Ikaskuntza-zerbitzuko Estatuko XII. Topaketa eginen da Iruñean abenduaren 9tik 13ra, eta bertan egonen dira Espainia osoko 400 profesional, irakasle eta ikasle baino gehiago

Ikaskuntza-zerbitzuko Estatuko XII. Topaketa eginen da Iruñean abenduaren 9tik 13ra, eta bertan egonen dira Espainia osoko 400 profesional, irakasle eta ikasle baino gehiago
Ikaskuntza-zerbitzuan mundu osoan erreferentea den Nieves Tapiak hitzaldi bat emanen du ikasleak komunitateari zerbitzu emateko engaiatzen duen metodologia horren inguruan
Encuentro

Hezkuntza-sektoreak hitzordua du Iruñean abenduan, Ikaskuntza-zerbitzuko XII. Topaketa eginen baita, nazioko hezkuntza-sektoreko 400 irakasle, ikasle eta profesional baino gehiago bilduko dituen ekitaldia, komunitateari zerbitzu ematea prestakuntzarako eta heziketarako bide gisa oinarri duen metodologia berri hau jorratzeko. Iruñeko Udalak, abenduaren 9tik 13ra, ekitaldi honen antolakuntzaren lekukoa hartuko dio Madrilgo Cosladako Udalari.  


Topaketak ikastetxeen inguruarekin estuki loturik dagoen ikaskuntza-metodologia berri hau balioetsi nahi du. Hezkuntza-formula honetan, ikasleek hobetu dezaketen egoera bat identifikatzen dute, hobetzeko konpromisoa hartu eta proiektu solidario bat garatzen dute, horretarako baliatuz ezagutzak, trebetasunak, jarrerak eta balioak. Hala azaltzen du Espainiako Ikaskuntza-zerbitzuko Sareak (REDAPS), honelako prestakuntza-motak zabaltzea xede duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak. Nafarroako zenbait ikastetxek egin dute bat metodologia honekin, eta ikastetxeen inguruetan hobekuntzak lortu dituzte. Eta Udalak berak ekimen horietako batzuk saritu ditu, hirugarren edizioa duen topaketa honetan. 


Honako hauek dira, besteak beste, Iruñeko ikastetxeek azken urteotan bota dituzten proposamenak: ibilbide seguru eta jasangarriak ikasleak ikastetxera autoz beharrean oinez joan daitezen, energia-gastua murriztea etxean, ikastetxean eta auzoan, eta immigranteen integrazioa lortzera bideratutako prestakuntza-saioak. Ekimen horien diseinuan, inguruaren eta pertsonen benetako beharrak jorratzen dira, eta ikasleak eskolako irakasgai eta edukien zentzu praktikoaz jabetzen dira, behar horiei aurre egiteko erabili behar baitituzte. 


Jarduerak aste osoan 

Ikaskuntza-zerbitzuko XII. Topaketa honetarako, Iruñeak hainbat jarduera diseinatu ditu, xede dutenak ikusaraztea hala metodologia berri hau nola ikasgeletan nahiz bizilagunen artean dituen eragin positiboak. 


Hasteko, abenduaren 9an, astelehenarekin, erakusketa bat eginen da Nafarroako ikastetxeetan –maila guztietakoak, Haur Hezkuntzatik Unibertsitatera– egindako ikaskuntza-zerbitzuko 31 proiektuekin. Erakusketa Kondestablearen jauregian izanen da, eta xede du ikasleen lana irudikatzea ekimen bakoitzaren inguruko argibide-posterren bitartez. Topaketa, berez, abenduaren 10ean hasiko da, asteartearekin: hitzaldi-programa zabala egonen da, horien artean Ikaskuntza-zerbitzuko 100 praktika on argitalpenaren aurkezpena, Esther Escodaren eskutik, REDAPSeko kidea eta Valentziako Unibertsitateko Gizarte Laneko irakasle erretiratua.  Halaber, NUPeko irakasle Nieves Ledesmak mahai gainean jarriko du genero-perspektiba aintzat hartuta kontuan hartu behar diren alderdi edo gomendioen dekalogo bat. Eta, bi hitzaldi-solasaldi eginen dira Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ikerketa-talde batekin eta Nafarroako Gobernuko Garapenaren aldeko Lankidetzako zuzendari nagusiarekin, ikaskuntza honek mundu jasangarriago bat eta 2030era begirako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko duen garrantzia aztertzeko.


