Iruñeko Udalak Trinitarioseko parkeko 3.500 metro koadroko eremu batean, disuasio-aparkalekuaren atzealdean, ‘Agility’ zirkuitu bat instalatu du, zakurrek ariketak eta jarduerak egitera zuzendua. Dotazio hori hirian zakurrendako bideratuta dagoen hogeita hamargarrena izanen da, eta guztira berezko ezaugarriak dituzten hamabi elementu izanen ditu zakur guztien tamainetara egokituak.
Iruñeko ‘Agility’ zirkuitu berria 12 elementuz osatuta dago: besteak beste, jauzi-hesiak, taulak, horma-jauzi bat, jauzi-gurpil bat, luzera-jauzia egiteko gailu bat, kulunka bat, igo eta jaisteko arrapala bat, pasabide bat, tunel zurrun bat eta eslalom taula bat; horiei gehitu behar zaie eremurako informazio-kartel bat gailu bakoitzaren funtzionalitateak azaltzeko erliebean grabatutako marrazkiekin. Elementu horiek guztiak S, M eta L tamaina kategorietara egokituta daude, Nazioarteko Zakur Federazioarekin bat.
Dotazio berri hori martxan jartzea posible izan da Iruñeko Udaleko Navarra Suma eta Sozialisten udal-taldeen artean egindako hitzarmenari esker, eta guztira 27.000 euro gastatu dira. Horietatik, 10.000 egitura hori osatzen duten bankuak, argiak, iturri bat eta ixteko hesia jartzera bideratu dira, eta gainontzeko 17.000 euroekin zirkuitua osatzen duten elementuak erosi dira. Barrutirako bi sarbide egin dira, bat Trinitarioseko aparkalekutik bertatik eta beste bat Kosterapea parketik, Arga ibaiaren pasealekutik.
Elementu seguruek osatutako zirkuitu bat, egiteko errazak diren probekin
Instalatuko diren jauzi-hesiek altuera eta kategoria adierazle bat dute erliebean grabatuta. Jauzi-barra aluminio arinez egina dago, erraz eraisten da eta muturretan tope-sistema du, posizioetan zehar lekualdatzea errazteko eta lapurretak saihesteko. Zirkuituan, halaber, jauzi egiteko beste hiru elementu daude. Horietako bat, horma batean oinarrituta, dentsitate handiko polietileno irristagaitzezko teila mugikorren sistema baten bidez egina dago. Teila horiek eraitsi daitezke, talka eginez gero zakurrei kalterik ez egiteko, baina harresiari lotuta daude lapurretak saihesteko. Bestalde, luzera-jauziko aparatuak kautxo irristagaitzezko elementuak ditu. Erraz irristatzen dira gidetan barna, altuera kategoria desberdinetara egokitzeko. Blokeo-sistema bat dute, mugitu ez daitezen. Horrez gain, Trinitarioseko 'Agility' zirkuitu berriak altueran erregulatu daitekeen jauzi-gurpil bat du, txakur bakoitzaren tamainara egokitzeko.
Zirkuituko elementuek jarraibideak eta adierazleak dituzte, behar bezala erabiltzen laguntzeko. Horrela, kulunkak hainbat koloretan bereizitako ukipen-eremuak ditu, oztopoaren posizio egokia mugatzeko. Igotzeko eta jaisteko arrapalak ukipen-eremuak ere identifikatzen ditu, polietilenozko listoiez osatuak baitaude. Pasabideak, bestalde, listoiak ditu, irristadurak saihesteko eta animaliei sarrera errazteko.
Zirkuitu mota horiek ‘Agility’ zakur-probak inspirazio dituzte, zeinak Erresuma Batuan sortu baitziren 1977. urtean zaldien jauzi-lehiaketei erreparatuz. Froga horietan, zakurrak ibilbide bat gainditu behar du askotariko oztopoekin, horietako bakoitzean berariazko arau batzuei jarraituz, zeinak Nazioarteko izaera duen erregelamendu batean jasota baitaude (Fédération Cynologique Internationale). Jabe-gidariak zakurra uneoro animatu dezake, ukitu gabe eta eskuetan ezer eraman gabe.
Hogeita hamar bat gune zakurrendako erreserbatuak Iruñean
Iruñeak zakurrendako 29 eremu dauzka hiri osoan zehar banatuta Bakoitzaren kokapena, tamaina eta ezaugarriak Udalaren webgunean kontsulta daitezke, https://www.pamplona.es/temas/medio-ambiente-y-salud/zonas-de-esparcimiento-canino helbidean.
Iruñeko zakurrendako eremu bakoitzak bere identifikazio-kartela du, eta bertan gogoratzen da zeinen garrantzitsua den animalia soltea zaintzea. Zakurrendako eremu horietatik kanpo, zakurrak lotuta joan behar du, eta arriskutsua bada, muturrekoa jantzita, hala zakurrendako eremuaren barruan nola kanpoan. Eremu bakoitzean, gainera, edukiontzi bat dago, logotipoaz identifikaturik, bertan gorozkiak botatzeko.