Iruña izanen da arte eszenikoen XVIII. Max Sarien agertokia, astelehenean

Iruña izanen da arte eszenikoen XVIII. Max Sarien agertokia, astelehenean
Besteak beste, Natalia Huartek, Alfredo Sanzolek, Carlos Soberak, Aurora Beltránek eta Gorka Urbizuk parte hartuko dute sari-banaketan
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Gayarre antzokian izanen da arte eszenikoen Max Sarien sari-banaketa: XVIII. edizioa da aurtengoa. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak gaur goizean aurkeztu du ekitaldia, Rubén Gutiérrez SGAE fundazioko zuzendari nagusiarekin eta Ana Maestrojuán sari-banaketaren zuzendariarekin batera. Halaber, honako hauek izan dira aurkezpenean: Grego Navarro Gayarre Antzokiko zuzendari-kudeatzailea, Joseba Palacios Nafarroa Iparraldeko SGAEko zuzendaria, eta, Maite Redín, ESNA Nafarroako Eszena Enpresarien Elkartearen izenean. 

Aurten denbora izanen dute ardatz, arte biziaren motorra baita, eta etengabeko eraldaketaren lekuko. Gala ekainaren 16an izanen da, 21:00etan, eta hau izanen da ekitaldiaren goiburua: “Garai biziak”; gainera, omenaldia eginen diete arte eszenikoei, musika, poesia eta nafar kultura uztartzen dituen proposamen bisuala ardatz hartuta. Sari-banaketa zuzenean ikusten ahalko da 23:30etik aurrera, RTVEko bigarren katean. 

Natalia Huarte nafar aktoreak gidatuta (2024an Emakumezko Aktore onenaren Max Saria irabazi zuen), adin, estilo eta ibilbide artistiko desberdinek osatutako taldeak denboraren igarotzea eta memoria eszenikoa nabarmenduko ditu Gayarreko tauletan: María Álvarez, Ana Berrade, Ángel García Moneo, Javier Ibáñez, Marta Juániz, Ane Sagüés, Joli Pascualena eta Oier Zuñiga dira taldekideak.

Horiekin batera, Maestrojuánek ekitaldirako prestatu duen talde artistikoa arituko da lanean:  Gorka Pastor zuzendaritza musikalean, David Bernués argiztapenean, Ikerne Giménez eszenografian, Edurne Ibáñez jantzien diseinuan eta Rut Munguira bideoeszena delakoan.

Arte Eszenikoen 28. Max Sariak Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiko Fundazioak antolatzen ditu. Edizio berri honek honako erakunde hauen laguntza izanen du, halaber: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Kultura eta Kirol Ministerioa (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren bidez - INAEM) eta Eulen taldea. 

Kultur- eta hizkuntza-aniztasuna

Euskarak ere izanen du tokia ekitaldian; izan ere, arte-zuzendariak dioenez, "lur honetako identitatearen parte da, eta lur horretan bizi den jende askoren mundu ikuskera da". Ana Maestrojuánek SGAE Fundazioarekin izandako elkarrizketa batean azaldu duenez, "ez da irudikapen kontua bakarrik, baizik eta naturala da gurea bezalako komunitate eleanitz batean", eta galan integratuko da, beraz, Estatuko kultura eta hizkuntza aniztasunari egingo zaion omenaldi gisa.

Hala izanen da, adibidez, gaueko musika emanaldi berezienetako batean: Gorka Urbizuren emanaldian hain zuzen, hots, Berri Txarrak talde mitikoaren arimaren kontzertuan. Halaber, Aurora Beltran arituko da oholtzan, Estatuko rockaren ahots enblematikoa eta Tahúres Zurdos taldeko lider ohia. Raquel Andueza sopranoak, musika barrokoaren figura nabarmena bera, ahotsa jarriko dio galaren unerik hunkigarrienetako bati, In memoriam izenekoari hain zuzen ere. Eta Castazabal bikoteak, berriz, folk, pop eta euskal sustraien fusio pertsonala uztartuko du, musika-proposamen anitza eta errotua biribilduz.