Abenduaren 11n, asteazkenarekin, ikastetxeak eta ikasleak izanen dira protagonista, azken hilabeteotan garatu dituzten proiektuak aurkeztuko baitituzte. Zikloka egituraturik, guztira 12 ikastetxek eta institutuk (Iruñeko zazpi) eta lau elkartek emanen dituzte ezagutzera haien ekimenak. Honako hauek dira topaketara joaten direnek ezagutuko dituztenetako batzuk: Mil horas para cambiar el mundo (Sagrado Corazón ikastetxea); Haz un trato con el buen trato (Julio Caro Baroja BHI); Huertos ecológicos (Peraltako Ribera del Arga BHI), edo Elkartasun azoka Sahararekin (Sanduzelai HLHIP). 


Ostegunean “Ikaskuntza-zerbitzua Nafarroako unibertsitateetan” I. Jardunaldia izanen da, eta bertan parte hartuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko eta UHUNeko ordezkariek. Hiru erakundeetako bakoitzak berriki garatu dituen proiektuetatik bat aurkeztuko du. Hain zuzen, NUPek hondakin organikoen zikloa eta komunitateari eskainitako gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuak jorratzen dituen proiektua ekarriko du; UHUNek Español en vivo: un modelo de aprendizaje-servicio desde la modalidad virtual proiektua aurkeztuko du, eta Nafarroako Unibertsitateak Cáritasen tonbolaren instalazioen diseinua, datorren urtean estreinatuko direnak. Era berean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko eta Madrilgo Udaleko ordezkariek topaketara ekarriko dute bi entitateen arteko elkarlan-esperientzia, eta horrek azken bi ikasturteetan Madrilgo hirian izan dituen eraginak.


Topaketaren hamabigarren edizio honen egun nagusia abenduaren 13a (ostirala) izanen da, Ikaskuntza-zerbitzuko V. Sariak banatuko baitira. Guztira 18 sari banatuko dira nazioan, eta hainbat entitate eta erakunde izanen dira babesleak.


Mª Nieves Tapia, erreferentea mundu osoan, Iruñean

Ekitaldi honetan, ikaskuntza-zerbitzuko arloan maila handiko nazioarteko pertsona bat etorriko da: María Nieves Tapia. Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioko Zentro Latinoamerikarraren sortzailea eta zuzendaria (CLAYSS) da, Argentinako Hezkuntza Ministerioak metodologia honekin egin dituen programa nazionalen bultzatzailea izan da, baita Buenos Aires hiriko Eskola Solidarioena ere. Tapia Historian graduduna da, irakaslea institutu eta Unibertsitateetan, hitzaldiak ematen ditu nazioartean, eta Ikaskuntza-zerbitzu arloko Ikertzaileen Nazioarteko Elkartearen sortzailea. 2001ean, Alec Dickson nazioarteko saria jaso zuen, gazteen zerbitzuko lidergoari emana. Metodologia honi buruz liburu eta artikulu asko idatzi ditu. 


XII. topaketa dela-eta Iruñean bisitan dagoela, ostegun goizean, ikaskuntza-zerbitzuari buruz hitzaldi bat emanen die, unibertsitatean, bertako ikasleei. Egun horretan bertan, 19:00etatik aurrera, Baluarteko Luneta aretoan izanen da Tapiaren lehen hitzaldi publikoa, ikaskuntza-zerbitzua eta garapen jasangarria hizpide, eta ikaskuntza-metodologiaz egindako proiektuek 2030eko GJHak lortzen nola lagundu ahal duten azalduko du. Ostiralean, berriz, sari-banaketaren amaieran, Tapiak, bertako ikusleen aurrean, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako ikasle batzuekin hitz eginen du –ikaskuntza-zerbitzuan parte hartu baitute–; metodologia honetan gazteek protagonismoa izan beharra izanen da gaia.


Topaketa instituzionala

Testuinguru honetan, Iruñeko udalak topaketa instituzionala antolatu du Foru Komunitateko udalekin, Nafarroako, Extremadura eta Valentziako autonomia-gobernuetako ordezkariekin, Hezkuntzako eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioekin zein Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin; horretan ere Mª Nieves Tapiasek hartuko du parte. Topaketa instituzional hau Baluarten izanen da, abenduaren 13an ere bai, hamaiketakoan networking gisa. Gerora, aldiz, 15:45etik aurrera, interesdun guztiei irekiko da, eta antolatutako bi mahai-inguruetara joan ahalko da.


Hitzorduan sareko lanaren ikuspegi orokor bat lortuko da, eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren arteko hausnarketa eginen da, tokiko zein autonomietako politika publikoak hizpide, metodologia hau etorizunean egonkortze aldera.