,9an ziklistak izan ziren biktimak.

Istripu guztietatik ia herena (910) arreta-galerek edo gidariaren aurreikuspen- zein trebezia-faltak eragin zituzten. Istripuen bigarren kausa dokumentatua errei-aldaketa modu desegokian egitea izan zen (377 istriputan), eta hirugarrena, seinaleei edo semaforoei men ez egitea (275). Baina kausak askotarikoak izan daitezke: segurtasun-tartea ez gordetzea (240), atzera-martxan zirkulatzea (243) eta substantzia estupefazienteen edo alkoholaren eraginpean gidatzea (133), besteak beste.

Ondare publiko zein pribatuari eragiten zaizkien kalteez harago, istripuetan biktimak izaten dira. 2018ko 2.753 istripuen emaitza hauxe izan zen: 5 hildako eta zauri larriak izan zituzten 40 lagun. Gainera, iaz, bide-segurtasunaren aurkako 400 delitu erregistratu ziren.

Nafarroako Aseguru Artekaritzako ANACOSE elkarteak gidarien eta aseguru-entitateen arteko zubi-lana egiten dituzten aseguru-artekariak biltzen ditu; aholku ematen du asegurua kontratatzerakoan, eta istripu bati loturiko izapideak egiteko prozesuan laguntzen du hura erabat ebatzi arte. Hirigunean gertatzen diren istripuak prebenitzeko kanpaina hau bultzatzen du, eta horretan lanean ari da; izan ere, haren lana ibilgailuak aseguratzean datza, bai, baina azpimarratu nahi den ideia da guztientzat hobe litzatekeela halako kontratuak erabili beharrik ez izatea.