Iruña Gaztea III. Planak gazteria udal-jardueraren beharrezko zeharkako elementu bihurtzen du

Iruña Gaztea III. Planak gazteria udal-jardueraren beharrezko zeharkako elementu bihurtzen du
Udalak hamabi urte baino gehiago zituen gazteriaren plana berrargitaratu eta eguneratu du, eta egungo behar eta eskaerei egokitu du

foto

Gazteen beharrei eta inplikazioari heltzea etxebizitzaren, parte-hartzearen, gizarteratzearen, kulturaren eta kirolaren esparruetan dira, besteak beste, Iruña Gaztea III. Planaren helburuetako batzuk. Dokumentu berri horrekin, Udalak gazteak hiriko garapenaren protagonista eta Udalaren ekintzen erdigune bihurtu nahi ditu datozen hiru urteetan. Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak, Fernando Aranguren Gazteriako zinegotzi bereziak eta Mariangel García Petrella Gazteriaren Mahaiaren lehendakariordeak aurkeztu dute gaur Plana, udal-alor guztietako zeharkako tresna bihurtuko dena.

Plan berriak, duela 14 urte onetsitakoaren ordezkoak, ehun ekintza baino gehiago biltzen ditu, bost ardatz nagusitan bilduak. Hala, planak emantzipatutako gazteekin, konprometitutako gazteekin, parte hartzen duten gazteekin, gazte aktiboekin eta jasangarritasunaren alde dauden gazteekin lotutako hainbat alderdiri heltzen die herritarren sektore horrek bizitzaren hainbat esparrutan bere ahalmena garatzeko aukera izan dezan.
Aurreikusitako 109 ekintzetatik, gehienak ‘Gazteria aktiboaren’ ardatzaren barruan txertatzeen dira, zeinetan kultura, kirola, aisia, denbora librea eta osasuna landuko baitira. Neurri horien bitartez, Udalak xede du gazteen behar eta gustuekin bat datorren kultur eskaintza bultzatu eta zabaltzea, kultura-sorkuntzako espazioak sortzea eta kirola egiteko beste batzuk gaitzea, aisialdi osasungarriko, inklusiboko eta hezitzaileko alternatibak eskaintzea eta gazteendako osasun arreta hobea bultzatzea. Zehazki, hiriak orain arte egiten zituen ekintzez gain, planak 37 ekintza berri aurreikusten ditu, hala nola ikastetxeendako laguntza eta aholkularitza artistikoko programak abiatzea, arte-diziplina anitzetako gazte-komunitateen sorrera bultzatzea, bitartekaritzako zerbitzu bat kirol munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak harremanetan jartzeko, elikadura-aztura osasungarriak sustatzeko ikastaroak eta lantegiak.

Ekintza kopuruari dagokionez, atzetik doa ‘Konprometitutako gazteria’ ardatza. Haren bidez Udalak aniztasunezko elkarbizitza bultzatu nahi du bazterkeriak eta jokabide desegokiak arintzeko modu gisa. Zehazki, esparru horretan, 26 ekintza berri aurreikusi dira hainbat alderditan, hala nola elkarbizitza, gizarteratzea, kultura-aniztasuna eta berdintasuna, gazte migratzaileen errealitateak ezagutzeko eta haien integrazioa bultzatzeko eta berdintasunezko harremanak sustatzeko xedez. Besteak beste, aurreikusten da berriemaileei eskola-jazarpenari buruzko prestakuntza ematea, zurrumurruen aurkako kanpainak egitea eta KiVa eskola-jazarpenaren aurkako Finlandiako programaren lizentziak erostea; ‘Iruña gorrotoaren aurrean’ programaren hedapena, eta kulturarteko ikuspegia txertatzea Gaztediaren Etxeko aholkularitza-zerbitzuetan.     

Jasangarritasuna, parte-hartzea eta emantzipazioa
Bi lan-esparru handi horiez gain, planak gazteak beren emantzipazio-prozesuetan laguntzera bideratutako ekintzak ere aurreikusi ditu. Kasu horretan, beste 19 ekintza aurreikusi dira, prestakuntza eta enpleguarekin, mugikortasunarekin eta etxebizitzarekin lotuta. Hala, Udalak aholkularitza eta trebakuntza zerbitzu bat eskainiko du, lan-eskaintzei lotutako informazio-bideak eguneratu eta gazteendako enplegua bultzatzeko programak antolatuko ditu; Erasmus+ nazioarteko mugikortasuneko programari buruzko lantegiak antolatuko ditu eta gazteen emantzipaziora bideratutako gaitasunei buruzko ikastaroak antolatuko ditu, sukaldaritza osasungarriari eta erantzukidetasunari buruzkoak, esaterako. Halaber, gazteek etxebizitza eskuratzea bultzatuko du Nasuvinsarekin eginiko hitzarmenen bidez, eta, aldi berean, aterpe-premiako udal-ordenantza berrikusiko du gazteak bertan txertatzeko. 

‘Gazteria jasangarriaren’ esparruan, Iruña Gaztea III. Planak funtsezko hiru arlori helduko die: hiriko mugikortasuna, ingurumena eta kontsumoa. 17 ekintzaren bidez bideratuko ditu irisgarriagoa eta jasangarriagoa izanen den eta ingurumena errespetatuko duen hiri bat sortzeko. Horretarako, planak proposatzen du bidegorriak, bizikleta elektrikoak eta bide-heziketa sustatzea. Halaber, energia-trantsizioari eta klima-aldaketari buruzko dibulgazio-kanpainak eskainiko dira, baita tokiko produktu ekologikoen kontsumoa sustatzeari buruzkoak ere.

