Iruñeko Udalak 25.785 euro eman ditu dagoeneko ekintzaile gazteek jarduera ekonomikoak abiatzeko dirulaguntzen deialdiko 60.000 euroetatik. Laguntzen lehen ebazpenean 14 negoziok jaso dute dirulaguntza, eta baldintza hauek bete behar izan dituzte horretarako: egoitza fiskala Iruñean izatea eta 2024ko uztailaren 1etik aurrera Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotea.
Negozio onuradunen artean daude ibilgailuak garbitzeko enpresa bat, soinuarekin lotutako bat, informatikako bat, bideo-edizioarekin lotutako bat eta argazkilaritzarekin lotutako beste bat. Halaber, dirulaguntza jaso dute bi taxilarik, farmazia batek, ile-apaindegi batek, fisioterapia-estudio batek eta nutrizioarekin lotutako beste negozio batek. Onuradunen zerrenda osatzen dute loradenda batek, paletak birgaitzeko enpresa batek eta prestakuntza-akademia batek. Hamar negoziok 2.000 euroren dirulaguntzak jaso dituzte batez beste. Gainera, beste lau enpresak dirulaguntza hauek jaso dituzte: 2.302 euro, 1.747 euro, 1.632 euro eta 103 euro.
Udalak urriaren 10era arte izanen du zabalik dirulaguntzak eskatzeko epea. Dirulaguntza jasotzen ahalko dute batasun ekonomikoa osatzen duten pertsona fisikoek eta 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era arte Ekonomia-jardueren gaineko zergan izena emana duten enpresek. Aurrekoetan bezala, dirulaguntzak ekintzaile izan nahi duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Dirulaguntzak irekita daude sozietate zibil, irregular, kolektibo edo komanditario bakunendako, merkataritzako kapital-sozietateendako, lan-sozietateendako eta kooperatibendako, baldin eta bazkideen bi herenak 35 urteko adina gainditzen ez badu. Ezinbesteko baldintza izanen da diruz lagunduko den jarduera ekonomikoaren egoitza fiskala eta negozioa Iruñean egotea.
Gehienez ere, 3.000 euro
Dirulaguntzen zenbatekoa jarduera ekonomikoa eratu eta abiatzeko gastuak ordaintzeko baliatuko da. Pertsona fisikoen, sozietate zibilen eta sozietate irregularren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da, betiere izandako gastuen guztizkoaren % 70 gainditzen ez bada. Nortasun juridikoa duten sozietateen kasuan, % 70 hori mantenduko da, baina 3.000 euroren dirulaguntzak jasoko dituzte.
Eskatzaileek diruz lagundu daitezkeen gastu gisa aurkezten ahalko dituzte lokalaren alokairua eta eskualdatzea, Gizarte Segurantzako kuotak, nominak eta jarduera egiten den lokalen elektrizitate- eta ur-kontsumoa.
Laguntza-deialdiari buruzko informazio guztia, aurkezteko epeak eta izapideak Udalaren webgunean kontsultatzen ahal dira.