Gaztediaren Etxean eginen da, berriz ere aurten Iruña Open Rubiken kuboen txapelketa ofiziala, laugarren urtez jarraian diziplina honetako estatuko jokalari hoberenak Iruñera ekarriko dituena. Martxoaren 7an eta 8an ianen da. Horrela iragarri du gaur, txapelketa aurkezteko eman duen prentsaurrekoan, Fernando Aranguren Gazteriako zinegotzi ordezkariak. Harekin batera, Alejandro Nicolay txapelketaren antolatzailea eta Julen Simón Speedcubing Espainiako Elkarteko lehendakaria aritu dira. Otsailaren 3an, 00:00etan, astelehenarekin, hasiko da epea, parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten, Wordl Cube Association-en (WCA) webgune ofizialean (www.worldcubeassociation.org). 5 euro balio du izen-emateak txapelketaren kolaboratzaile diren Rubik Kuboaren Espainiako Elkarteko (AECR) eta EuskalRubik-eko kideentzat, eta 7,5, bazkide ez direnentzat. Izena emateko epea martxoaren 3an amaituko da.
Iruña Open txapelketaren laugarren edizio honetan, parte-hartzaileek aukera izanen dute ofizialki aitortutako 18 aukeretatik proposatu diren 12etako edozeinetan lehiatzeko. Kubo klasikoan ez ezik beste kubo mota batzuetan ere izanen dira lehiak: Pyraminx –tetraedro formakoa–, Square-1 –ardatz zeiharrekoa– eta Skewb –ertzak ditu ardatz erdigunearen ordez–. Beste kategoria batzuk ere ezarriko omen dira, kuboaren zailtasunaren arabera, aurpegi bakoitzeko koadrotxo gehiago edo gutxiago dutenak, edo trebetasunaren araberakoak, itsumustuka edo esku bakar batez egin beharrekoak.
Lehiak asteburuan zehar eginen dira. Modalitate batzuetan txanda bat baino gehiago izanen dira, eta horietako bakoitzean lehenen sailkatutakoen artean hautatuko da. Beste zenbaitetan, final konbinatuak eginen dira. Hori bai, horietan guztietan World Cube Association-en arauei jarraituko diete, lehiaketa ofiziala baita. Hori horrela, txapelketan elkartearen ordezkari bat arituko da, egiaztatzeko lehia ezarritako jarraibideen arabera egiten ari dela. Kasu honetan, Alberto Masó Molina izanen da ordezkari hori, Espainiako eta Europako txapelketa zenbait antolatzaile aritutakoa.
Munduko kubo-jokalari onenetakoak
Iruña Open txapelketa hitzordu saihetsezin bilakatu da trebetasun-joko honen zaleentzat; izan ere, kategoria ugari egoteaz gain, Rubiken kuboen diziplinako Espainiako jokalari hoberenetarikoek parte hartzen dute. Esaterako, Alejandro Nicolay txapelketaren antolatzailea Nafarroako kubo-jokalaririk garrantzitsuenetako bat da eta, egun, berea da Espainiako errekorra Square-1 kategorian. Bestalde, Julen Simón, txapelketaren aurreko edizioen eta Iruñean 2018an egindako Espainiako XV. txapelketaren antolatzailea, Espainiako txapelduna da, 2x2ko kuboan eta oinekin egin beharreko 3x3koan.
Horiei beste jokalari ospetsu batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola Daniel Gracia Ortiz –Square-1 kategorian 8 aldiz txapeldun izandakoa–, Antonio López –egungo Espainiako txapeldunordea itsumustukako 3x3koan–, Berta García Parra –egungo Europako txapeldunordea Multi-Blind kategorian (zenbait kubo itsumustuka)–, eta Eder Olivencia –egungo Espainiako txapelduna 4x4ko eta Megaminx kategorietan–.
