Iruñeak 15.000 maskara banatuko ditu garraio publikoaren erabiltzaileen artean

Iruñeak 15.000 maskara banatuko ditu garraio publikoaren erabiltzaileen artean
Udaltzaingoak maskara kopuru handia banatzen duen bigarren aldia da, apiril erdialdean 10.000 banatu ostean

reparto mascarillas policía municipal

Gaur eta bihar, Udaltzaingoak 15.000 babes-maskara banatuko ditu guztira hiriko zenbait tokitan. Oraingo honetan, maskarak garraio publikoaren erabiltzaileen artean banatuko dituzte, bai autobusetan bai taxietan erabiltzeko, babes-material hori nahitaez erabili behar baita gune horietan, arauen azken egunertzeetan jasota dagoen bezala.
 

Hogeita hamar lagun inguru arituko dira maskarak banatzen., Iruñeko Udaleko udaltzainen eta funtzionamendu-laguntzaileen artean. Aurreikusita dagoenaren arabera, 10.000 maskara inguru banatuko dituzte gaur, goizez eta arratsaldez, hala autobus publikoen nola taxien geralekuetan. Gainerakoak bihar banatuko dituzte. Material hori Gobernuaren Ordezkaritzak eman zuen, atzo, Osasun Ministerioaren izenean.
 

Nahiz eta Covid-19 koronabirusaren pandemiagatik Alarma Egoera dekretatu zenetik garraio publikoaren erabiltzaileen kopurua asko jaitsi eta zenbait kasutan ordutegia eta zerbitzua ere berregituratu dituzten, egia da hamarnaka lagunek erabili behar izaten dutela orain ere garraiobide hori. Babes-materiala autobus-linea guztietan banatzea da helburua, baina lehentasuna emanen zaie bidaiari-kopurua handiena dutenei eta puntako orduetan banatzeari, ahalik eta jende gehienarengana iristeko xedez.
 

Honako hau babes-maskarak masiboki banatzen diren bigarren aldia da. Lehena, apirilaren erdialdean egin zuten; kasu hartan, udal-merkatuetan eta osasun-zentroetan bereziki. Orduan, hamar bat udaltzainek eta hogeita hamar bat udal-langilek 10.000 maskara inguru banatu zituzten. Orduan bezala, orain ere maskarak banatuko dituzten langileak eskularruez, maskaraz edota pantaila gardenaz babestuta joanen dira. Horrez gain, eta materiala kutsatu ez dadin, maskarak banatzerakoan euste-elementutik helduko diete eta inoiz ez babes-oihaletik edo -iragazkitik, eta une orotan erabilera bakarreko eskularruak erabiliko dituzte.

¿Te ha sido útil esta página?