Nola estanpatu material ezberdinekin eta hainbat euskarriren gainean. Ingurumen Hezkuntzako Museoak datorren asterako haurrendako lantegi bat proposatzen du 'Estanpatuko dugu? Sortu eta zure kontsumoa murriztu' izenekoa. Asteazkenean, 10:30etik 12:30era, gaztelaniazko saioa izanen da eta ostegunean, ordu berean, euskarazko saioa. Izen-emateak doan dira eta 010 – 948 420 100 telefonoetan egin daitezke.
Lantegietan parte hartzen dutenek, hala etxean nola naturan bertan aurki daitezkeen materialekin estanpazio-teknikak esperimentatzeko aukera izanen dute. Lantegian kamiseta zahar bat pertsonalizatu eta hainbat konposizio sortu ahal izanen dira berrerabilitako kartoi eta paperezko euskarrien gainean. Hori guztia modu ludikoan, arte plastikoez gozatuz, sormena, parte-hartzea, adiskidetasuna eta murriztu, berrerabili eta birziklatzeko beharra sustatuz. Lantegia, bai gaztelaniaz bai euskaraz, Patxi Huarte Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari eta Arte Ederrean lizentziadunak emanen du. Hamar urte baino gehiago daramatza arte eta eskulan lantegiak ematen.
Astelehenean hasi eta gaur arte (ostirala), dirurik gabeko truke-azoka txikia eginen da Ingurumen Hezkuntzako Museoan, erosketaren alternatiba gisa eta berrerabilpenaren bultzada gisa. Azokan denetarik aurki daiteke: arropa, zapatak, apaingarriak, liburuak, jostailuak, etab. Parte-hartzaileek egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten gauzak ekarriko dituzte, besteendako interesgarriak izanen direlakoan. Lau objektu trukatzen ahalko dira gehienez ere, betiere antzeko balioa duten objektuengatik.