Iratxeko Monasterioaren eta Gartzia Ximenez kaleek eta Tafalla zeharkaleak bizikletetarako estalitako eta zaintzapeko aparkalekuak izanen dituzte

Iratxeko Monasterioaren eta Gartzia Ximenez kaleek eta Tafalla zeharkaleak bizikletetarako estalitako eta zaintzapeko aparkalekuak izanen dituzte
Hiru gune berri horiek martxan jarrita, Iruñeko sare publikoak bizikletak aparkatzeko bederatzi aparkaleku izanen ditu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

 

 

Iruñeko Udalak bizikletak aparkatzeko beste hiru modulu, estaliak eta bideozaintzadunak, instalatuko ditu, eta hirian dagoeneko martxan dauden seiri gehituko zaizkie. Modulu berriek 20 leku dituzte, lehenago hirian instalatutakoek dituzten 30 lekuen ordez, eta diseinu optimizatuagoa dute, bide publikoan espazio gutxiago okupatzea ahalbidetzen duena. Kabina berri horiek eskuratzeari esker, egungo kokapenak berregiturako dira. Horrela, gaur egun autobus-geltokiko sarreraren ondoan dagoen bizikletak aparkatzeko euskarria Iratxeko Monasterioaren kalera aldatuko da, eta Yanguas y Miranda kalean berriki eskuratu diren horietako bat jarriko da. Beste biak Tafalla zeharkalean eta García Ximénez kalean kokatuko dira.

Hiriko hainbat puntutan bizikletetarako aparkaleku seguruen eskaria aztertu ondoren, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak erabaki du une honetan autobus-geltokiaren ondoan dagoen azpiegitura Iratxeko Monasterioaren eta Donibaneko Ibarbidearen artean dagoen plazara eramatea. Mistoa izanen da, bizilagunendako berrogei leku egonen dira, eta txandakako hamar, bizikletetarako aparkaleku publikoen sarearen erabiltzaileendako.

Autobus-geltoki inguruko zerbitzua bi puntutan banatuko da, eta horietako bakoitzean eskuratutako modulu berrietako bat instalatuko da. Lehenengoa erdibitzailean kokatuko da, autobus-geltokiaren parean. Lorategi-eremuko inpaktua murrizteko, aparkalekua lauzaren gainean jarriko da, eta bizikletak erdibitzailera errazago sartzeko, bizikletentzako pasabide bat jarriko da oinezkoen pasabidearen ondoan. Eremu horretako bigarren bizikletetarako aparkalekua beste puntu batean kokatuko da, García Ximénez kalean. Bien artean eskainiko dituzten berrogei lekuak txandakakoak izanen dira. Autobus-geltokitik gertu dagoenez, bermatuko da hiriarteko autobusez eta bizikletaz bidaia konbinatuak egin ahal izatea, baina modulu horiek ez dira helburu horretarako bakarrik erabiliko, Iruñeko erdigunera bizikletaz joatea erraztuko baitute nagusiki.

Zabalgunean hirugarren kokapen bat egonen da Tafalla zeharkalean, bizilagunendako bizikletetarako aparkaleku seguru bat egoteko herritarren eskariari erantzunez. Iruñean bizitegi-erabilerarako soilik erabiliko den bizikletetarako lehenengo aparkatze-modulua izanen da, eta hogei plaza izanen ditu helburu horretarako. Puntu horretan azpiegitura hori kokatzeko beharrezkoa da ibilgailuak aparkatzeko plaza bat kentzea, aparkaleku-sortara sartuko direnei bira emateko maniobra egitea ahalbidetzeko.

Bizikleta-aparkaleku berriak 7,85 x 2,40 metrokoak dira eta 1,50 metroko altuera dute. Horietako bakoitzaren kostua 23.400 euro izan da (gehi BEZa). Gastu horiei gehitu behar zaie modulu guztien birkokapena eta instalazioa, eta beraz, obra zibilaren eta hargune elektrikoen gastua 8.000 euro inguru (gehi BEZa) izanen dela kalkulatzen da. Bestalde, gaur egun autobus-geltokiko eremuan dagoen azpiegitura tokiz aldatzea eta kokapen berrian jartzeak 2.500 euro balio du (gehi BEZa).

Iruñeak bizikletak aparkatzeko 360 plaza izanen ditu bide publikoan kokatutako moduluetan

60 plaza berriak gehituko zaizkie dagoeneko Iruña osoan banatuta dauden bizikletetarako sei aparkalekuak eskaintzen dituzten plazei. Txantreakoa, Arriurdiñeta plazan, aparkaleku mistoa da, eta guztira, berrogeita hamar leku eskaintzen ditu; horietatik, hogeita hamar auzoko bizilagunendako dira, eta lizitazio-prozeduraren bidez esleitzen dira. Berrogeita hamar plaza inguru dituzten eta txandakakoak diren gainerako moduluak honako toki hauetan daude: zezen-plaza ondoan; Mendebaldean, Liburutegi Orokorraren eta Musika Kontserbatorioren artean; ospitalegunean, amaetxeko sarreraren parean, eta Iturraman, Civivoxaren ondoan.

Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea txandakakoa da, beraz, zerbitzua erabiltzen dutenei ezartzen zaien tarifa-sistemak barruko lekuak aldi baterako erabiltzea saritzen du, eta luzaroan erabiltzea mugatzen du. Bi euroko hilabeteko oinarrizko tarifak bidea ematen du bizikletak sei aparkalekuetan modu seguru eta babestuan aparkatzeko, gehienez ere 48 ordura bitarteko denbora-zatietan, eguneko 24 orduz, asteko zazpi egunetan. Auzoko bizilagunendako diren lekuak, bestalde, banaka esleitzen dira, eta tarifa urtean 60 euro da, mugarik jarri gabe bizikleten erabilerari dagokionez. Zuzkidura horiek martxan jartzea ‘Go Green Iruña’ trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiaren barruan dago. Estrategia hori aurreko Osoko Bilkuran aho batez onetsi zen eta haren jarraibideak Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak garatutako ekintzak bideratzen dituzte.

Aparkaleku publikoetako erabiltzaileek zerbitzu horretarako bakarrik den BiziZ aplikazioaren bidez operatu beharko dute, eta www.pamplona.es/nbici/ webgunearen bidez. Horien bidez zerbitzuan alta eman eta ordainketa egin daiteke. Behin alta hartuta, hiru modu izanen ditu erabiltzaileak aparkalekuetara sartzeko. Lehenengoa, app-aren bidez gailu mugikorrean hautatutako aparkalekuko ‘atea’ botoiaren gainean klik eginez; bigarrena, erabiltzaileari zerbitzuan alta hartzean emanen zaion sarbide-kode pertsonala atearen teklatuan sakatuta, eta hirugarrena, aparkaleku bakoitzeko argibide-panelean agertzen den telefonora deitu eta, linea komunikatzen dagoela, atean dagoen teklatuko kanpaiaren irudia sakatuta.

¿Te ha sido útil esta página?