Iruñeak hobariak emanen dizkie autokontsumorako instalazioei EIOZan eta hiri-kontribuzioan, eta, horrez gain, 2022ko dirulaguntzak handitu ditu oraindik ere eskuragarri dauden funtsekin

Iruñeak hobariak emanen dizkie autokontsumorako instalazioei EIOZan eta hiri-kontribuzioan, eta, horrez gain, 2022ko dirulaguntzak handitu ditu oraindik ere eskuragarri dauden funtsekin
Udal-mugartean dagoeneko autokontsumoko 120 instalazio daude, instalatutako 3 MW-ak gainditzen dituztenak, horien % 70 etxebizitza pribatuen sektorean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udala lanean ari da, Go Green Iruña estrategiaren barruan eta Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Iruñeko 2030 Estrategiaren esparruan, energia kontsumoa murriztearen eta energia berriztagarriak, oro har, areagotzearen alde. Hori egiten du, batetik, udal-instalazioetan energia sortuz eta kontsumoak murriztuz, eta bestetik, ekoizpen banatua garatzea erraztuz: hirian eguzki plakak instalatzea bultzatuz, banakakoak zein komunitarioak, herritarrei energia garbia sortzen laguntzeko. Halaber, duela hamarkada batzuk eta Udaleko Energia Agentziaren eta Ingurumen Hezkuntzako Museoaren bidez, Udala sentsibilizazioa jorratzen ari da, edozein energia mota ahalik eta modu jasangarrienean erabil dadin. 

Horrek guztiak sistemaren jasangarritasuna, oro har, hobetzeaz gain, faktura elektrikoaren zenbatekoa murriztea dakar, eta hori bereziki garrantzitsua da egungo nazioarteko testuinguruan, energia-horniduraz bezainbatean.

Udalak ildo desberdinetatik heltzen dio herritarrei laguntza emateari. Batetik, Udala bere araudia aldatzen ari da eguzki-plaken instalazioa errazteko. Horrela, aurten Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) % 95eko hobaria sartu da indarrean, eta Lurraren kontribuzioaren kuota osoa % 50 murriztuko da hiru urtez (betiere gauzatze-kostuaren % 30 gainditzen ez badu). Horrez gain, instalazioen administrazio-izapideak errazte aldera, eguzki-plakak instalatzeko dagoeneko ez da obra-lizentziarik behar, eta nahikoa da ‘erantzukizunpeko adierazpena’ delako izapidea bakarrik egitea.

Udalak urtero autokontsumorako berriztagarriak instalatzeko dirulaguntzetarako zenbateko bat du. Une honetan 10 etxe gehiagok eska litzakete edizio honetakoak (2022), zeinen aurreikusitako guztizko zenbatekoa 40.000 euro baita. Honako gastu hauek finantzatuko dira: elementu sortzaileak, ainguraketa- eta euste-sistemak, inbertsoreak, kableak eta babesgarriak eta bateriak (aukeran). Diruz lagundu daitekeen inbertsioa ez da 2.000 eurotik beherakoa izanen eta diseinu- edo ingeniaritza-lanek ezin izanen dute izan instalazioaren kostu osoaren % 10 baino gehiago. Hori horrela, eman daitekeen zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gastuaren % 50era bitartekoa izanen da, eta eskaera bakoitzeko gehienez ere 2.000 eurokoa izanen da banakako autokontsumoan, eta 4.000 eurokoa autokontsumo partekatuan.

Iruñeko udal-mugartean gaur egun autokontsumorako 120 instalazio daude, horien % 70 etxebizitzen sektorean (horien artean % 12, Txantrean, eta % 8, Mendillorrin). Udal-dirulaguntzek lurralde-maila ezberdinetako beste erakunde batzuek eskainitakoak osatzen dituzte, hala nola Nafarroako Gobernuaren zerga-arintzea. Hiriko auzo batzuek, halaber, urtebetean kontsumitzen dutena baino energia gehiago sortzeko ahalmena dute, berriztagarria gainera. Azterketa hori Udalak eguneratuta mantentzen duen eta 2021eko udaberriaz geroztik udal-webgunean kontsultatu daitekeen neurketa-tresna honen babesa du: ‘Eguzki-mapa’.

Tresna horrek hiriak eguzki-energia fotovoltaikoa eta eguzki-energia termikoa sortzeko duen potentziala aztertzen du, jasotako eguzki-erradiazioaren arabera. Hortaz, herritarrei oinarrizko informazioa ematen die haien instalazioen amortizazioa aztertzeko. Hori horrela, bizitegi-, industria- edo zerbitzu-eraikinetako estalki bakoitzerako informazioa ematen da: instalazio fotovoltaikoa eta termikoa egiteko erabilgarri dagoen gainazala, instalazioaren potentzia fotovoltaikoa eta energia elektrikoa eta termikoa sortzeko ahalmena, hileko eta urteko. Eguzki-mapa 2020an aurkeztu zen ‘Energiari buruzko diagnostikoaren’ emaitzetako bat izan zen.

¿Te ha sido útil esta página?