Parte-hartzeari dagokionez, planak gazteen eskura jarriko ditu gizartearekin konprometitutako pertsona aktiboak lortzeko hainbat baliabide eta bide. Zehazki, hamar ekintza berri daude aurreikusita parte-hartzearen, elkartegintzaren eta boluntariotzaren arloan. Besteak beste, Iruñeko gazteen elkarteen azoka bat antolatzea aurreikusita dago, gazteen presentzia orekatua bultzatuko da gazteendako partaidetza-organoetan eta inauguratu berri den Iruñeko Boluntarioendako Bulegoan, adibidez. 

Parte hartzeko prozesua
Plan hori egiteko, Iruñeko Udalak 2019an abiatu zen parte hartzeko prozesu bat jarri zuen martxan. Udalak, II. Plana onetsi zenetik igarotako hamabi urteen aurrean, gazteriaren behar berriekin bat zetorren agiriaren berrikuspen bat egitea erabaki zuen, udal-esparru guztietan programak eta jarduerak bultzatzeko gai den tresna bilakatzeko xedez. Plana egiteko hiriko gazteek zuzenean parte hartzea erabaki zen, planaren alderdi inplikatu eta onuradun gisa, bai eta gazteen alde lan egiten duten erakundeek ere, zeinek udal-arlo guztien ekarpenekin bat egin baitute. 

COVID-19aren pandemiak atzeratu eta baldintzatu du planaren azken prestaketa, epeak atzeratu baitzituen, baina ikuspegi berri bat barne hartzea ere ahalbidetu du, hiriko gazteen beharrak baldintzatu dituena. 

Plana osatu aurretik, Udalak hiriko gazteriaren diagnostiko bat egin zuen, alde batetik, Udalak berak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gazte-behatokiaren datuak bilduz, eta, bestetik, Udalak egindako inkesta baten bidez. Hala, inkesta guztira adin-tarte, sexu eta auzo ezberdinetako 786 gazteri egin zitzaien eta hainbat alderdiri buruz galdetu zitzaien, hala nola prestakuntza, enplegua, osasuna, kultura, aisia, denbora librea, kirola, ingurumena, emakumeen aurkako indarkeria, gizarteratzea eta etorkizuneko aukerak. Guzti horri, udal-alorren barneko lana gehitu zitzaion.


Iruñeko gazteriaren errealitatea, eskaerak, beharrak eta desirak ezagututa, Iruñeko Gazteriaren Mahaia berriz aktibatu zen –2015az geroztik ez zitzaion kontsultarik egiten– eta Iruña Gaztea III. Planaren lehen zirriborroa sortzeko funtsezko tresna bihurtu zen.


Ondoren, agiria zortzi eztabaida-taldetan aztertu zen; bertatik oso ekarpen erakargarri eta interesgarriak atera ziren eta haien bidez behin betiko dokumentua egitea lortu zen. Azken emaitza Iruñeko gazteei zuzendutako udal-jarduera definitu eta gidatu behar duen agiria da.

Ondoren, oinarrizko dokumentua zortzi eztabaida-taldetan aztertu zen; bertatik oso ekarpen erakargarri eta interesgarriak atera ziren eta Gazteriaren Mahaiarekin etengabe kontrastatuz behin betiko agiria egitea lortu zuten. Azken emaitza hurrengo lau urteetan Iruñeko gazteei zuzendutako udal-jarduera definitu eta gidatu behar duen agiria da.

Irudi berria eta aurkezpen festa
Tresna berri hori ezagutzera emateko, Udalak Iruña Gaztea planaren irudi berri bat sortu du, dinamikoagoa, freskoagoa eta gazteagoa, irudi bisual, argi, zuzen eta zehatz baten aldeko apustua eginez. Gainera, gazteekin komunikatzeko bideak berrikusi eta eguneratu dira, hala nola Gaztediaren Etxearen sare sozialak eta webgunea.

Planaren jendaurreko aurkezpena abenduaren 28an eginen da, asteazkenarekin, Zentralen eginen den festa baten bidez, zeinetan Harrapatu hiri jaialdia eginen baita Las Ninyas del Corro, Messy Mess eta Claudia Castazabarekin eta Taupadak taldearekin, Burgoen plazan. Sarrera doan da leku guztiak bete arte. 

71.000 parte-hartzaile inguru
Iruñeko Udalak hainbat tresna dauzka gazteekin harremanetan jartzeko. Zalantzarik gabe, garrantzitsuena Gaztediaren Etxea da, askotariko ekintza, programa, ikastaro eta lantegiak eskaintzen dituena, bai eta aholkularitza juridikoko eta psikologikoko espazioak ere, edo, besterik gabe, topaleku bat. 2021ean zehar, adibidez, 61.784 pertsona joan ziren Gaztediaren Etxera. 

Horiei beste 5.500 gehitu behar zaizkie, hainbat ekimenetan parte hartu baitzuten, Iruñea Game Fest delakoan kasu, eta udako eta neguko zinemako programak, non guztira 2.312 lagunek hartu baitzuten parte. Udalak iaz antolatutako beste programa batzuk, besteak beste, honako hauek izan ziren: ‘Txankletak’, 898 erabiltzailerekin edo ‘Hamaika plan’, 356rekin. Gainera, gazteen parte-hartzea literatur lehiaketetan, ekintzaileen ikastaroetan eta beste hainbat jardueratan islatzen da. Guztira, 2021ean, 70.908 gaztek parte hartu zuten, modu batean edo bestean, Udalak hiriko gazteendako antolatutako ekintzetan. 

 

presentacion

 

¿Te ha sido útil esta página?