Iruñeko Udalak astelehen honetan irekitzen du urriaren 14ra bitarte iraunen duen izena emateko epea, besteak beste, ikastetxe, ikastola, kirol-elkarte eta kirol-klubetako taldeek haien parte-hartzea formalizatu dezaten. Izen-ematea https://www.gesportsl.es/gestion-de-programas-deportivos/ webgunearen bitartez eginen da. Aurreikuspenen arabera, txapelketa urriaren 22an hasiko da. Txapelketa egin zen azken denboraldian, 2021–2022koan, 74 taldek parte hartu zuten, eta guztira 847 bat jokalarik (neskak zein mutilak).
Gutxienez bost neska-mutiko dituen edozein taldek parte har dezake. Izena emateko online izena emateko fitxa bete beharko da, Datuen Babeserako Lege Organikoan adingabeek parte hartzeko ezarritako baimena erantsi eta talde bakoitzerako ezarritako 70 euroko kuotaren ordainketa online egin edo egindako transferentziaren ordainagiria erantsi beharko da.
Kirol-jarduera hau jolas-izaerakoa eta ez selektiboa da batez ere, eta urritik maiatzera bitarte eginen da, partidak batik bat larunbatetan eta eskola-egutegiarekin bat jokatuz, familia-kontziliazioa errazte aldera. Funtzionamenduan edo araudian, kirola egitea sustatzen da, ez besterik; izan ere, ezaugarrietako bat da adingabe guztiek gutxienez 10-12 minutu jarraian (zati oso bat) jokatu behar dutela nahitaez. Era berean, ez dago kanporaketarik, ez dago titulurik jokoan, eta egiazko emaitzak 1-1 edo 1-0 emaitzekin ordezten dira, partida berdindu edo irabazi, zer egin den.
Ligan parte hartuko duten gehienak Iruñean erroldatutako haurrak izanen dira, eta izena eman duten taldeendako Androiderako edo Iphonerako App bat jarri da erabilgarri, antolakuntzarekin harremanetan jartzeko.
Denboraldi honetako Eskolako areto-futbolaren udal-ligan, lehiaketa arautzen duen erregelamendua doitu da, eta, honako hauek izanen dira denboraldiko ildo nagusietako batzuk: gizarteratzea, dibertsitate funtzionala duten baina areto-futbolean aritzeko adinako mugimendu-trebetasuna dutenen parte hartzea handitzea, nesken parte-hartzea sustatzea eta berdintasunari eta hezkidetzari bultzada ematea, arreta berezia jarriz sexuagatiko edo desgaitasunagatiko jazarpen egoeren prebentzioan. Txapelketaren barruan aldagai horiek guztiak zaintzeaz gain, sare sozialetan hedatzeko kanpainak egin eta marketin estrategiak erabiltzea aurreikusten da berdintasuna eta hezkidetza sustatzeko.