‘Pila bat. Gaztea zara. Garrantzitsua zara. Pila bat dugu zuri eskaintzeko’. Lelo horrekin Iruñeko Udalak hiriko gazteengana hurbiltzea du xede, irudi berritu baten, berriz diseinatutako webgune baten eta sare sozialetako profil berrien bidez. Berritze horrek bat egiten du III. Iruña Gaztea Planaren prestaketarekin eta martxan jartzearekin. Irudi berri hori zabaltzeko otsailaren 25erako, larunbatarekin, doako hainbat jarduera antolatu dira Gaztediaren Etxean, eta kontzertu bat, Canalla aretoan.
Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Fernando Aranguren Gazteriako eta Kiroleko zinegotzi bereziak gaur goizean aurkeztu dituzte webgune berria eta ‘Pila bat’ kanpainaren sustapenerako eta hedapenerako materialak. Gazteengana iristea da helburua, Udalak beraiendako baliabide, programa eta zerbitzu ‘pila bat’ dituela jakin dezan eta, hala, kolektibo hori lortu nahi den hiri ereduaren partaide egiteko.
Iruña Gaztearen webgune berria (www.pamplonajoven.es/eu) erabilera eta ohitura berrietara egokitu da, mota guztietako gailuetan kontsultatu ahal izateko irisgarriagoa izateko eta, besteak beste, udal-jardueren eta -programen edukiak partekatzea errazteko, horrela, komunitateak sortzeko. Webgune dinamiko eta eguneratua da, gazteei zuzendutako Iruñeko Udalaren informazio guztia berrantolatzen duena.
Webgune berri horrek Iruña Gaztearen irudi aldaketa osatzen du. Joan den abenduan logotipo berria aurkeztu zen, dinamikoagoa, freskoagoa eta gazteagoa, mezu bisual argi, zuzen eta zehatz baten aldeko apustu eginez, eta dagoeneko ikus daiteke egiten diren komunikazio desberdinetan. Iruña Gaztearen profilak ere eguneratu dira sare sozialetan eta TikToken kontu bat ireki da @pamplonajoven eta @irunagaztea profilekin.
Webgunearen diseinu berria
Webgunearen diseinu berriaren azalean gai nabarmenak, agenda, gazteendako udal-programak eta -zerbitzuak eta egungo eta etorkizuneko udal-politiken ardatza den III. Iruña Gaztea Planari buruzko informazioa dago. Webgunean bost atal espezifiko daude: ‘Programak’, ‘Agenda’. ‘Gaztediaren Etxea’, ‘III. Iruña Gaztea Plana’ eta ‘ Harremanetarako’, baita ‘Informazio kluba’ izeneko gune bat ere, non formulario bat beteta hainbat gairi buruzko informazioa eskatu baitaiteke, hala nola enplegua, etxebizitza, bekak, lehiaketak, ikastaroak, jarduerak...
Udal-programak sei kategoriatan biltzen dira: informazioa, aholkularitza, kultura, dirulaguntzak, parte-hartzea eta aisia eta denbora librea. Horietako bakoitzean eskaintzen diren zerbitzu zehatzak, harremanetan jartzeko bideak eta dagokien informazioa eskuratzeko bideak erakusten dira. Gaztediaren Etxeari buruzko atalean, dituen baliabideak, jarduerak egiteko gune ezberdinak, gazteendako programa eta zerbitzuak, agenda eta ordutegiak agertzen dira.
III. Iruña Gaztea Planean jasotako ekimen guztiak modu argi eta irisgarrian aurkezten ditu, honela multzokatuta: oinarri dituen bost ildoak –gazte konprometituak, gazte emantzipatuak, gazte aktiboak, gate parte-hartzaileak eta jasangarritasunarekin konprometitutako gazteak– eta aurre egin behar dieten erronkak. Era berean, honako printzipio hauek deskribatzen ditu: zeharkakotasuna, berditasuna, parte-hartzea eta gizarteratzea, berrikuntza eta sormena, jasangarritasuna eta elkartasuna.
Jarduerak otsailaren 25ean, larunbatarekin
Irudi berri hori zabaltzeko larunbatean hainbat jarduera eginen dira Gaztediaren Etxean eta Canalla aretoan. Gaztediaren Etxean, eta hainbat gazte-elkarterekin elkarlanean, 10:00etatik 14:00etara, mahai-tenis eta bideojoko lehiaketak, K-Pop eta hiri-dantza masterclassak, Tribial Frikia, mahai-joko partidak, esperientziak errealitate birtualeko betaurrekoekin eta brodatu-lantegi bat.
Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, beste hainbat jarduera eginen dira: ginkana, rol-jokoa, estanpazio-, tatuaje- eta bitxigintza-lantegiak, errealitate birtuala, K-Pop masterclassa eta ‘Stil Walking’ filmaren proiekzioa (#ZinemaTag zikloaren barruan). Egun osoan zehar Gaztediaren Etxean barnako bisita gidatuak eginen dira bertako espazioak eta bertaratzen direnei eskaintzen zaizkien aukerak ezagutzeko. Jarduera horiek guztiak Gaztediaren Etxera doan gazte orori irekita daude.
Festa amaiera Canalla aretoan eginen da, Meraba taldearen eta Anne Lukinen kontzertuekin. 20:00etan, Iruñeko Meraba rock alternatiboko taldeak bere lehen EPa izanen denaren hainbat abesti aurkeztuko ditu, besteak beste, lehen aurrerapena: "Parte de un todo". Eta 21:00etatik aurrera Anne Lukin igoko da taula gainera. Iruñeko abeslariak, besteak beste,’Ni olvidar’ abestia interpretatuko du, bere disko berriko bigarren singlea, musika ilunago eta elektroniko baterantz egindako bilakaera agerian uzten duena. Beste abesti batzuk ere entzuten ahalko dira, hala nola ‘Ay pequeña’ bere aurreko singlea eta azken urteetan argitaratu dituen beste batzuk.
Kontzertuetarako sarrera librea da, gonbidapenak aldez aurretik hartuta, Gaztediaren Etxean, bihartik aurrera (asteartea).
Irudi berriaren hedapena
Iruña Gaztearen irudi berria sustapenerako hainbat ekintzen bidez ere zabalduko da. 50.000 kafe-edalontzi eta 50.000 zamau-babes ekoitzi dira ‘Pila bat’ kanpainaren logotipoarekin, ekimena babesten duten Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusetan banatuko direnak. Bi elementuek webgune berrira bideratzen duen QR kodea bat dute Iruñeak bertako gazteei eskaintzen dizkien informazioa eta proposamenak zuzenean ezagutu ahal izateko.
Halaber, kanpaina ikusgai egonen da hamaika liburutegi publikotan barna banatutako totemetan eta kalean, markesinetan, publizitaterako zutikako udal-euskarrietan (mupiak eta mupi digitalak) eta aparkaleku publikoetara sartzeko edikuluetan. Sare sozialetan –Iruña Gaztearen eta Iruñeko Udalaren profiletan– partekatzeko materiala ere prestatu da.