
Iruñeko Udalak eta Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) lankidetzan sustatzen duten Iruña Ekintzaile programak aktibo dauden saltokiei, ekintzaileei eta merkataritza-sektorera sartzeko interesa duten proiektuei zuzendutako banakako mentoretza-ildo berria abiatu du. Ekimen horren bidez, negozio bakoitzari egokitutako laguntza praktikoa eskaini nahi da, tokiko merkataritzaren lehiakortasuna, jarraitutasuna eta egokitzeko gaitasuna indartuz.
Mentoretzak eskatzeko aukera eskuragarri dago jada CEINen webgunean, eta haien bidez, banakako aholkularitza espezializatua eskainiko da parte-hartzaile bakoitzari laguntza eman eta haien negozioek dituzten behar zehatzei heltzeko. Formatu orokorragoek ez bezala, saio hauek saltoki bakoitzaren berariazko egoera dute abiapuntu. Parte-hartzaileek euren beharrak, zalantzak edo hartu beharreko erabaki bat mahaigaineratzen ahal dute eta, hortik abiatuta, mentoretzako lantaldearekin batera lan egiten ahal dute lehentasunak identifikatzeko, ekintzak zehazteko eta euren errealitateari egokitutako irtenbideak martxan jartzeko.
Laguntza-prozesuak askotariko alderdiak barne hartzen ditu, hala nola merkataritza-kontzeptuaren definizioa, balio-proposamena, negozioaren ikusgaitasuna, bezeroen fidelizazioa, prezioen eta marjinen kudeaketa, kostuen eta salmenten kontrola, tresna digitalen erabilera eta adimen artifiziala merkataritzan aplikatzea. Saioek, halaber, negozio-eredua modu globalean analizatzeko aukera ematen dute, haren garapena eta hazkuntza baldintzatzen ari diren faktoreak identifikatze aldera.
Saltokien parte-hartzea errazteko xedez, mentoretzak establezimenduan bertan eta haren ordutegira egokituta egiten ahalko dira, saltoki bakoitzaren egunerokotasunari zuzenean lotutako lana sustatuz eta identifikatutako hobekuntzen aplikazio praktikoa erraztuz.
Iruña Ekintzaile programaren bigarren fasea
Programa apirilean abiatu zen, ekainera arte luzatu zen prestakuntza-proposamen malgu batekin, eta mentoretzak programaren bigarren fasearen ardatz nagusietako bat dira. Lehenengo fasean gai hauei heldu zitzaien, laburki eta modu praktikoan: saltokiaren optimizazio fisikoa, salmentak eta marketina, kudeaketa ekonomikoa, merkataritza eta turismoa eta saltokien belaunaldi-aldaketa eta saltokiei jarraipena ematea.
Orain, bigarren fasean, programak dagoeneko finkatuta dauden saltokiei zein ekimen berriei banakako mentoretzak ematea du ardatz. Mentoretza horiek irailetik aurrera eginen diren lantegi praktikoen eskaintza osatzen dute.
Lantegietan hainbat gai landuko dira, besteak beste, ikusgaitasun digitala, Google Business Profile eta WhatsApp Business gisako tresnak, sare sozialak eta adimen artifiziala, bai eta merkataritza-jarduerarako garrantzitsuak diren beste gai batzuk ere, kudeaketa ekonomikoa eta prezioak eta marjinak kasurako. Horrez guztiaz gain, urteko azken hiruhilekoan, saltoki berri bat irekitzeko edo dagoeneko martxan dagoen negozio baten lekukoa hartzeko interesa duten pertsonei zuzendutako berariazko saioak eginen dira.
Laguntza pertsonalizatuko ildo hori Iruña Ekintzaile programaren garapenaren barruan dago. Azken urteotan, programa horrek laguntza eman die finkatutako saltokiei, enpresa-ekimen berriei eta merkataritza-erreleboko proiektuei. Aurtengo edizioaren xedea merkatarien eta ekintzaileen errealitateari aplikatzen ahal zaizkion tresna erabilgarriak eta irtenbideak hurbiltzea da, prestakuntza praktikoa eta banakako laguntza uztartuz.
Programa Iruñeko Udalak eta CEINek sustatzen dute eta hiriko merkatarien elkarte guztiekin lankidetzan egin da: Iruñeko Alde Zaharra Elkartea; Iturramako Merkatarien Elkartea; Martín Azpilcuetako eremuko Merkatarien Elkartea; Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldeako Merkatarien Elkartea; Sanduzelaiko Merkatarien Elkartea; Nafarroako Merkatarien Elkartea; Zabalguneko, Lezkairuko eta Erripagañako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Elkartea; Txantreako Merkatarien Elkartea, eta La Rotxa Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea.
Interesa dutenek mentoretza eskatzen ahal dute jada eta interesatzen zaizkien lantegiak adierazi CEINen webgunearen bidez edo esteka honetan. Programa Iruñeko Udalak finantzatzen du eta, beraz, doan da programan parte hartzen dutenendako.