Iruña ikastetxeetara gerturatuko da berriemaileei esker

Iruña ikastetxeetara gerturatuko da berriemaileei esker
Bigarren hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko ikasleek beren kideei helaraziko diete Iruñeko gazteendako kultura-, prestakuntza-, aisialdi-, boluntariotza- eta lan-eskaintza

Ez da lan erraza gazteei helaraztea Gaztediaren Etxeko Informazio Bulegoak eta Iruñeko gainontzeko entitate eta erakundeek beraiendako duten proposamenen eskaintza zabala. Hori dela eta, Iruñeko Udalak 26 urte daramatza Berriemaileen Programa antolatu eta mantentzen, gazteak kultura, lan, aisialdi eta boluntariotza proposamen horien transmisioan zuzenean engaiatzen dituen ekimena.

Ikastetxeetako ikasleak, ikasle-egoitzetako eta ikastetxe nagusietako erabiltzaileak eta askotariko elkarte eta fundazioei loturiko gazteak, urtebetez, Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazio Bulegoko bozeramaile bihurtzen dira. Haiek beren ikaskideei helarazten dizkiete interesgarritzat jo ditzaketen ekimen, ikastaro, lehiaketa, ikuskizun, boluntariotza-behar, prestakuntza-eskaintza eta lan-eskaintza guztiak, berriemaile rola hartuz. Gazte horietako bakoitzaren ardura da Gazteendako Informazio Gunea bizirik mantentzea bere jardun-esparruan.

Egun 39 dira zentro eta elkarte laguntzaileak. Horietako bakoitzak berriemaile bikote bat du, beraz, guztira 78 ahots daude hiriko gazteen artean eskaintza hedatzeko. Gazte horiek Gaztediaren Etxeko programazioajakinarazteaz gain, Nafarroako Gazteriaren Institutuak kudeatzen duen Gazte Txartelaren abantaila eta ekimenen berri ematen dute, baita, besteak beste, Gayarre antzokiko, Nafarroako Filmotekako, Baluarteko eta Nafarroako Antzerki Eskolako programazioaren berri ere. Horrela, berriemaileak bere gisakoendako bozgorailu bihurtzen dira: ekitaldiak gomendatzen dituzte eta orientazioa eta aholkuak ematen dituzte lehiaketei, laguntzei, dirulaguntzei, bidaiei, hezkuntza-trukeei, boluntariotzari eta abarri buruz.

Berriemaile lan hori egiten dutenek Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoaren laguntza dute, zeinak aholkularitza eta informazioa ematen baitie sortzen diren berritasunei, eskaerak aurkezteko epeei eta izen-emateak eta izapideak egiteko baliabideei buruz. Halaber, ikastetxeek, irakasleen bitartez, berriemaile gisa aritzea errazten dute.

Berriemaile bihurtzeak nolabaiteko inplikazioa eskatzen du. Ildo horretan, programarekin konpromisoa hartzen dutenek gutxieneko batzuk bete behar dituzte, ekimenaren funtzionamendu egokia bermatu eta gazteei informazioa helarazteko benetan erabilgarria izan dadin. Horrela, berriemaile lana egiteko, gutxienez astean behin joan behar dute Gaztediaren Etxera beren kideendako garrantzitsutzat jotzen duten informazioa aukeratzeko. Gainera, informazio hori dagozkien zentroan azaldu beharko dute eta haien kideei aholkularitza zerbitzu bat eskaini gutxienez astean bi orduz.

Inplikazio, ardura eta ahalegin horrek trukean Udalak parte-hartzaileei dirutan ematen dien beka bat dakar. Baina, horrez gain, jardun onagatik gailendu diren berriemaileek sari gehigarri bat jasoko dute ikasturte amaieran. Iruñeko Udalak, halaber, berriemaileen lana errazten eta haien lanaren garapenean laguntzen inplikatzen diren zentroak saritzen ditu.

¿Te ha sido útil esta página?