Herritarrek ‘Itzaletik Argira’ proiektuaren aldeko apustua egin dute Erorien Monumentua eraldatzeko, ekainean egindako kontsultarekin bat

Herritarrek ‘Itzaletik Argira’ proiektuaren aldeko apustua egin dute Erorien Monumentua eraldatzeko, ekainean egindako kontsultarekin bat
Orain abiatuko da proiektu irabazlea hautatzeko lehiaketaren bigarren fasea eta herritarrek emandako puntuazioa eta proiektu-lehiaketan eskuratutakoa hartuko dira kontuan
Irudia
Irudia
Irudia

Erorien Monumentua memoria demokratikoa berreskuratu eta faxismoa salatzeko oroimenezko museo bihurtzeko nazioarteko arkitektura-lehiaketaren bigarren fasea abiatuko da, proiektu irabazlea hautatzeko prozedura negoziatuaren fasean, alegia. Ekainean egindako parte hartzeko prozesuaren ondorioak jaso dira dagoeneko, eta orain obra-proiektua idazteko proposamena hautatuko da; horretarako, kontuan hartuko dira herritarrek betetako galdetegien puntuazioak eta Nazioarteko Lehiaketako bi proiektu finalisten puntuazioak. Bi proposamenek hobekuntzak txertatzen ahalko dituzte epaimahaiaren txostenari eta herritarren partaidetzako inkestei jarraikiz.

Parte hartzeko prozesuak agerian utzi du herritarrek Erorien Monumentuak duen egiturarekin hausteko eraldaketa baten aldeko apustua egin dutela, eta hori Itzaletik Argira proiektu finalistan dago jasota: alboko arkuteria kenduko du, eta kriptaren parean beirazko bolumen berri bat eta kupularen oinarrian beirazko begiratoki bat sortuko ditu; azken horrek eraikinaren perspektiba aldatuko du. Esku-hartze horri dagokionez, egitura berrien bideragarritasun ekonomikoari buruzko kezka jaso da, bai eta zuhaitzetan izaten ahal duen eragin eta kalteei loturiko kezka ere, zuhaitz horiek edozein kasutan babestu behar baitira. Harriak Hitz proiektuaren bidez, kupulako tenpleteak eta linterna kendu eta kriptan zokalo handi bat sortuko da sarrera gisa; egitasmoak jarraipena ematen die eraikinaren osagaiei, jatorrizko arkuteria eta beste elementu batzuk kontserbatzen baititu, eta, horren ondorioz, herritarrek zalantzan jarri dute eraikinari eta inguruneari esanahi berria emateko duen gaitasuna.

Lehiaketaren bigarren fasearen proposamen irabazleak zerbitzu-kontratuari jarraikiz egin beharko ditu lanak: hiru hilabeteko epea izanen du oinarrizko proiektua idazteko, eta beste lau hilabete, berriz, lanak gauzatzeko proiektua idazteko. Ondoren, hala badagokio, lanak zuzendu beharko ditu. Aurreikuspenen arabera, 2027ko urtarrilean hasiko dira proiektua idazten eta 474.320 euroko aurrekontua izanen dute (BEZa barne). Kontratuak, halaber, irizpide tekniko eta ekonomikoen idazketa barne hartuko du, eta, gerora, agiriei eta eraikinak egun duen egoeraren diagnostikoari buruzko azterlana kontratatuko da. Hauxe da jarduketa-eremua: Erorien Monumentua, Bake plaza eta Serapio Esparza parkea.

Prozedura negoziatuaren barruan aintzat hartuko diren hautatzeko irizpideak kualitatiboak (80 puntura bitarte) eta kuantitatiboak (20 puntura bitarte) izanen dira. Irizpide kualitatiboei dagokienez, proiektu-lehiaketan finalistak izan diren egitasmoen puntuazioak hartuko dira oinarri, baita herritarren partaidetzako galdetegietan eskuratutakoak ere, eta hainbat atal berriro aztertuko dira, finalistek puntuazioa hobetzeko aukera izan dezaten. Finalistek aintzat izan beharko dituzte hala epaimahaiaren gomendioak eta ondorioak nola parte hartzeko prozesuan ateratako ondorioak. 

Hauxe da beste alderdi garrantzitsu bat: adituen batzordearen txostenarekin bat eginez oroimenezko museoa berariaz museo bihurtzeko programa kontuan hartzeko gaitasuna (20 puntura bitarte). Halaber, beste irizpide hauek baloratzen dira: eraikina faseen arabera gauzatzea eta hura eta ingurua mailaz maila eraldatzea (14 puntura bitarte) eta obra zuzentzeko prozesua eta metodologia (6 puntura bitarte). Irizpide kuantitatiboak, berriz, honako hauek dira: irizpide sozialak (10 puntura bitarte) eta eskaintza ekonomikoa (10 puntura bitarte).

Udal-langileek osatuko dute prozedura negoziatuaren kontratazio-mahaia, baina, aurreikuspenen arabera, prestigio handiko 14 adituk osatutako batzorde baten aholkularitza izanen du. Batzorde horrek monumentua eraldatzeari buruzko txostena egin zuen, eta horren arabera, eraikina oroimenezko museo bihurtuko da, betiere aintzat hartuta oroimenezko guneen azterketa historikoei eta kudeaketari dagokienez estatuan eta nazioartean izandako esperientziak.