Horiez gain, galaren mosaiko eszenikoa osatuko duten beste hainbat talde ere egonen dira, eta gauean askotariko hizkuntza eta testurak eskainiko dituzte: Saudade Abesbatza, Juan Gainzak zuzendua, bere kantu kolektiboarekin hunkigarritasun gehigarri bat eskainiko du, eta La Banda Teatro Circok zirku lotsagabe eta jai-giroko artearen imajinarioa hedatuko du. Dantzarik ez da faltako, eta bi proposamen oso desberdin izanen dira protagonista: Faktoria Coreographic Center, sorkuntza garaikidearen lekuko, eta Duguna Dantza Taldea, dantzaren erroa gogora ekarrita. Nafarroako Arte Eszenikoen Eskolako ikasleek osatuko dute eskaintza, eta taulen gainean bidea eraikitzen hasi direnen pultsu gaztea taularatuko dute.

Eta ospakizun kolektibo horri amaiera emateko, eszenako dozena bat pertsona garrantzitsuk banatuko dituzte sariak: Elisa Sanz, Olga Pericet, Ángel Durán, Carlos Sobera, José María Asín, Camila Viyuela, Eva Azpilicueta, Jorge Usón, Patxi Freytez, Ane Pikaza, Roberto Álvarez, Alfredo Sanzol eta Marta Pazos.

L’alegria que passa, Ikusleen Txaloa Max Saria 2025

Aurkezpenean antolatzaileek 2025eko Ikusleen Txaloa Max Sariaren irabazlea iragarri dute. Sari benetan berezia da, hirugarren urtez jarraian emanen baita; sariak ikusleen babesari esker denboraldi askotan zinema-aretoetan mantendu diren ikuskizunen arrakasta aitortzen du. Aurten, ikuslearen etengabeko babes horri esker, L 'alegria que passa musikala hautatu dute kategoria horretan: Kataluniako Dagoll Dagom konpainia historikoaren azken sorkuntza da.

Marc Rosichek zuzenduta, L’alegria que passa Santiago Rusiñolen pieza labur batean oinarritutako egile-musikal bat da, eta antzerkia, musika eta dantza uztartzen ditu unibertso poetiko bisual eta hunkigarria eraikitzeko. Istorioa herri gris eta monotono batean kokatzen da, eta troupe ibiltari bat iristearen ondorioz errutinak, nahiak eta ziurtasunak hankaz gora jartzen dira. Andreu Gallenen musika originala darabil musikalak (Iruñeko edizio honetan finalista ere izandakoa), eta Ariadna Peyak sortu du koreografia (dramaturgia-taldeko kide ere bada, Anna Rosa Cisquella eta Marc Rosichekin batera). Gainera, hamaika dantzari, antzezlari eta abeslari biltzen ditu obrak, eta kritikarien eta ikusleen babesa izan du, 167 emanalditan 100.000 ikusle baino gehiago izan baititu. Sari ugari irabazi ditu, horien artean Premi Teatre Barcelona eta Urteko musikal onenaren Premi Butaca delakoa; izan ere, Dagoll Dagom taldearen mende erdiko ibilbidean lan onenetariko bat dela nabarmendu dute. 

"Sari honek ilusio berezia egiten digu, publikoa izan baita beti gehien axola zaiguna", azaldu du Anna Rosa Cisquella Dagoll Dagom taldeko antzerkigileak. "Hainbat hamarkadatan, funtzio ugari egin ditugu Espainiako Estatu osoan. Publikoaren aitortza orain jasotzea, gure agurraren unean, urrezko amaiera da guretzat”, gaineratu du Cisquellak. Hasiera batean horrenbeste espektatiba ez zituen obra baten harrera ona ospatu du: “katalan klasiko oso minoritario bat zen gure abiapuntua, eta nahiko beldur ginen ez ote zuen funtzionatuko”, onartu du. Haren esanetan, arrakastaren sekretua "sorkuntza kolektiboko ikuskizun batekin gure hastapenak berreskuratzea izan da: inplikatutako guztiak benetako talde bat izan gara", amaitu du.