Lehiaketa ofiziala denez, parte-hartzaileak WCAko kide bilakatuko dira, eta norberaren IDa sortuko zaie automatikoki, aukera eduki dezaten kontsultatzeko hala beren bilakaera parte hartzen ari diren lehiaketa guztietan nola beren postua nazioan, kontinentean eta munduan.
Rubiken Kuboan hasteko lantegia
Open Iruña IV. Txapelketaren aurrekari gisara, martxoaren 6rako doako lantegi bat antolatu dute Rubiken kuboan hasteko, 12 eta 30 urte bitartekoentzat. Lantegian, Espainiako kubo-jokalari onenek kuboa erraz eta aise osatzen irakatsiko dute, eta txapelketan ikusten ahalko denaren aurrerakina eskainiko dute. Horrez gain, munduko errekorren bideoak ere ikusiko dituzte.
Lantegian izena ematea doan da, eta Gaztediaren Etxean egin daiteke (Zangoza kalea, 30), martxoaren 2tik aurrera. Leku kopurua mugatua da, eta gehienez ere 40 lagunek parte hartzen ahalko dute. Parte-hartzaile bakoitzari Rubiken kubo bat emanen diote, lantegiari jarraitzeko eta gero etxean aritzeko.
Iruña Open 2020 | Txapelketako kategoria ofizialak
- 3x3 (3 txanda). Kubo klasikoa da, kategoriarik gorena. Lehen txandan guztiek parte hartuko dute, bigarren txandara parte hartu dutenen % 75 igaroko dira (erregelamenduarekin bat, parte-hartzaileen % 25 kanporatu behar da, gutxienez), eta finalerdiko 12 onenak pasako dira final handira. Hura Ekitaldi-aretoan eginen da, martxoaren 8an, igandearekin, 12:00etatik 13:00etara. Binaka eginen da, sailkapenaren hurrenkerarekin bat. Kategoria honetako irabazlea joko da txapelketako txapelduntzat, eta sari berezia eskuratuko du.
- 2x2 (3 txanda). Kubo guztietan txikiena da, kubo klasikoa baino apur bat errazagoa.
- 4x4 (2 txanda). Apur bat zailagoa da; guztira 50 koadrotxo baino gehiago ditu.
- 5x5 (Final konbinatua): Kuboaren aurpegi bakoitzak 25 koadrotxo ditu. Txanda bat eginen da bakarrik, eta mundu guztiak parte hartzen ahalko du.
- 7x7 (Final konbinatua): Ofizialki parte hartzeko kuborik handiena da. 294 koadrotxo ditu ordenatzeko.
- Pyraminx (2 txanda): Tetraedro formako puzzle honek 9 hirukitxo ditu hiruki formako alde banatan.
- Skewb (2 txanda): Kubo klasikoan ez bezala, ertzak dira ardatz, erdiko piezen ordez.
- Square-1 (2 txanda): Ebatzirik dagoenean kubo forma duen arren, ardatz zeiharra duenez deformatu daiteke, eta horrek zaildu egiten du ebazpena.
- Megaminx (Final konbinatua): Dodekaedro formakoa da, eta 11 pieza ditu haren 12 aurpegi banatan.
- 3x3 esku batez (Final konbinatua): Rubiken kubo klasikoa esku batez osatzean datza.
- 3x3 itsumustuka (2 txanda): Kuboa nola dagoen buruz ikastean datza, gero begiak estalita ebazten saiatzeko. Sailkatzeko denbora bi denboren batuketa izanen da: buruz ikasteko denbora gehi ebaztekoa.
- 3x3 bat baino gehiago, itsumustuka (ekinaldi bat): Lehiakideek zenbat kubo ebazten saiatu nahi duten aukeratu beharko dute, eta gehienez ere ordubetean buruz ikasi eta itsumustuka ebatziko dituzte. Honela erabakiko da sailkatzeko puntuazioa: ebatzitako kuboak ken huts egindakoak.