Parte hartzeko prozesuaren ondorioak
Ekainaren 10etik 24ra, herritarrei irekitako parte hartzeko prozesua egin zen, eta, haren bidez, bi proiektu finalistak, Harriak Hitz eta Itzaletik Argira, baloratu ziren. 247 herritarrek hartu zuten parte kontsultan, batez ere herritarren karpetaren bidez (% 57,5); gizonezkoek parte hartu zuten gehien (% 53,4). Parte-hartzaileen batez besteko adina 51,6 urtekoa izan zen, eta 40tik 49ra bitarteko helduek parte hartu zuten gehien; parte-hartzaileen % 1,2, berriz, 20 urtetik beherakoak izan ziren. Hiriko auzo guztietako herritarrek erantzun zuten kontsultan, eta, auzo hauetan parte hartu zen gehien: Zabalguneak (% 23,1), Iturrama (% 12,1) eta Lezkairu (% 9,7)

Herritarren ekarpenei jarraikiz, monumentuaren inguruko eztabaida soziala lau jarrera nagusik egituratzen dute. Babes gehien duen aukera eraikina eraldatzearekin lotutakoa da: Itzaletik Argira proiektuak proposatutakoa da, eta esku-hartze arkitektoniko sakonaren alde egiten du monumentuari beste esanahi bat emateko eta eraikina oroimenezko museo bihurtzeko. Jarrera kontserbadorea ere badago: aldaketak neurriz egiteko aukera defendatzen du, lehentasuna ematen dio ondare- eta arkitektura-balioari eta ez hainbeste esanahi berria emateari, eta kostuen eta mantentze-lanen gaineko kezkak barne hartzen ditu. Esku ez hartzeko jarrera oso jende gutxik babesten du. Jarrera abolizionistak, berriz, eraikina eraistea exijitzen du, iritzi hori dutenen aburuz ezinezkoa baita ikur frankista horri esanahi berria ematea.

Kontsultan aztertutako jarrera guztien artean, Itzaletik Argira proiektuak du babes handiena, Harriak Hitz proiektuak baino nabarmen handiagoa: lehenengoak 6,1ko puntuazioa eskuratu zuen batez beste, baita 7,7ko mediana ere, eta, beraz, oso nota ona lortu zuen; bigarrenak, berriz, 4,2ko puntuazioa eskuratu zuen batez beste, baita 4,6ko mediana ere, eta, beraz, nota eskasa lortu zuen. Itzaletik Argira, oro har, esku-hartze eraldatzaile positibotzat hartzen da, eta soilik gutxi batzuek egiten dute haren kontra; Harriak Hitz proiektuak, berriz, kontrako iritziak ditu oro har.

Itzaletik Argira proiektuaren alde egiten dute batez ere alderdi hauei esker: hiria hobeki lotzea, oztopo fisikoak kentzea eta eraikinari esanahi sinboliko berria emateko gaitasuna izatea. Azken alderdi horri dagokionez, Itzaletik Argira dagoenarekin hausten duen proposamen gisa baloratzen da, arkuteria eta tenpleteak kentzeari esker erabat aldatzen baitu jatorrizko erakinaren morfologia; aldiz, Harriak Hitz proiektua “jarraipenerako” eta “makillajerako” aukera dela deritzote kritikoek; izan ere, jatorrizko arkuteria eta beste osagai batzuk kontserbatzearen ondorioz, ez du indargabetzen monumentuaren mezu ideologikoa.

Kontsultan Itzaletik Argira proiektu memorialistaren zehaztasuna azpimarratu dute herritarrek, eta bereziki aintzat hartu dute egitasmoak barne hartzen duen eskailera kiribila eta zura eta landarez betetako estalkiak erabiltzea. Aldiz, kezkagarriak diren alderdien artean tamaina handiko beirateen mantentze-lanak eta sortzen ahal den berotegi-efektua daude. Harriak hitz proiektuari dagokionez, bereziki kritikatu da sakontasun pedagogikoa falta zaiola: oroimenezko gunea soilik sotoan ezartzeko asmoa du, eta ez du aintzat hartzen estatu-kolpearen konplexutasun historikoa.

Itzaletik Argira proiektuaren indargune nagusia espazio publikoa lotzeko gaitasuna da, Lezkairurantz joateko zirkulazioa abian jartzea eta plaza ireki bat sortzea barne hartzen baitu; aldiz, kritika aipagarri bat egin zaio: berdegune batzuk eta urmaela ez dira mantentzen. Harriak Hitz proiektuari, berriz, kritikak egin zaizkio hirigintzaren genero-ikuspegiari eta azpiko pasabideen segurtasunari dagokienez.

Herritarren kontsultaren emaitzen arabera, generoari, auzoari eta erabilitako bideari dagokienez emaitza berdintsuak jaso dira, ez, aldiz, adinari dagokionez: 40tik 49ra bitarteko adin-tarteko helduek (% 25,9) Itzaletik Argira proiektuari gehienezko puntuazioa eman diote eraldaketari eta konektagarritasunari dagokienez; 29 urtetik beherakoek baino ez dute positiboki baloratzen Harriak Hitz proiektua (6,5 eta 7,1 bitarteko notak), eta adin horretakoek gehiago kritikatu dute Itzaletik Argira proiektuko Bake plazako esku-hartzea. 60 eta 69 urte bitartekoek kritikatu dituzte gehien bi proiektuak: ez gainditutzat jo dituzte bi proposamenak, koherentzia orokorrarekin eta egokitzapen funtzionalarekin lotutako arrazoiengatik.

¿Te ha sido útil esta página?