Iruñea nazio-mailan hobekien kokatutako hirietako bat da berdeguneen metro koadro gehien dituzten eta biztanle bakoitzeko zuhaitz kopuru handiena duten herrien zerrendan. Baina, gainera, Iruñeak herritarrak urtean zehar azpiegitura berdeen erabileran eta gozamenean inplikatzen ditu.
Urtean zehar, Udalak parkeetara bisita gidatuak programatzen ditu naturalisten edo udaleko teknikarien eskutik. Ibilbide horiek adingabeendako ere egokitzen dira, zenbait material-proposamenen bidez, hala nola Esploratzaileen koadernoaren quizza, edo familiendako, hiriko ihes-jokoen hainbat modalitateren bidez. Taconerako lubanarroetan minizoo bat dago eta bertan oreinak eta 300 hegazti-espezie baino gehiago bizi dira, hala nola ahateak, beltxargak, paumak, faisaiak eta antzarak. “Herritarren zientzia” delakoak ere badu tokia eremu horretan. Hiriko balkoietan eta biribilguneetan jartzeko lorontziak banatzeko kanpaina baten bidez airearen kalitatea neurtzen da, eta urtero, Iruñeak Biomaratoiarekin bat egiten du, herritarrak engaiatuz Kaliforniako Zientzien Akademiak eta San Franciscoko Zientzia Naturalen Museoak asmatutako hiri biodibertsitatea kontzeptua ardatz duen aldizkako herritarren zientziako proiektuarekin.
Maiatzaren 8tik 10era, 2024ko Iruñeko PARJAP kongresuaren barruan, hiriak 400 espezialista baino gehiagoren aurrean herritarrendako berdeguneen erabileran eta kudeaketan dituen jardunbide egokiak azalduko ditu, eta etorkizuneko hiriari begira jarraituko du naturaren ikuspegitik begiratuta. Izan ere, berdeguneak, joan-etorrirako espazioak izateaz gain, Iruñean ekologiari (flora eta fauna), herritarren zientziari, ingurumen hezkuntzari, esperimentazioari, kirolari eta kulturari lotutako erabilerak ere badituzte. Iruñeak hilabete beroenetan kultur eskaintza egiten du berdeguneetan, hala nola kontzertuak, zinema-proiekzioak eta dantza garaikidea, eta kultur zuzkidura finkoak mantentzen ditu zuhaitz-belardietako espazioetan, erakusketa-espazio bihurtutako Ziudadelako eraikinak kasu. Trinitariosko parkean trenari buruzko parke tematikoa dago.
Hiri berdeak ariketa fisikoa eta kirola egiteko aukera asko ematen ditu, eta "Hiri Aktiboak" izenekoekin lerrokatutako hiri-diseinu abangoardistagoek aldezten dituzten espazioak eskaintzen ditu. Horrekin lotuta, hirian 50 kirol-espazio baino gehiago daude ariketa fisikoa doan egiteko (Antoniuttiko skate parkea, Trinitarios parkeko Pump Tracka, Antoniuttiko irristaketako zirkuitua, kirol anitzeko pistak, hiri-gimnasioak, "Patxi Morentin" lasterketa-zirkuitua eta abar).
Gainera, ibai-pasealekuek, bidegorriek eta hiriko berdeguneak osatzen edo zeharkatzen dituzten beste eremu batzuek paseatzeko, bizikletaz ibiltzeko eta beste joan-etorri aktibo batzuetarako aukera ematen dute. Hiriko kirol-espazioa aprobetxatzeko proposamen asko http://minutosatucontador.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dira, aztura osasungarrien eta parte-hartze sozialaren eragileak baitira. Azkenik, hiriko kirol-ekitaldi eta udal-jarduera jakin batzuek berdeguneetako espazioak aprobetxatzen dituzte, bai kirol-jarduerak egiteko, bai bertatik igarotzeko, parte-hartzaileendako duten balio erantsi handiagatik. Ekitaldi horien arten honako hauek daude: Half Triatloia, Antoniuttiko irristaketa-txapelketak, hainbat proba atletiko, hala nola Zubiri-Iruñea edo Harresietako Lasterketa, Sanferminetako kirol anitzeko eskaintza, ibilketa nordikoak, eta piraguismo-eskaintza Caparrosoren errota Piraguismoko Udal-zentroan, besteak beste.
Berdeguneak, gainera, heziketarako euskarriak dira. Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak urtean zehar jarduera didaktikoak proposatzen ditu ikastetxe, egoitza eta herritarren elkarteendako, hala nola txoriendako edo kiropteroendako (saguzar-mota desberdinak) habia-kutxak fabrikatzea edo zuhaitzaren eguna ospatzea, landaketak eskola-inguruneetan, Argaren ibaiertzak garbitzeko boluntariotza-jardunaldiak, hiriko aintzirak edo urmaelak (Mendillorri) berreskuratzea edo basoak landatzea (Agustinos). Hiriko lorategietan eta beste espazio naturalizatu batzuetan lantegiak egiten dira, hala nola animalien arrastoen jarraipena egiteko lantegiak, txorien eguneko behaketak eta gaueko saioak, hala nola "Bat night" ekimena.
Berdeguneak, halaber, paisajismoko espazio esperimentalak dira, eta hainbat ekitaldiren euskarri izan dira, hala nola ikastetxeek lorategi iragankorrak sortzea edo goitik begiratzean animalien formak irudikatzen dituzten parterreak. Diziplina berezien topaketetarako agertoki ere izan dira, esaterako 2016an Arborikulturako Espainiako Elkartearen XV. Igoketa Txapelketa Aranzadin egin zenean. Balio hori guztia ohiko erabilerei gehitzen zaie, hala nola paseatzea, oinez zein bizikletaz edo MPIz, edo herritarren eguneroko bizimoduan ohikoak diren joan-etorrietarako espazioak izatea.
Ekimen horien guztien agertokia hiriko berdeguneek dituzten 3,5 milioi m²-ak dira, inspirazio erromantikoko bi parke historiko, 120.000 zuhaitz ibaiertzetan, parkeetan, kaleetan eta espaloietan eta hainbat baso-lurzatitan –Ezkaba mendian eta sortu berri diren bi basotan–banatuta. Hiriko natura-ondare zabala denok erabiltzen dugun ondasuna da, eta Iruñeko Udalak hala eskaintzen du gizarte osoa sentsibilizatzea xede duten ekimenen bidez. Helburua da, ezagutzaren eta erabileraren bidez, hiriaren izaera berdeari balioa ematea. Kudeaketa, gainera, jasangarritasunaren ikuspegitik egiten da, prozesu naturaletan oinarritutako irtenbide onenak bilatuz.