
Iruñeko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiak 2030erako, estrategia-ildoak eta ekintzak zehaztuko ditu, aurrerapausoak eman daitezen energia-trantsizioan, klima-aldaketaren kontrako borrokan eta hiria klima-ondorio eta -arriskuen aurrean egokitzeko prozesuan. Iruñeak abian jarri du jada agiriaren prestaketa eta heldu den urteko lehen hiruhilekorako edukiko du prest. Ekimenaren xedea estrategia bat diseinatzea da, ikuspegi komuna, zeharkakoa eta epe luzekoa abiapuntu hartuta, Iruña beharrezko mekanismoez hornitze aldera, aipatu ingurumen-erronkei aurre egin diezaien.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barruan kokatu du estrategia, non hirian garatzen ari diren eta garatuko diren klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak bilduko baitira eta datozen urteetako jarduketa-ildoak zehaztuko baitira, betiere aintzat hartuta horiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta segimendu-zein kontrol-bitartekoak. Jasangarritasunaren aldeko apustu horretan, udal-instalazioetan jardunen dute, eta herritarren zein enpresen eta negozio txikien engaiamendua bilatuko dute, deskarbonizazioarekin, klima-aldaketa arintzearekin eta aldaketa horri zein klima-arriskuei egokitzeko prozesuarekin.
Egun, Iruñeak ez dauka zeharkakotasunean oinarritu, epe luzekoa izan eta anbizio handiko helburuak dituen estrategia-planifikaziorik energiaren eta klima-aldaketaren esparruetan; halako estrategia-planifikazioa ezen funtsezko osagaia izan beharko lukeen energia-trantsiziorako eta Iruñean beste energia-eredu bat, jasangarriagoa eta kutsadura gutxiagokoa, lortzeko, herritarren bizimodua hobetuko lukeena. Horregatik, bada, 2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia gure hirian garatzeko premia, neurri integralak garatu eta erronkei aurre egiteko zenbait esparrutan: jasangarritasunean, klima-aldaketan, energia berriztagarrietan, energia-burujabetasunean eta hiriko ingurumen-kalitatearen hobekuntzan.
Aurretiazko lana
Orain egin behar den lan honen abiapuntu gisara, Iruñeko Udalak zenbait agiri prestatu ditu azken bi urteetan, hala nola ‘Prestakuntza, karakterizazio eta kalibraketako aurretiazko ikerlana, Iruñean udal energia-estrategia garatzeko’ eta ‘Energia Diagnostikoa’. 2009an, jada, Udalak bat egin zuen Europako Alkateen itunarekin, 2020rako berotegi-efektuko gas-isurien % 20 murrizteko xedez, eta 2010 eta 2015 urteen artean Energia jasangarrirako ekintza-plana taxutu zuen. Urte hartako martxoan, Iruñeak berretsi zuen klima-aldaketaren kontra borrokatzeko konpromisoa, 2030erako isurien % 40 murrizteko xedez, 2005eko datuekin alderatuta.
Ingurumeneko politiken artean, Udalak dirulaguntza-deialdi bat dauka zabalik autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoko instalazioetan egindako inbertsioak laguntzeko. Deialdia 20.000 euroz hornituta dago eta xede dauka hala Iruñeko familia bakarreko etxebizitzetan (banakako autokontsumoa) nola auzotarren komunitateetan (banakako autokontsumoa edo partekatua) egindako inbertsioak laguntzea. Eskaerak urriaren 30era arte aurkez daitezke.
Estrategia lau fasetan gauzatuko da
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia 2030erako garatzeko zerbitzu-kontratuaren esleipena. Lavola enpresak kudeatuko du kontratua, 40.535 euroan, hau da, 45.099,12 euro jo zuen lizitazio-prezioa baino % 10,2 gutxiagoan. Lana datozen lau hilabeteetan eginen dute, lau fasetan.
Lehenbizikoa lanen planifikazioa eta proiektuaren koordinazioa da. Segimendu-batzorde bat eta estrategia-batzorde bat eratuko dira, eta mekanismoak ezarriko dira informazioa elkar trukatzeko. Bigarren fasean, diagnostikoa eginen da, eta horretarako eskuragarri dagoen informazio guztia bilduko da, Iruñeko energia-egoera eta klima-zaurgarritasuna aztertzeko. Hori lortzeko, Iruñeko energia-kontsumoaren datuak bilatuko dira eta honako gai hauetan ezarrita dauden edo ezartzekoak diren plangintzak eta programak identifikatuko dira: energia-aurrezkia, energia berriztagarriak eta klima-aldaketarako egokitzapena. Energia-ikerlan hori hala hirian nola Udalean eginen da. Eta hortik etorriko dira energia-balantze bat eta 2030erako proiekzioak.
Hirugarren fasean, Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren 2030erako helburuak zehaztuko dira, betiere honako hauek kontuan harturik: Europa, Espainia, Autonomia eta Udalen esparruetako planak, araudiak, legeak eta zuzentarauak. Fase honetan lehentasunezko estrategia-ildoak ezarriko dira, bai eta eta horietako bakoitzerako jarduketa-sektoreak ere, kontuan harturik zeinek duten eragin handiena energia-trantsizioan eta klima-aldaketarekiko egokitzapenean. Hasterako, sei estrategia-ildo ezarri dira: energia-eraginkortasuna, mugikortasuna, hondakinak, uraren zikloa eta paisaia eta natur ingurumena.
Ekintza-plana izena duen laugarren eta azken fasean, Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren ekintzak zehaztea proposatuko da. Proposatutako ekintza guztiak eragin dezaketen inpaktu potentzialaren arabera garatuko dira, eta haietan honako hauek emanen dira aditzera: helburuak, segimendu-adierazleak, engaiatutako eragileak, lotutako planak eta behar diren diru eta giza baliabideak. Behin estrategia-ildoak eta ekintzak ontzat eman ondoren, azken agiria taxutuko dute.
Parte hartzeko prozesua
Estrategia honen barruan parte hartzeko prozesu bat ere garatuko da, Iruñeko Udaleko teknikariak, herritarrak eta gizarte-eragileak engaiatzeko xedez. Talde-dinamika baten metodologia erabiliko da, eta zenbait tresna baliatuko dira erabakiak hartu eta adostasunera iristeko. Parte hartzeko prozesua bi bloketan egituratuko da: hiru partaidetza-saio taldean (horietako azkenean kargu politikoek ere parte hartuko dute) eta sei bilera tekniko udal-alorrekin zein intereseko organismo eta eragile sozioekonomikoekin.
Logikoa den bezala, Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia 2030erako, Udala gauzatzen ari den beste plangintza batzuekin koordinazioan eginen da, hala nola Hiri Plan Estrategikoarekin. Izan ere, plan horrek Hiri Ekologikoko dimentsioa dauka eta horretan txertatu beharra dago egiten den lana. Mugikortasunari lotutako Energia Trantsizioko Estrategiaren puntuak paraleloan jorratuko dira udal-alor jakin horrek duen planifikazioarekin edo Iruñerriko Mankomunitatearen HMJP-PMUSarekin.