
Hiriak Smart Iruña Lab-en hirugarren edizioa abiarazi du. Ekimen hori 2018an hasi zen eta ezagutzaren, berrikuntzaren eta teknologiaren erabilera adimenduna baliatuz bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Programa honek lankidetza publiko-pribatua bilatzen du hiri adimendunaren ereduari (Smart city) lotutako esparruetan proiektu pilotuak identifikatzeko, etorkizunerako diseinatzen ari den hiri motan lankidetzan ari daitezen.
2018ko eta 2020ko edizioetan 10 proiektu jarri ziren martxan (konponbideen saiakuntzak testuinguru errealean). Ideia horiek Udalaren laguntza izan zuten, prestakuntza, laguntza teknikoa, negozio-ereduak, komunikazioa eta networking-a eman baitzien haien ekimenak aurrera eramateko. Udalaren eta entitateen arteko lankidetza 2014an sinatu eta aurten berritu den esparru-hitzarmen baten bitartez egiten da. Hori da, hain zuzen ere, orain irekiko dena, enpresek eta ekintzaileek baliabide horiek eskuratzeko aukera berri bat.
Gaur goizean, 3. edizioko edukiak, epeak eta proposamenak aurkeztu dituzte Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako alorreko zinegotzi ordezkariak eta Carlos Andrés Uranga alor bereko zuzendariak. Smart Iruña Lab proiektuaren bidea Iruña 2030 Hiri Agendaren barruan kokatzen da, ekonomia zirkularra eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatuko dituen Iruñearen alde egitea baitu xede. Hiri irisgarria, energiaren ikuspuntutik efizientea, mugikortasun jasangarriaren eta ekitate sozialaren alde lan egiten duena, eta osasuna, hezkuntza eta ingurumenaren eremu erabakigarrien alde egiten duena.
Deialdi berriaren oinarriak Gaur argitaratu dira, irailaren 4arekin; hartara, irailaren 30era arte aurkezten ahalko dira proiektuak, eta horietatik 5 hautatuko dira Iruña eta haren hiri-espazioa laborategi bihurtzen dituen programa batean parte hartzeko. Helburua da aukeratutako ekimenak urte amaierarako martxan jartzea. Oraingo honetan, Smart Iruña Lab proiektuaren edizio hau Iruña 2023 Hiri Agendaren eta Arrotxapean ezartzen ari den OpenLab proiektuaren inguruko ekimenetan oinarrituko da batez ere.
Mugikortasuna, jasangarritasuna eta ingurumen-kalitatea teknologiaren bidez
Smart Iruña lab programak eragin berezia du enpresa edo ekintzaile gazteengan, baita balio erantsi handiko enplegu-sorgune diren teknologia berrien garapenean ere. Aurreko edizioetan mugikortasuna, airearen kalitatea hobetzea, hiri-izurriteak kontrolatzea eta baliabide naturalak, ura eta energia kasu, aurreztea izan dira landutako esparruak.
Lehen esparruan, zirkulazioa kudeatzeko proiektuak babestu dira (URAD), errepidean txertatutako zuntza baliatuz (MendiTech) zenbaketari, abiadurari, azelerazioari, noranzkoari, ardatz-kopuruari eta mugimenduan dauden ibilgailuen pisuari buruzko informazioa eskuratzeko; hiri-bideetako trafiko-istripuak murrizteko galtzadan seinaleztapen-ledak jartzekoak (Stopled) eta “i3i Ingeniería Avanzada, S.L. Cordovillak enpresaren sistema, haririk gabeko komunikazioa duten aparkaleku-sentsoreen bidez, gehien erabiltzen diren aparkatze-eremuak zein diren ezagutzeko, dela denbora errealean, dela geroko portaera aztertzeko.
Kunak Green Move eta InBiot enpresen eskutik heldu ziren airearen kalitatea neurtu eta hura hobetzeko neurketak, eta InBiot-en kasuan, eraikinen barruko airearen analisia egin zuten. Azkenik, baliabideen erabileraren eraginkortasunari dagokionez, SmartAqua enpresak ureztatze adimendunean lan egin zuen; ‘Defcon8 S.L.’-k gauzen Interneten oinarritutako energia-eraginkortasuneko irtenbide bat landu zuen erabiltzaileari denbora errealeko ur-kontsumoari buruzko feedbacka emateko; amaitzeko, Smarth-Prop proposamena termostato-sistema bat da, eta Wi-fi bidez konektatutako sentsoreen bidez berokuntza- edo hozte-sistema multizonalen urruneko kontrola ezar dezake. Bukatzeko, jasangarritasunaren arloan, Agropestalert-ek hiri-izurrite bihur daitezkeen intsektuak monitorizatzea eta tranpa elektronikoak garatzea proposatu zuen.
NOLA AURKEZTU PROIEKTUAK SMART IRUÑA LAB PROIEKTUAREN 3. EDIZIOAN
- Oinarriak: webgunean eskura daitezke 3. edizioko oinarriak eta aurreko biei buruzko informazioa.
- Nori zuzendua: ikertzaile, hezkuntza- eta teknologia-zentro, enpresa-haztegi eta abarri.
- Proiektuak aurkezteko epea: irailaren 4tik 30era
- Izena emateko sistema: fitxa bat bete behar da. Fitxa horretan, harremanetarako informazioaz gain, enpresa-proiektuaren deskribapen labur bat jaso behar da, eta azaldu behar da zer arazo konpondu nahi diren eta zergatik izan daitekeen interesgarria Udalarentzat.
- Hautatzeko irizpideak:
- 2030 Hiri Agendarekin eta Europako OpenLab proiektuaren lehentasunekin lerrokatua egotea;
- Proiektua enpresa arloan garatzeko aukera, eta batez ere Iruñean lan egiten duten enpresak baloratuko dira;
- Proposatutako konponbidearen garapen-egoera;
- Arazo erreal bat konpontzeko duten berritasun-maila
- Konponbide horren dimentsioa hiri osora hedatzeko aukera
- Iruñeko Udalak Inspiria Consulting SL aholkularitzaren laguntza teknikoa izanen du ebaluazio teknikoaren prozesurako
- Edukia:
- Udalak behar dituzten azpiegitura fisiko guztiak (hala nola eraikinak eta instalazioak, kaleak, espazioak, farolak, ihinztagailuak, semaforoak, aparkaleku-plazak…) jarriko ditu hautatutako proiektuen eskura, irtenbide berritzaileen probak ingurune erreal batean egin ahal izan ditzaten.
- 2024ko azken hiruhilekoan eta 2025eko lehen hiruhilekoan, hautatutako proiektuei prestakuntza, aholkularitza pertsonalizatua eta proiektuak komunikatzeko laguntza emanen zaie, eta, gainera, planteatutako lan guztiak behar bezala egiteko konpromisoa hartuko du Udalak.