Iker Serrano artista iruindarrak urtarrilaren 17ra arte izanen du ikusgai, Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan, ‘Hasieratik hasita, comenzando desde el principio’ izeneko obra. Erakusketaren izenburuak obra piktorikoen edukiei egiten die erreferentzia, zeinetan 2007tik gaur egun arte egin dituen proiektu nagusietan barnako ibilbidea ikus baitaiteke. Duela hamahiru urte Serranok arte ederren ikasketak amaitu zituen, eta orduan hasi zuen ibilbidea artearen munduan. Erakusketak 52 pintura jasotzen ditu, mihise eta paper gainean, zazpi proiektutan banatuta.
Lehenengo proiektuak, ‘The golden age, la época dorada’, egilearen lehenengo bidea laburbiltzen du, lizentziatu ondoko lehen urtea. Introspekzio-ariketa bat eginez, helduaroan ibiltzen hasi aurreko bere familia ingurunea irudikatu nahi du. Serranok ibilbide familiar bat erakusten du obra hauetan, bere familiako irudi nagusiak irudikaturik: gurasoak, anai-arrebak, amona eta bikotekidea ere, Amaia Gracia artista.
Hasierako etapa eta gero, bigarren proiektuan (‘Boxing painters’) egileak 2009 eta 2010 bitartean egindako aurrerapenak erakusten ditu. Urte horietan, Serrano boxeoan jarri zuen arreta, eta boxeolariak arerioarekin duen borrokan pintorearen eta bere obraren artekoaren analogia bat ikusi zuen. Hartara, honelako obrak sortu zituen: pintorea ring-ean borrokan ageri da, hala boxeolariaren gauzak (eskularruak zein babes-kaskoak) nola pintorearen tresnak (pintzelak, mihiseak eta pintura-potoak) dituela. Proiektu honetan erakusten den obretako bat da ‘Lucha materia prima pintura’, zeinarekin Serranok ‘Iruñeko Artista Gazteak’ sariketaren bigarren saria irabazi baitzuen.
Arteari buruzko gogoeta bat heldutasun profesionala bilatzen hasteko
‘Viaje al Blanco’ lanak, 2010ean kokatuak, artistak bere obrarekin bilatu nahi dituen harremanak erakusten ditu. Koadroaren entitateari buruz egiten du gogoeta, protagonismoa emanez mihise zuriari, bere obran irudikatutako egileari eta bidaiari, pinturaren hizkuntzaren ekintza obraren gaiaren garraiatzaile gisa. Hurrengo bi urteetan, sortzaileak bidaiaren ideian sakondu zuen, bidaia hartuta artista baten lantegian martxan jartzen diren harremanen alegoria gisa. Horrela, ‘Viaje e isla’ proiektuarekin, irlak hartzen du, entitate gisa,
rotagonismoa eta koadro objektuaren sinbologia. Proiektu honen obretan bidaiari-pintore den pertsonaia bat ikus daiteke, aurrera egiten ur-eszenak, kobazuloak eta baso-paisaiak sortzen diren leku baterantz. Protagonista azeri, hiena, zebra, orein eta bestelako animaliez lagunduta ageri da. ‘Viaje e Isla’ proiektuarekin jarraituz, beste obra batzuk agertzen dira ‘Isolarios’-en; hemen, 2013 eta 2014 urte bitartean Serranok egindako obra laburbiltzen da. Sail horretan paisaien exotismo-maila areagotzen da, eta pertsonaia-animaliek protagonismo handiagoa hartzen dute. ‘Viaje al blanco’ sailarekin hasitako lana, ‘Isolarios’-en amaierara arte luzatzen dena, artistak abenduan defendatuko duen doktore-tesirako oinarri piktorikoa da.
Hurrengo proiektuak, ‘Kazetari Amerikar baten egunaldia 2889an’ (2015-2016), Julio Verneren La jornada de un periodista Americano en 2889 kontakizuna irudikatzeko artistak egindako obra piktorikoa laburbiltzen du. Verneren historiaren bidez, gai da etorkizuneko munduaren deskribapen xehea eskaintzeko: aurrerapen teknologikoak, nazioarteko harremanak eta gizarte korapilatsua, eta hori, XXI. mendean, pinturara eramaten du Serranok.
Erakusketan aurkezten den azkeneko proiektuan, ‘Nuevo Origen’ izenekoan, egileak azken hiru urteotako bere sormen-lan onenak laburbiltzen ditu; horietan, ‘Jatorri’ kontzeptua aztertzen du, pinturaren hizkuntzaren esferatik ikusita. Horretarako, irla-espazioak eta formazio mineralak irudikatzen ditu, espazioaren gainean flotatzen duten kolore eta pigmentu primarioekin lotuta. Serranok ‘Origen’ leku espezifiko eta zehaztugabe baten moduan definitzen du, zeinean bidaiatzea edo lekualdatzea bilakatzen den obra bakoitzaren irudikapenaren helburua. Horrela, koadro bakoitzean irudikatzen dira beste leku hori erakusten duten hutsune, zulo edo leihoak: atalase minerala ‘Jatorrirantz’, irradiatzen ari den zentro mistikoa sortzen duena.
Hamahiru urte artearen munduan sortzen, irakasten eta ikertzen
Iker Serrano Arte Ederretan lizentziaduna da, ikerlaria eta pinturan doktoregai Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan defendatuko du, aste gutxi barru, amaitu berri duen doktore-tesia ‘Viaje al cuadro. Una metaficción en la pintura’. Gaur egun irakasle artista da, Basauriko Kultur Etxean, eta Basauriko Ariz Dorreko erakusketen komisarioa. Bere ibilbide profesionalean zenbait aintzatespen jaso izan ditu, besteak beste 2011ko ‘Nafarroako Artista Gazteak’ sariketako lehenengo saria eta ‘Iruñeko Artista Gazteak’ sariketako bigarrena.