Iruñeak urte hasierarako estalitako haurrendako sei jolasgune berri izanen ditu Arrotxapean, Buztintxurin, Txantrean, Lezkairun, Sanduzelain eta Azpilagañan

Iruñeak urte hasierarako estalitako haurrendako sei jolasgune berri izanen ditu Arrotxapean, Buztintxurin, Txantrean, Lezkairun, Sanduzelain eta Azpilagañan
Iruñeko Udalak 480.908 euro inbertituko ditu ehun-estalki horiek hornitu eta instalatzeko

 

 

Azaroan zehar abiatuko dira hiriko haurrendako sei jolasgune estaltzeko lanak. Arrotxapeko Anelier pasealekuan, Buztintxuriko Santa Luzia pasealekuan, Azpilagañako Manuel Turrillas plazan, Txantreako Ezkaba plazan, Lezkairuko Maravillas Lanberto plazan eta Sanduzelaiko Sandua pasealekuan, Civivoxaren parean, daude. Lanen iraupena 40 eta 75 egun artekoa izanen da, beraz, denak amaituta egonen dira datorren urteko lehen hiruhilekoan.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du hiru sortatan banatutako kontratuaren adjudikazioa, sei ehun-estalki horiek hornitu eta instalatzeko. Hiru sortak 480.908,74 euroan adjudikatu dira, hau da 610.000 euro jotzen zuen lizitazio-prezioa baino % 21,1 gutxiagoan. Lehengo sorta, Arrotxapeko, Buztintxuriko eta Azpilagañako jolasguneak barne hartzen dituena, Carpas Zaragoza enpresak gauzatuko du, 227.960 euroko aurrekontuarekin; bigarren sorta, Txantreako eta Lezkairuko ehun-estalkiak barne hartzen dituena, Arquitectura Textil enpresari adjudikatu zaio 173.748,74 euroan; eta hirugarren sorta, Sanduzelaiko instalazioa eginen duena, Carpas Zaragoza enpresak ere eginen du, 79.200 euroko aurrekontuarekin.

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak estalki horiek nolakoak izanen diren eta proposatutako irtenbideak zehaztu ditu. Haurrendako sei jolasgune horiek, behin estalita, dagoeneko Iturramako bulebarrean eta Mendillorriko Aintziran daudenei gehituko zaizkie. Modu horretan, Udalak hainbat auzotako familien eskaerak asetzea lortu nahi du, klimatologikoki hain baldintzatuta dagoen Iruña bezalako hiri batean haurrendako estalitako guneak eskatzen baitituzte. Inbertsio hau Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek aurten lortutako aurrekontu-akordioaren zuzenketen parte da.

Estalkiak metalezko egiturez eginen dira, eta horiek estaltzeko poliester-ehuneko erresistentzia handiko mintzak erabiliko dira, PVCz estaliak bi aldeetatik eta kolore zuri zeharrargikoak. Estalkiaren diseinuaren eta inguruan dauden luminarien araberako argiak instalatuko dira estalduren azpian. Kontratuak barne hartzen du estalkiak eusteko behar den obra zibila (zapatak egitea eta zoladurak birjartzea), hornikuntza eta egituraren muntaia, zein lehendik zeuden instalazioek zituzten kalteak ere. Era berean, barne hartzen du sei estalkien mantentze-lanak egitea (prebentziokoak eta zuzentzaileak) berme-aldiak indarrean dirauen bitartean. 

Irtenbideak Arrotxapea, Buztintxuri eta Azpilagañarako

Arrotxapeko Anelier pasealekuko eraikuntzako irtenbideak zazpi arku kurbatu ditu, erdiko arkua posizio erabat bertikalean dago eta alboetakoak kanporantz inklinatuta, amaieran hegal moduko bat osatuz. Anelier pasealekuko haurrendako jolasguneak 11,36 metroko oinplano laukizuzena du. Arku-argia 14 metro ingurukoa izanen da eta goihabea sestratik 5,5 metro gorago kokatuko da. 380 m2 inguru estaliko dira. Lurreko ainguratzeek ez dute parkearen ondoan dagoen eserleku eremua inbadituko.

Buztintxuriko Santa Luziako pasealekuko jolasguneak 16,17 metro inguruko oinplano karratua du. Estalkirako sei bipodez lagundutako erdiko arku bat planteatu da. Arkua bere planoaren gainean jarrita eta zeharkako ardatzean txertatuta konfiguratu da, modu horretan, jarduketa eremu guztia estaltzeko. Estaliko den gainazalak 300 metro koadrora iritsiko da.

1. sortako hirugarren estalkia Azpilagañako Manuel Turrillas plazakoa da, zeinak berezitasun bat baitu, lurpeko aparkaleku batean ezarrita egotea, eta hori kontuan hartu beharra dago egitura berriaren zimenduak egiteko orduan. Jolasgunea karratua denez ere, 12,12 metrokoa, irtenbidea Buztintxurikoaren antzekoa da, 6 bipodez lagundutako erdiko arku batekin. Zimenduak, lurperatutako zapatekin egin ordez, lotutako zapatekin edo harlauza jarraitukoekin eginen dira, ertz minimoarekin.

Berariazkotasunak Txantreako, Lezkairuko eta Sanduzelaiko jolasguneetan

Bigarren sortak Txantreako Ezkaba eta Lezkairuko Maravillas Lanberto plazetako haurrendako jolasguneak barne hartzen ditu. Ezkaba plazan jolasgunea ‘L’ bat eratzen duten bi laukizuzenetan kokatzen da. Proposatutako estalkia fisionomia horretara egokitzen da, luzera desberdineko nerbio metaliko batzuekin, azaleraren 200 m2-ak hartzeko, eta altuera anitzekin, haurrendako parkea osatzen duten elementuak saihesteko.

Lezkairuko Maravillas Lanberto plazan bereizitako bi estalki proposatu dira eremuan dauden bi jolasguneetako bakoitzarendako, baina elkarrekin kontektatuta egonen dira. Bi estalki erdizirkular dira, jolasen geometriarekin bat datozenak, eta metalezko hiru zutabek eutsiak, 150 m2 baino gehiagoko eremua estaltzen dutenak.

Sanduzelaiko Sandua pasealekuko jolasgunerako (3. sortakoa) konponbide asimetrikoa eskaini da, aurrekoak baino konplexuagoa delako zuhaitzek eta txorkoek inguratzen baitute, eta ‘T’ itxura baitu. 5,80 metroko altuerako bi arku planteatu dira, ‘T’-aren beheko aldetik abiatzen direnak eta egitura zuhaitz handienekin ez gurutzatzea helburu dutenak. Jolasgunearen 242 m2-ak estaltzeko, estalkia eutsiko duten 4 eta 3 metroko hainbat zutabe jarriko dira.

¿Te ha sido útil esta página?