Dagoll Dagom taldeak L’alegria que pasa musikalarekin esanen die agur antzokiei: antzerkigintzan 50 urte eman dituzte, eta funtsezkoak izan dira antzerki musikalean berrikuntzak egiten. Berrikuntza horren lekuko dira ospe handiko antzezlan hauek: Mar i cel, Flor de nit, Nit de Sant Joan eta Antaviana. 

‘Max Topaketak’, galaren aurreko ekitaldia: sei finalista guztira

Giroa berotzeko, Nafarroako Gobernuak, SGAE Fundazioak eta Nafarroako Eszena Enpresa Elkarteak (ESNA), Iruñeko Udalaren laguntzarekin, Max Topaketak antolatuko dituzte: bi mahai-inguru antolatu dituzte ekainaren 16an, 10:00etatik aurrera, Nafarroako hiriburuko Kondestable Civivoxean (Kale Nagusia, 2).

Emakumeen Arte eszenikoak izenburupean, lehen eztabaidan hauek parte hartuko dute: Mireia Gabilondok (The Colour of Milk (Esnearen kolorea) Antzerki Ikuskizun onenaren finalista), Aitziber Garmendia (antzezlan beragatik Emakumezko Aktore onenaren saria jasotzeko hautagaia), Conchita Pons (Argiztapen onenaren kategorian hautagaia Natural order of things (Gauzen ordena naturala) lanagatik); Tdiferencia kooperatibako Maite Redínek moderatutako du eztabaida. Producciones Maestraseko Ángel García Moneok gidatuko du bigarren topaketa: sorkuntza eszeniko garaikideari buruz solasean arituko dira, eta hauek parte hartuko dute: Jokin Oregi (Mr. Bo obrari esker, Haur, gazte edo familiako ikuskizun onenaren sarirako finalista), Ester Guntín (Egile berri onenaren sarirako lehiatuko da Quiso negro lanari esker) eta Ikerne Giménez (Jantzien diseinu onenaren sarirako hautagaia Mr. Bo filmari esker).

Hiru sari berezi  

Estatu mailako Arte Eszenikoetan ospe handiena duten sariek 28 urte ospatzen dituzte, eta beti bezala, 20 lehiaketa-kategoria eta hiru sari berezi izanen dituzte: Ohorezko Max Saria: garrantzi eta ospe handiko aktore baten ibilbide profesionala bereizten du, eta aurten zendutako Juan Margallo antzerkigileari eta bere bikotekideari, Petra Martínezi, egokitu zaie, ex aequo; Amateur Max Saria, berriz, Ignacio Aranguren eta Vicente Galbetek eskuratu dute: Navarro Villoslada Institutuko antzerki-lantegiko irakasleak dira, eta haien ibilbidea saritu nahi dute sarien bidez; azkenik, Ikusleen txaloa Max Saria Dagoll Dagom taldearen L’alegria que passa musikalak eskuratu du.

Max sarien nondik norakoak 

SGAE Fundazioak 1998az geroztik antolatzen ditu sariak, eta Joan Brossa olerkari eta artista plastikoak (Bartzelona-1919/1999) egin zuen sariaren diseinua, eta urte hauetan guztietan Estatuko arte eszenikoen arloko aintzatespena izan du; gainera, Brossa gerraosteko artearen talde berritzaileetako baten bultzatzailea izan zen.

Arte Eszenikoen Max Sariek jarraitzaile gehiago lortu dituzte eta mota guztietako talde edo konpainien interesa piztu dute Estatu mailan. Azken edizioa Tenerifeko Auditoriumean ospatu zen, eta 527 izen-emate erregistratu ziren guztira, kopururik handienetan bigarrena.

¿Te ha sido útil esta página?