Iruñeko Udalak bat egin du gaur, azaroak 20, Haurren Egun Unibertsalarekin. Horren helburu nagusia da haur babesgabeenen egoera gogoraraztea eta haien ongizatearen eta garapenaren alde egunero lan egitearen garrantziaz kontzientziatzea. Ospakizun horren barruan, Iruñeko Udalak haurrak herritar aktibo gisa aintzat hartzen ditu, eskubideekin, eta konpromisoak hartzeko, proposamenak egiteko eta iritzia emateko gaitasunarekin. Horregatik, haien hitza funtsezko pieza da erakundeak eraikitzen ari diren hiri-eredua birpentsatzeari begira. Hori kontuan hartuta, Enrique Maya alkateak mezu bat bidaliko du ikastetxeetara –Lehen Hezkuntzakoetatik Batxilergokoak arte– gazteei eskatzeko hiriari buruz dituzten iritzi, nahi eta itxaropenak adieraz ditzaten.
Alkateak eginen dizkien galderek oinarrizko lau gai dituzte ardatz, neska-mutilak oso kontuan hartzen dituen hiria eraikitzen jarraitu ahal izateko. Lehen blokean, Iruñearekin duten harremanaz galdetzen zaie ikasleei; gero, hiriaz bezainbatean dituzten interes eta zaletasunei buruz. Hirugarren atal batean kolektibo honen emozioak ditu ardatz, eta, adibidez, pandemiaren ondorioei nola egiten ari zaizkien aurre galdetzen die, edota zer uste duten egin beharko lukeela gizarteak haiei aurre egiteko. Amaitzeko, alkateak Iruñeko neska-mutilei eskatzen die kontatzeko haien ustez zer-nolako hiria izanen den Iruña hamar urte barru. Alkateak hiriko haurrei helarazi nahi dien mezua www.pamplona.es/diainfancia webgunean ikus daiteke. Alkatearen mezua ikusi ondoren, ikasgela bakoitzean landuko da, eta ikasleek erantzuna prestatuko dute, Udalari bideoz bidaltzeko abenduaren 20a baino lehen. Proposamenak jasotakoan, alkateak erantzun eginen die.
Haurrek gizartean duten lekua aldarrikatzeko eguna
Ekimena, Haurren Egun Unibertsalaren ospakizunarekin lotuta egon arren, ez da jarduera isolatu gisa planteatzen, baizik eta Iruñeko Udalaren beste urrats bat bezala parte hartzeko espazio eta egituren garapenean. Azken helburua gazteenekin komunikatzeko bideak zabaltzea da, eta haiei espazio bat ematea iritzia emateko duten eskubidea gauzatu dezaten eta modu aktiboan eragin dezaten hiri-eredu inklusibo, ekitatibo eta parte-hartzaile baten eraikuntzan.
Azaroaren 20an, Haurren Egun Unibertsalean, bi urteurren ospatzen dira: Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsalarena (1959) eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren onespenarena (1989). Lortutako aurrerapenak ospatzeko eguna da, baina, bereziki, egoera ahulenean dauden haurren egoeraz ohartarazteko eguna da, haurren eskubideak ezagutaraztekoa eta haien ongizatearen eta garapenaren alde egunero lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko eguna.
Iruñeko Udalak Haur eta Nerabeendako Plana du, haurren munduari zuzendutako ekintza guztiak bateratzeko asmoa duena, eta UNICEFek “Haurtzaroaren Hiri Adiskidea” deklaratu zuen Iruña, hiriko haurren eskubideekin duen konpromisoagatik.