
Iruñeko Udalak eta Telpark enpresak udako beste abonu bat ezartzeko akordioa egin dute abuzturako; hala, hamar euroko kuota ordainduta, AAO txartelaren titular diren Alde Zaharreko eta Zabalguneetako bizilagunek hiriko aparkalekuetan aparkatzeko aukera izanen dute, eta, horrez gain, hiru urteko 120 abonu gehiago eskainiko dira Baluarteko aparkalekuan. Neurri horiek helburu hauek dituzte: hiriko mugikortasuna hobetzea, jadanik dauden aparkalekuen erabilera optimizatzea eta ibilgailu gehien dituzten eremuetan espazio publikoa libre uzten laguntzea.
Abuzturako abonu berriak
Abuzturako abonu bereziari esker, Alde Zaharrean eta Zabalguneetan erroldatutako bizilagunek ibilgailua aparkatzeko aukera izanen dute abuztuan, hamar euroren truke, Ospitaleguneko, Baluarteko eta Nafarroako Blancako aparkalekuetan. Sarrera librea izanen da eguneko 24 orduetan. Aparkaleku-plazak eskaeren hurrenkeraren arabera esleituko dira, eta aparkaleku bakoitzean eskainiko den plaza kopurua hauxe izanen da: 200 aparkaleku-plaza Ospitalegunekoan, 50 Baluartekoan eta 50 Nafarroako Blancakoan.
Abonu-modalitate berriak aukera emanen du bizilagunek ibilgailuak auzoko toki seguru batean aparkatu ditzaten, arrazoizko prezio baten truke, opor-hilabete bete-betean. Ekimena, halaber, lagungarria izanen da espazio publikoan aparkaleku-plazak erabilgarri egoteko eta, horrekin batera, eremu horietan trafikoa murrizteko.
Bestalde, NICDOrekin lankidetzan, Baluarteko aparkalekuan bizilagunendako hiru urteko abonuen programa berritu eta handitzeko akordioa egin da: 200 abonu izatetik 320 izatera igaro da, eta 2.175 euroko prezioa bere horretan mantentzen da aldi osorako. Abonu gehiago eskaintzeari esker, eremu horretako bizilagunen eskakizunei erantzuten zaie, aparkatzeko gune egonkorra eskatzen baitzuten.
Bi abonuetako edozein eskuratzeko interesa dutenek taquillahospitales@telpark.com posta elektronikoaren bidez kudeatzen ahal dute eskaera.