Iruñeak Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan berria izanen du udatik aurrera

Iruñeak Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan berria izanen du udatik aurrera
Planak 151 neurri ditu, eta jauzi kualitatiboa eman nahi du berdintasunaren zeharkakotasuna bermatu eta lortutako aurrerapenak finkatzeko xedez

Iruñeko Udala Iruñeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako IV. Plana (2025-2030) bukatzen ari da: Tokiko Gobernu Batzarrak plana onetsi zuen, Herritarren Aferen Batzordeak haren berri eman zuen, eta azkenik, Osoko Bilkurak testua berretsi zuen. Plan berrian lau ildo estrategiko ezartzen dira, eta guztira 151 neurri jarriko dira martxan, denbora eta adierazleak aintzat hartuta. Planari esker, 2019an onartutako Berdintasuneko ordenantza jarriko da abian, eta gainera, tresna nagusietako bat izanen da Iruñean berdintasunaren bidean aurrera egiteko eta emakumeen erabateko parte-hartzea lortzeko; hala, udal-alor guztiek indartuko dute berdintasunaren aldeko konpromisoa. 

Zaloa Basabe Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak gaur goizean azaldu duenez, azterketa eta birdefinitze estrategikoko lana egin da onetsitako testua sortzeko; izan ere, IV. Planari esker, jauzi kualitatiboa eman nahi da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika publikoetan eta azken 25 urteetako antolamenduan. Helburua ikuspegi estrategikoagoa izatea da, egitura, prozedura eta inplikatutako pertsonak aintzat hartuta hirian zeharkako berdintasuna lortzeko xedez.

Onetsitako dokumentuak, III. Berdintasuneko planean finkatutako berdintasun-ekintzei eutsi eta ekintza berriak definitzea ez ezik, beste helburu hauek ditu: Berdintasunerako Gobernantzak aurrera egitea, parte-hartzea Planaren ardatz egituratzaile izatea eta ebaluazioa politika publikoak eraldatzeko tresna izatea. 

IV. Plan honetan proposatutako plangintza operatiboa azterketa-prozesu baten emaitza izan da, eta Erabaki Iruña plataformaren bidez, prozesu horretan modu aktiboan parte hartu dute udal-arloetako eragileek, mugimendu feministako eta emakumeen elkarteetako ordezkariek, eta, oro har, herritarrek. 

Iruñeko emakume eta gizonen berdintasunerako IV. Planean (2025-2030) hauxe proposatzen da: berdintasuna “Iruña, bagara arduratsu” hiri-estrategian txertatzea; hiri-marka hori duela zenbait hilabete aurkeztu zuten, eta helburu du herritarrak eta gizarte-eragileak parte hartzera bultzatzea hiri pluralagoa, garaikideagoa eta abangoardistagoa eraikitzeko bidean. Hala, hainbat proiektu eta lan-ildo hautatu dituzte, “Iruña, bagara arduratsu” kasurako, Iruña Marka sustatzeko: denak ere estrategikoak dira, eta etorkizuneko hiria eraikitzeko beharrezko balioak biltzen dituzte.

151 neurri lau ildo estrategikotan
Iruñeko emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. Planak bi lan-ildo estrategiko uztartzen ditu: batetik, aurretik ondutako planei esker arlo bakoitzean martxan jarritako prozesu eta proiektuak finkatzea eta langileen gaitasun-maila eta garapena hobetzea, eta bestetik, udal-alorrek esperientziak eta estrategiak trukatu ditzaten ahalbidetzea; hala, genero-zeharkakotasuna formula aproposa izanen da emakumeen interes estrategikoak Udalaren berdintasunerako politika publikoen diseinu-, ezarpen-, jarraipen-, eta ebaluazio-faseetan txertatzeko.

Berdintasunerako gobernantzaren lan-ildoak “Iruña, bagara arduratsu” hiri-estrategiarekin daude lotuta; honako hauek dira lan-ildo horiek: udal-politikek generoan eragin positiboa izatea, berdintasunari buruzko araudia betetzea eta zaintzen aldeko tokiko itunaren bidez, zaintza, eraldaketa eta aurrerapen jasangarri eta feminista oinarri izatea.

Gainera, mantendu eginen da “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko hiria” eraikitzeko konpromisoa, gune eta zerbitzuetan emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloak oinarri hartuta. “Parte-hartzea eta eragin politikoa” da laugarren lan-ildoa, eta honako helburu hau du: Iruñeko Emakumeen Udal Kontseiluaren eta gainerako herritarren partaidetzako lurraldeko eta sektoreko organoen bidez emakumeen protagonismoa eta partaidetza sustatzea hiri-eredu berdinzalea eraiki eta sendotzeko.

Hiru printzipio inspiratzaile
Lau lan-ildoak 11 helburu estrategiko eta 35 helburu operatibotan banatuta daude, eta helburu horiek guztiak aintzat hartuta ondu dira Udalak ezarri beharreko 151 neurriak.

Besteak beste, neurri hauek ezartzea aurreikusten da: datu eta adierazleak kudeatzeko adimen artifiziala gaitzea, lantalde espezializatuak sortzea, Berdintasuneko Barne-postontzia finkatzea eta eskoletako udal-lehiaketetan gerta daitekeen indarkeriari aurre egiteko jarduketa-protokoloak bultzatzea. Halaber, beste neurri hauek aurreikusten dira: zaintza-lanetarako baliabide publikoak martxan jartzea, EMATIC zentroak deszentralizatu eta hiri osoan jartzea, gazteekin lan egitea emakumeen aurkako indarkeriaren normalizazioaren eta pornografiaren aurka, eta Emakumeen Udal Kontseiluaren Araudia eguneratzea.

Helburuak eta neurriak hiru printzipio nagusitan oinarrituta daude: paradigma feminista ardatz hartzea, hau da, desparekotasunean oinarritutako gizarte batean bizitzea bideraezina dela aintzat hartuta gizartean aldaketa sakonak egitea; sektoreen arteko genero-ikuspegia izatea, hau da, generoa beste aldagai batzuekin bateratzea, hala nola klase soziala, adina eta hizkuntza, eta azkenik, berrikuntza, parte-hartzea eta eragin politikoa sustatzea, hau da, gizarte zibilaren eta udal-administrazioaren arteko harremana eta elkarreragina bultzatzea.

Gaur aurkeztutakoa berdintasunerako laugarren plana da, eta aurretik beste hiru plan hauek aurkeztu ziren:  Berdintasunerako I. Plana (1997-2009), Berdintasunerako II. Plana (2010-2015) eta Berdintasunerako III. Plana (2016-2024).

¿Te ha sido útil esta página?