
Iruñeko Udalak polen-arriskuari buruzko informazio-sistema aktibatu du, eta 1.850 pertsona baino gehiago daude harpidetuta. Ekainaren 27ra arte, astelehenero, mezu bat bidaliko da telefono bidez edo helbide elektroniko bidez aste horretan espero den polen-mailaren berri emateko: informazio hori oso garrantzitsua da, bereziki alergiaren bat dutenentzat. Iaz bezala, aurreratu egin dute mezuak bidaltzen hasteko data, eta beraz, 4 aste luzatu dute zerbitzua.
Zerbitzua doakoa da, eta izena emateko Herritarrendako arreta- telefonora deitu behar da, 010 (948420100): nahikoa da izena eta telefono zenbakia edo helbide elektronikoa ematea, informazioa jaso ahal izateko. Helbide elektroniko bidez ere eman daiteke izena: 010@pamplona.es.
www.pamplona.es/eu webgunearen azalean ere jarriko dute informazioa: landare-espezie bakoitzaren argazki bat jarriko dute, eta ondoan, bakoitzak polenarekin lotuta dakarren arriskua. Hiru maila izanen dira: txikia, ertaina eta handia. Halaber, Udalak sare sozialetan dituen profiletan ere zabalduko dute informazio hori. Zure hiria egunez egun irratsaio txikian ere emanen dute polen-mailaren berri. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean eskaintzen du Udalak informazio-zerbitzu hori, institutu horrek jakinarazten baitio metro kubiko bakoitzeko polen-aleen zer kontzentrazio dagoen airean.
Hirian dauden hainbat zuhaitz- eta landare- espeziek sortzen ahal dizkiete gorabeherak polen mota horiekiko sentikorrak direnei. Nagusiki, haltza, altzifrea, pinua, zumarra, urkia, lizarra, zedroa, artea, haritza, olibondoa, gaztainondoa, platanondoa, gramineoak, plantaina eta urtikazeoak dira arriskutsuak. Lehen adierazitako webgune horretan bertan jakin daiteke espezie bakoitzak zer polen-kontzentrazio duen eta non dauden espezie horiek auzo bakoitzean.
Udala 2010ean hasi zen informazio hori herritarren artean zabaltzen, duela 15 urte baino gehiago, eta ordutik, handitu eta handitu ari da harpidedunen kopurua. Hasieran 330 erabiltzaile ziren; 2015ean, 1.035, eta 2020an, 1.581. Iaz 81 lagun gehiagok eman zuten izena, eta denboraldi amaierarako 1.856 harpidedun ziren. Denboraldi hartan, Udalak 30.507 SMS eta ia 4.000 mezu elektroniko bidali zituen.
15 URTE DATUTAN
Urtea | Izen-emateak |
2010 | 236 |
2011 | 330 |
2012 | 362 |
2013 | 530 |
2014 | 846 |
2015 | 1.035 |
2016 | 1.182 |
2017 | 1.323 |
2018 | 1.404 |
2019 | 1.496 |
2020 | 1.581 |
2021 | 1.674 |
2022 | 1.726 |
2023 | 1.775 |
2024 | 1.850 |