
Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoak haurrendako doako lantegiak eskaintzen ditu Aste Santuan lurrinak eta oihalezko poltsak egiten ikasteko. Saioak gaztelaniaz nahiz euskaraz izanen dira. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. Lekuak izena eman den hurrenkerarekin bat esleituko dira, 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta Telefonoetara deituta. Lantegiak museoan bertan eginen dira, San Pedroko Monasterio Zaharrean (Errotazar kalea, zk.g), 10:30etik 12:30era.
Lurrina egiten ikasteko lantegian lurrin bat eginen da gure inguruneko landare usaintsuak erabilita. Bertan, landareen propietateak eta ezaugarriak ezagutuko dira. Apirilaren 6an, asteartearekin, euskaraz eginen da eta 8an, ostegunarekin, gaztelaniaz.
Bigarren proposamena poltsa bat egitea da elastiko zahar bat berrerabilita, eta horrela bizitza berri bat izanen du. Lantegian zehar, hondakinak kudeatzean murrizketak eta berrerabilpenak duten garrantzia azpimarratuko da, lehentasunezko aukera gisa. Euskarazko saioa apirilaren 7an, asteazkenarekin, izanen da eta gaztelerazkoa 9an, ostiralarekin.
Hitzaldietarako aretoak eta erakusketa-guneak gizarte- eta ingurumen-arloetako gaiak lantzeko
Bestalde, epea zabalik dago oraindik “Museoa zeureganatu zure kolektiboarekin” programan parte hartzeko. Gizarte- eta ingurumen-arloetako gaiak lantzen dituzten kolektibo, elkarte edo mugimendu sozialek Ingurumen Hezkuntzako Museoaren instalazioak erabiltzen ahalko dituzte harrera-toki gisara, bai eta Museoaren hedabideak ere, edozein ekimen, lan, erakusketa, hitzaldi, bilera eta abarretarako.
Egungo osasun-neurriekin bat, honako hauek erabiltzen ahal dituzte: 21 lagunendako edukiera daukan hitzaldi-aretoa, 12 lagunendako bilera-gelak, erakusketetarako gunea eta Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren komunikazio tresnak (sare sozialak, webgunea etab.). Eskaera egiteko agiri hau bete eta museoeducacionambiental@pamplona.eshelbidera bidali behar da. Ingurumen-Hezkuntzako Zerbitzuarekin harremanetan jartzerik ere badago 948420984 telefonoan.