Iruñeak Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sarean sartu zeneko 25. urteurrena ospatuko du

Iruñeak Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sarean sartu zeneko 25. urteurrena ospatuko du
Udalaren webgunea Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunerako prestatzen ari da, egunero ikaskuntzen edo Sarearen ondareen inguruko bideoak eskainiz

Red Internacional de Ciudades Educadoras

Iruñeak 1995ean egin zuen bat Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sarearekin, Bartzelonan sortu eta bost urte geroago. 2020 honetan, beraz, hogeita hamar urte bete dira Sarea osatu zenetik eta hori sortzeko Hiri Hezitzaileen Gutuna aldarrikatu zenetik, eta 25 Iruñeak horrekin bat egin zuenetik. Hori dela-eta, www.pamplona.es webguneak hasierako orriaren parte bat eskaini dio efemeride horri, zeina azaroaren 30ean ospatuko baita, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunean.
 

Egun hori bitarte, Udalaren webguneak bideo labur batzuk argitaratuz joanen da, irakaskuntza edo ondare gisa; horietan biltzen dira sarearen parte diren hiriek 30 urteko partaidetzako ibilbidean eskuratutako alderdi, ezaugarri, elementu eta mezuak. Horretaz gain, urtemuga hau probestu da Hiri Hezitzaileen Gutunaren edukiak eguneratzeko, garai berrietara eta azken hiru hamarkada hauetan izan den bilakaera sozial, kultural, teknologiko eta ekonomikoari egokituz.
 

Hiri hezitzailea izateak berekin dakartza hainbat ikaskuntza, ondorio eta onura. Horietan, administrazioek bere gain hartzen dituzte hezteko eta hiria eraldatzeko ardura, bizitza eta aniztasuna errespetatzen dituen espazioan. Gaur egun, mundu osoko 36 herrialdetako 500 hiri baino gehiago dira Sare honetako kide. Azaroaren 30erako, orain hedatzen ari diren irakaspenena baino bideo luzeago bat prestatzen ari da, data hori ospatu eta Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kide izanda hartutako konpromisoak ezagutarazi eta berresteko. Eduki horiek hobeki hedatzeko, #EdCities30years hashtag-a sortu da.
 

Hiri Hezitzaileen Gutun eguneratua

Hiri Hezitzaileen Gutunaren bertsio berriak hasieratik sustatzen diren funts eta balioak gordetzen ditu. Gutuna eguneratu egin da hiriek udal-ekintza sustatzen jarraitzeko duten erronka global berriak ikusita. Gutun berriak generoaren gaia indartzen du eta jasangarritasuna azpimarratu, osasunari eta zaintza-lanei buruzko printzipio berariazko bat dauka, indar handiagoa ematen dio kulturari eta beste gai batzuk ere eransten ditu, besteak beste, arrakala digitala eta Big Data.
 

Hiri Hezitzaileen Gutunak 20 printzipio ditu, hiru multzotan sailkatuta: hiri hezitzailerako eskubidea, hiriaren engaiamendua eta pertsonei zerbitzu osoa ematekoa. Hitzaurrean esaten den bezala, "hiri hezitzailea etengabeko prozesuan bizi da, xedea du komunitatea eraikitzea eta herritar libreak, arduratsuak eta solidarioak sortzea, gai direnak desberdintasunarekin elkarbizitzeko, gatazkak era baketsuan konpontzeko eta guztion onuraren alde lan egiteko".
 

 

Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30 urte, 30 irakaspen

  • Hiri hezitzailea ikasketen laborategi bizia da.
  • Hiri hezitzaileak hezkuntza-aukera andana eskaintzen die herritar guztiei.
  • Hiri hezitzailean, hezkuntza ikastetxetik haratago doa, eta kale, plaza eta parkeetan eragina du.
  • Hiri hezitzaileak elkarbizitza, inklusioa, berdintasunean oinarritutako aniztasuna, justizia soziala, elkartasuna eta bakea sustatzen ditu.
  • Hiri hezitzaileak garapena bultzatu eta herritarrak ahalduntzen ditu.
  • Hiri hezitzailean, pertsonek bizitza osoan zehar ikasten dute.
  • Hiri hezitzailean, pertsona guztiek dute beti zer irakatsi eta zer ikasi.
  • Hiri hezitzaileak komunitate osoaren konpromisoa behar du hezteko.
  • Hiri hezitzailean ezagutzak eta gaitasunak eskuratzea sustatzen da, eta norbera izaten nahiz elkarbizitzan aritzen jakitea bultzatzen da.
  • Hiri hezitzaileak ez du inor atzean uzten.
  • Hiri hezitzaileak hezkuntzarekiko borondatea eta konpromiso politikoa behar ditu.
  • Hiri hezitzailean, pertsonak udal-jardunaren erdigunean daude.
  • Hiri hezitzailean, hezkuntza udal alor guztien ardura da.
  • Hiri hezitzaileak udal-politiken hezkuntza-eragina indartu, ikusarazi eta ebaluatzen ditu.
  •  Hiri hezitzailea tokiko gobernuaren eta gizarte zibilaren arteko proiektu partekatua da.
  • Hiri hezitzailea eraikitzeak lankidetza eta sare-lana behar ditu.
  • Komunikazioa eta informazioa giltzarri dira hiri hezitzailean.
  • Hiri hezitzaileak entzute aktiboa praktikan jartzen du.
  • Hiri hezitzaileak herritarren partaidetza sustatzen du.
  • Hiri hezitzaileak herritar demokratiko, aktibo eta kritikoak trebatzen ditu.
  • Hiri hezitzaileak herritarrekin batera identifikatzen ditu arazoak, eta erantzuten die.
  • Hiri hezitzailean, utopiak hezkuntza-zeregina blaitzen du.
  • Hiri hezitzailea gizarte- eta hezkuntza-inkubagailua da.
  • Hiri hezitzailea izateak hiri-proiektu partekatua eta denboran zehar mantendua behar du.
  • Hiri hezitzaileak bizimodu osasungarri eta jasangarriak bultzatzen ditu.
  • Hiri hezitzailea hiri gizatiar eta erosoa da.
  • Hiri hezitzaileak kidetasun-sentimendua eta komunitate-loturak sendotzen ditu.
  • Hiri hezitzailean, hezkuntzak pertsonak eraldatzen ditu mundua eraldatzeko.
  •  Hiri hezitzaileek elkarrengandik ikasten dute.
  • Mundu osoko 500 hiri baino gehiago daude engaiaturik Hiri Hezitzaileen Kartarekin.
¿Te ha sido útil esta página?